“Itsasoa oso ederra da, baina errespetua eduki behar zaio”

“Itsasoa oso ederra da, baina errespetua eduki behar zaio”

Amaia Igartua Aristondo

Itsasoaren iruditeria ardatz, askotariko kontuez mintzo da Imanol Agirre Sarabia (Durango, 1994) bere lehen liburuan: Akresale (Postdata Ediciones, 2022). Mikroipuinetan eta olerkietan mamitu ditu hala nola maitasuna, sexua, heriotza eta, are, sukaldaritza ere bai. Piezetako askok autorearen bizipenak izan dituzte oinarri. Gaztelaniaz ondu ditu gehienak, baina euskaraz sortu ditu mikroipuinetako batzuk.

Noiztik idazten duzu?

Txikitan hasi nintzen, batez ere amagatik, hark sustatu zidalako irakurzaletasuna. Prosaren bat idazten nuen noizean behin, baina 2019an hasi nintzen jarraitutasunez idazten. Ezizen bat sortu nuen, Fastink, testu txikiak eta ez oso landuak egiten nituelako hasieran [ingelesez, fast azkarra da, eta ink, tinta], eta idazten hasi nintzen terapia moduan. Testuak Instagramera igotzen nituen.

Ildo zehatzen bat al du?

Testu bakoitza independentea da. Ez dauka gai zehatz bat. Zerikusi handia du itsasoarekin, arrantzalea, itsas biologoa eta urpekaria naizelako, eta itsasoarekin sekulako lotura dudalako. Baina denetariko gaiak daude, niri interesatzen zaizkidan gauzak: maitasuna, heriotza, sukaldaritza, natura, sexua…

Itsasoari dagokionez, nola islatu duzu? Zer alde landu duzu?

Itsasoak eman dizkit sekulako poztasunak, baina baita disgustuak ere, joan den urtean lagun bat galdu bainuen: arrantza egiten zebilen, eta ito egin zen. Hori nahi nuen adierazi: itsasoa oso ederra da, eta liburuan badaude eduki batzuk oso ondo islatzen dutenak itsasoaren baretasuna, eta nola askotan jotzen dudan itsasora aterpe bila, baina, aldi berean, itsasoari errespetua eduki behar zaio, eta ezbeharrak ere gertatzen dira. Noski, beste alde horrek ere eragiten dit.

Liburuan olerkiak eta mikroipuinak daude. Zelan erabaki duzu bata edo bestea lantzea?

Nahastuta daude errealitatea eta fikzioa. Pasarte asko niri gertatutakoak dira; gogoratutakoa sakelakoan apuntatu, eta gero etxean garatzen dut. Euskarazkoak mikroipuinak dira, erosoago sentitzen naizelako. Asko badaukat esateko edo gai sakona bada, agian ez dut gura detaile asko eman, baizik eta irakurlea induzitzea pentsatzera edo askatasun osoz interpretatzera. Eta gai batzuez ere euskaraz idaztea gustatzen zait; suari buruz, adibidez.

Sortze prozesua nolakoa da?

Abiapuntu asko daude. Batzuetan bizipen bat da; adibidez, arrantza egiten ari naiz, eta etortzen zait ziztada bat, lagunari gertatutakoa, esaterako; edo itsaso zakarrari buruz idazteko gogoa dut. Momentuan, askoz estimulu gehiago ditudanez, zerrendatzen hasten naiz: aparra, olatuak, kresala… Hitz gako batzuk apuntatzen ditut. 2019an, hasieran, burura etortzen zitzaidan lehenengo gauza idazten nuen, eta, urteekin, mimo handiagoz lantzen ditut. Baina ez dut metrika zehatzik erabiltzen, nahiz eta egitura konpentsatuta dagoen.

Orduan, zer irizpiderekin neurtzen dituzu ahapaldiak?

Orekatzen saiatzen naiz. Ez ditut silabak neurtzen, baina irakurtzean badakit zenbat dituzten, gutxi gorabehera.

Zein dira zure erreferenteak?

Nire erreferentziak bizi esperientziak dira, gehienbat. Lehen gehiago irakurtzen nuen: denetarik, polizia eleberria, zinemazalea ere banaiz… Ez daukat autore jakin bat, baina irakurriz ikasitako hiztegiarekin, eta itsasoaz, suaz eta abarrez ikasiz joan naizenarekin eraiki ditut testuak. Ez dute sekulako konplexutasuna, nahiz eta elaboratuagoak ere badauden, baina sinpletasun horrekin edertasuna bilatzen saiatu naiz.

Helburu nagusia testuen edertasuna da, hortaz?

Testu asko tristeak dira. Baina egon daiteke edertasuna tristuran. Azken batean, helburua da zeozer fina eta txukuna egitea; koherentziaduna, behintzat.

Zeren arabera lantzen dituzu gehiago ala gutxiago?

Hasi nintzenean, bururatzen zitzaidan ideia bat eta hala joaten zen, esaldiak zuzenean osatzen saiatzen nintzen; orain, hitz gakoak erabiltzen ditut, eta elementuak ordenaz aldatzen ditut. Gaiaren edota esperientziaren araberakoa ere bada. Adibidez, liburuan askotan agertzen da basatxerria, esanahi askorekin: mendian egotea gustatzen zaidalako, baina baita gaueko lokatzetan sartzea ere. Azaleko gaiak ez ditut hainbeste elaboratzen.

Bitasun bat antzematen da; adibidez, itsasoa bada zoriontasun zein tristura iturri. Eskema horrek sortzen laguntzen dizu?

Ez da eskema bat; ni horrelakoa naiz. Sekulako kontrasteak ditut: egoera batean izan naiteke lotsabakoa, eta hurrengo egunean, oso lotsatia.

Zergatik akresale?

Izenburuak lotuta egon behar zuen itsasoarekin, eta, aldi berean, liburua deskribatu behar zuen. Azkenean, bi hitz fusionatu nituen: akelarre eta kresala. Berba ederra da, eta, gainera, esanahia ere gustatu zitzaidan: nahasmen bat iradokitzen du. Hainbatetan agertzen da. Adibidez, akresale-ren esanahi bat izan daiteke parrandetan, jende gutxi geratzen denean, egoten den elkarrizketen potpourria, gaien katapulta: edozer izan daiteke, gauza positiboak eta negatiboak, baina berba egin behar direnak. Askotan ez dugu haiez berba egiten kulturalki hala hezi gaituztelako, batez ere, gizonak, txikitatik.