Trena galduko duten beldur dira

Trena galduko duten beldur dira

I. Maruri Bilbao

Kantabriako (Espainia) eta Enkarterriko jendea biltzen duen Santander-Bilbo Trenaren Aldeko Plataforma ez dago Santander (Kantabria) eta Bilbo lotuko dituen tren lasterraren aurka, baina ezta alde ere: erabaki dute ez dutela iritzirik agertuko, haien eskaerak babesten dituztenen artean azpiegitura berri hori nahi dutenak ere badaudelako, “batez ere, Bilbo inguruan”. Zatiketa saihestu gura dute. Dena den, ez dute gura proiektu horren ondorioz Espainiako Gobernuak Feveren trenbidea ahazterik.

Martxo bukaeran, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak tren lasterrarentzat izan dituen zazpi aukeretatik bi hautatu ditu. 2.500 milioi euroko inbertsioa egin beharko luke bietan, ibilbidea antzerakoa da eta. Gaur egun, Enkarterritik igarotzen den Feveren trenbidetik hiru ordutik gora behar dira hiri bien arteko tartea osatzeko; trenbide berriak, ostera, herenera murriztuko luke denbora hori. Ministerioak kalkulatu du urtean 2,5 milioi bidaiari eta hogei milioi tona salgai garraiatuko lituzkeela.

Trenbide berria kostaldetik etorriko litzateke Bizkaira, eta Meatzaldean oraindik eraiki gabe dagoen Bilbo hegoaldeko saihesbidearekin egingo luke bat. Bi alternatiben arteko alderik adierazgarriena hau da: Kantabrian, batak Laredon eta Castron izango lituzke geltokiak, eta, besteak, Castron bakarrik. Nahiz eta lehen aukerak bidaia zortzi minutu luzatzea ekarri, Kantabriako Gobernuak hura lehenesteko eskatu du, herri biotan milaka bizkaitarrek igarotzen dutelako udaldia, eta haiek A-8 autobidetik egiten dituzten joan-etorriak gutxitzen lagunduko lukeelako.

Plataformako Alvaro Santamariak aitortu du kezka handia dutela, eta ez bakarrik trenbide berriaren “konpetentziagatik”. Ministerioak 2030erako Mugikortasun Estrategia onartu berri du, eta, planaren arabera, ibilbide labur edo ertaineko trenbideen artean “ekonomikoki defizitarioenak direnak” kendu egingo dira. Espainiako Diputatuen Kongresuan ere Mugikortasun Jasangarrirako Legea tramitatzen ari dira, helburu berarekin. “Jasangarria, baina ez mugikortasun aldetik, ekonomikoki baizik”, dio Santamariak. “Argi dago gurea kenduko dutela, eta autobusa baino ez dugula izango Karrantzatik Bilbora. Baina hori, ingurumenari dagokionean, ez da hain jasangarria”.

Kongresuko hainbat diputaturekin bildu dira, Espainiako aurtengo aurrekontuak negoziatzen ibili ziren garaietan. “Esaten digute inbertsioa lortu dutela, handitu dela. Bai, baina zertarako? Zorrotzan [Bilbo] trenbidea lurperatzeko. Gu ez gaude horren kontra, baina hori hirigintza lan bat da, eta ez trenbidea eta zerbitzua hobetzea”. 2011n egin zituzten ibilbidea elektrifikatzeko obra handi batzuk. Hala ere, trenbidea ez da erabat elektrikoa oraindik; gasolioz dabil. “Guk garraio plan estrategiko bat eskatzen dugu Enkarterrirako, eta tren hau, kalitatezko zerbitzu batekin, ardatza izatea nahi dugu”.

Pandemia hasi zenean, Renfek are gehiago murriztu zien eskaintza: egunean tren bat igarotzen zitzaien Bilborantz eta beste bat Santanderrerantz. Hori salatzeko sortu zuten plataforma. Baina, oro har, zerbitzu duina aldarrikatzen dute. Hori gertatu ordez, okerrera egin du. Santamariak eman du adibidea: duela hogei urte, bi ordu eta hemeretzi minutu behar ziren Santandertik Bilbora joateko; gaur egun, geltoki kopuru berarekin, hiru ordu. Horren ondorioz, bidaiariak galdu ditu: %80 bi hamarkadatan.

“Oinarrizko zerbitzua”

Plataformak erabiltzaileei egin dien inkestaren arabera, %38k erantzun dute noiz edo noiz matxuratu egin zaiela trena. Zerbitzuen %40k intzidentziaren bat izaten dute; besteak beste, tren geltokian zain egon eta trenik agertu ez. “Trenik ez dagoenean, autobus bat jartzen dute, eta mendateetatik joaten da. Nork hartuko du trena baldintza horietan?”. Salatu du geltokietan ez dagoela langilerik, eta “trenetan ia ere ez”.

Hala ere, baditu erabiltzaileak, eta, Santamiaren esanetan, horrek erakusten du beharra egon badagoela. Inkestan, %98k erantzun dute trena “oinarrizko zerbitzua” dela, eta %91k eskatu dute maiztasuna handitzeko. Plataformakoek uste dute salgaien garraioa ere lagungarri izan daitekeela trenbidearen biziberritzean. “2008ko krisialdi ekonomikoa baino lehen markak hausten zituen. Gero, beheraka hasi zen, kudeaketa txarra egin zen, eta hara orain nola gauden”.