Alberto Lizeranzu: “Egunkariak saltzeak bokazio izan behar du”

Alberto Lizeranzu: “Egunkariak saltzeak bokazio izan behar du”

N. S. O.

Datorren abenduan hartuko du erretiroa Alberto Lizeranzuk (Bilbo, 1959). Egunkariak eta aldizkariak saltzen zituen dendarekin hasi zuen ibilbidea Arrigorriagan, baina, sektorearen zailtasunak bultzatuta, gozoki eta izozki denda ere bihurtu du bere saltokia. Lizeranzuk ez daki oraindik Albertoren dendak —izen horrekin ezagutzen dute Arrigorriagako herrian— zabalik jarraituko duen: “Dendarekin jarraitzeko proposamena egin diet ditudan bi langileei. Aztertzen ari dira”, esan du.

Egunkari eta aldizkarien saltzaileen familia batekoa da Lizeranzu. “Gurasoek duela 50 urte inguru hartu zuten negozioa. Hogei urtez aritu ziren, eta gero erretiroa hartu zuten; lehenengo aitak, eta gero amak”. Amarekin aritu zen bera hiru urte eta erdiz, eta gero berak hartu zuen negozioaren ardura. 32 urte daramatza lan horretan, eta urte bukaeran utziko dio.

Lizeranzuren ustez, lanaren ezaugarrien ondorioz ez dute nahi belaunaldi berriek negozio horretan sartu. “Egunkariak saltzearena beti izan da oso esklaboa. Diru asko irabazten zenean esklaboa zen, baina orain, hasieran irabazten genuenaren erdiaren erdia ere ez dugu irabazten, eta oso esklaboa da oraindik ere”.

Domeketan ere lanean

Gero eta egunkari gutxiago saltzen direnez, gozokiak saltzeari ere ekin zion bere saltokian, eta horrek domeka arratsaldean zabaltzera ere behartzen du. Goizez lehenago ere irekitzen zuen Lizeranzuk. “Domekan saltzen dugu egunkari gehien. Egunkariak saltzearenak bokaziozkoa izan behar du. Ez da erraza asteko zazpi egunetan lan egin behar izatea”. Garaiak aldatu egin direla uste du: “Orain denek nahi dute lanbide politagoa izan, ez horren esklaboa. Bi alaba ditut, eta ez dute hartuko lan hau, noski, aita ikusi dutelako. Bizitzeko beste ematen du, baina egunero-egunero altxatu behar duzu goizeko bostetan”.

Herrietako saltokiak bizirik mantentzea ezinbestekotzat jo du. “Denda ez da produktuak saltzen dituen lokal hutsa. Gurasoak etortzen zaizkigu esatera berandu iritsiko direla umeak jasotzera, eta iritsi arte ea gurean gera daitezkeen. Eta umea hemen geratzen da, konfiantza osoa dutelako. Edo postariak paketeak uzten ditu. Hori ezin duzu egin supermerkatuetan”.