Esteban Rubio: “Gure ugazabek erretiroa hartzea nahi izaten genuen guk”

Esteban Rubio: “Gure ugazabek erretiroa hartzea nahi izaten genuen guk”

N. S. O.

Joan den urtarrilaren 2an itxi zituen ateak Esteban Rubiok (Getxo, 1957) eta Yolanda Cuestak Getxoko Itzubaltzeta auzoan 43 urtez izan duten Esteban harategi eta urdaitegiak. Rubiok aurretik ere urte asko eginak zituen harakintzan. “1970az geroztik izan naiz harakin Getxon”. Harakin laguntzaile moduan hasi zen. “Pentsatu zer-nola aldatu diren gauzak. Gure garaian, ugazabek erretiroa hartzea nahi izaten genuen guk, harategia utz ziezaguten”. Hala ireki zuten eurek eurena. Orain, ez dute lekukoa hartuko dien inor.

Rubiok uste du arrazoi asko dagoela belaunaldi berriek euren lekua ez hartzeko. “Seme-alabak ikastera eta trebatzera bideratu ditugu”, esan du. “Eta diru errazagoa ere nahi dute gazteek”, gehitu du. “Langileek esaten ziguten harategian horrenbeste ordu egotea baboen kontua zela”. Bestalde, uste du okelaren osasungarritasuna zalantzan jartzen duten kanpainek ere zaildu egiten dutela jarraipena. “Badirudi gaur egun haragiarekin lotutako guztia txarra dela”.

Aitortu du beti egin behar izan dietela aurre arazoei eta aldaketei. “Oso urte zailak izan ditugu. Leioan, Bi-637ko Eroski supermerkatua ireki zutenean, bi hilabetez egon ginen haragirik saldu gabe, han oparitu egiten zutelako. Behi eroen gaitzarekin ere zailtasunak izan genituen. Beti izan ditugu arazoak, baina egokituz joan gara”. Teknologia berrietara ere egokitu beharra izan dute: “Whatsapp bidez jasotzen genituen eskariak”. Eta pandemian eskariak bezeroen etxera eraman dituzte.

Bezeroen esker ona

Zailtasunak zailtasun, lan horrek eman dizkion poz guztiak gordeko ditu gogoan Rubiok. “Munduko pertsonarik zoriontsuena naiz. Poz handia eman dit erretiroa hartu ahal izateak irabaziak ematen zituen negozio batekin”. Bezeroen esker ona ere ez du ahaztu: “Gure harategian bezala beste non artatuko dituzten galdetzen digute oraindik kalean”.

Agintariei, zailtasunen ordez, erraztasun gehiago eskatu dizkie. “Zerga gehiago direla; higiezinen zerga gero eta handiagoa dela; beti ari gara ordaindu eta ordaindu”. Lokalak ordaintzeko laguntza gehiago ere eskatu ditu, ez soilik Getxoko kale jakin batzuetarako. Rubiok merkataritza hiltzen ez uztearen garrantzia azpimarratu du: “Merkataritza bizitza da”, ondorioztatu du.