Nola batu askoren mintzoak

Nola batu askoren mintzoak

Amaia Igartua Aristondo

Badira hizkuntza propioak eta halabeharrez jakin beharrekoak; badaude hizkuntza hegemonikoek zapaldutakoak ere, eta, sarritan, sortzen dira loturak itzalpeko molde horien artean. Euskara du hizkuntza propio Zaloa Ipiña artistak (Bilbo, 1986), eta bada, orobat, bere jarduneko hausnarketa gaia ere. “Euskara beti da nire lanen ardatza, beti dago hor erdian, ezin garelako normaltasunez bizi oraindik, askotan arrotz sentitzen garelako”. Oraingo honetan, euskararen egoeratik harago begiratu du, eta hizkuntza gutxituak lotzen saiatu da: Mingainatu erakusketa da ahalegin horren emaitza. Bilboko Marzana espazioko arte galerian ikusi ahal izango da, apirilaren 22ra bitartean.

Albert Bastardas Boada soziolinguista katalanaren lenguar kontzeptutik abiatuta ondu du Ipiñak proiektua, eta hitza euskaratu du: mingainatu. “Mingainatzeak sortzen du munduko hizkuntzen aniztasuna. Erreferentzia egiten dio hizkuntzak sortzearen ekintzari, mugimenduaren eta akzioaren perspektibatik”, azaldu du artistak.

Hain zuzen, aniztasun horren alde egin du Ipiñak. Hori horrela, mingainatu kontzeptua ez ezik, teoria ekolinguistikoa ere badu oinarri erakusketak, pentsamolde horrek “aniztasunak bizirik irautea” bilatzen baitu, hala naturari nola hizkuntzei dagokienez. Hegemoniak haustea du jomuga, azken batean. “Teoriak helburu du hizkuntza guztien onura, eta duintasun soziala lortzea nagusitasun eta gutxiagotasun kategoriak baztertuz, eta ideologia hedatzaileak eta dominatzaileak alde batera utzita”.

Azaldu duenez, gizarte “interkomunikatu batean”, hizkuntza bat ezin da bakartu bizirik iraun dezan bermatzeko, eta, horrenbestez, besteekiko harremanak sortu eta kudeatu behar ditu. Hain justu, teoria ekolinguistikoaren erronka da hartu-emanok garatzea beste hizkuntzak zapaldu gabe, eta ez daitezen desagertu lotura horiek gauzatzeko beharrezko baliabideak —alegia, hizkuntzak—. “Nahiz eta hizkuntzen arteko loturak sortzeko hizkuntza hegemonikoak erabili behar diren, lortu behar dugu bizitzako beste momentu guztietan gurea erabiltzea”.

Oinarri teoriko hori mamitzeko, aniztasuna hitza erabili du, eta horren sinonimoak edo hori bera azaltzeko kontzeptuak bildu ditu, 90 bat mintzo gutxituetakoak. Hiztun ezezagunengana jo du Interneten bidez, hala nola aktibistak, linguistak, idazleak eta gobernu erakundeak, eta proiektuaren xehetasunak azaldu dizkie. “Lotura horiek sortu nahi nituen gizarteak ikusteko normala ez dela elebakarra izatea, toki gehienetan hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten baitira”.

Mingainatu 2

Abstrakzioa gorpuztea

Berba horiek guztiak kontinenteen siluetadun ontzi batzuetan batu ditu Ipiñak, eta kanpoan utzi du euskarazkoa, nabarmentzeko. Lurrez bete, eta kolorezko pigmentuekin idatzi ditu hitzok gainean. Formalki nola islatu erabakitzen ari zela, mundua eta ekologia etorri zitzaizkion burura, “hizkuntza bera lurrari dagoelako lotuta”, dioenez. Norberak inguruan duena identifikatzen eta izendatzen duela dio, eta horrek baldintza dezakeela horien jarraitutasuna, izenik eduki gabe ez baitira existitzen. “Gainera, ikerketa batzuetan ondorioztatu dute bioaniztasun handiagoa dagoen tokietan hizkuntza aniztasun handiagoa ere badagoela”.

Piezen siluetak ezagunak egiten dira, baina baita arraroak ere, deformatuak baitirudite. “Munduaren irudi bat sortu nahi nuen, baina ez nuen ikuspegi eurozentrista batetik egin nahi. Hizkuntzetatik ez ezik, irudietatik ere ezabatu nahi nuen ikuspuntu bakarra”. Zoruan apailaturiko ontziez gain, munduaren silueta erabili du, baita hormetan kokatutako pieza txikiago batzuetan ere: aldez aurretik erabilitako larru txatalak batu, eta kontinente zatiak josi dizkie gainean, tolestuak, elkarri gainjarriak…

Irizpide berari jarraitu dio elementu horiek taxutzerakoan. “Kontinenteekin jolastu naiz. Batek bestearen forma hartzen du bat-batean, adibidez. Ez dago mundu bakar bat, baizik eta asko, eta guztiei egin behar zaie tokia”. Larru zatien heterogeneotasunak ideia bera iradokitzen du. “Beste forma batzuk sortzen dira. Ezagutzen ditugun muga politikoak haustea da nire asmoa”.

Galeriaren hondoan, palet zahar bat kokatu du, eta Nongoak gara? idatzi du egituraren alde batean. Gainean, larruzko hiru maleta ipini ditu, irekita eta hutsik. Eta hitz gehiago txertatu ditu forruetan: hizkuntza gutxitu mordo baten autoglotonimoak zerrendatu ditu —alegia, hizkuntza izendatzeko modua mintzo horretan bertan—.

Mingainatu 3

Ekolinguistikako liburu batean irakurritako ariketa batetik otu zitzaion ideia: hiztun gehien dituzten berrehun hizkuntzak zerrendatzen ziren, eta autoreak erregu bat egiten zion irakurleari, hartu zitzala behintzat bizpahiru segundo bakoitza irakurri eta hura nongoa izan zitekeen hausnartzeko. “Eta egia da batzuek hiztun asko dituztela, baina ez dakigula non dauden”, onartu du artistak.

Turismoarekin lotzen du ideia hori, batez ere. “Ingelesa ikasten da bidaiatzeko, eta bidaiatzen da beste kultura batzuk ezagutzeko”. Baina Ipiñari zalantzak eragiten dizkio azalpen horrek. “Etorriko da ingelesez dakien bat hona, bisitatuko ditu Euskal Herriko hiruzpalau herri, baina ez du jakingo hemen euskaraz egiten denik. Ezagutuko du kultura? Pintzelkada txiki bat baino ez”.

Ildo beretik doa paleteko itauna. “Azkenean, Euskal Herria euskarak berak egiten du, gure lurraldea euskarak mugatzen duelako”. Eta, artistaren irudiko, beste horrenbeste gertatzen da beste lurralde batzuetan. “Hizkuntzak mugak eta komunitateak sortzen ditu”.

Bitartekariak ezbaian

Hizkuntza gutxituen arteko loturak eratzeko baino ez litzateke hizkuntza hegemonikoa erabili behar, Ipiñak azaldu duenez. Mingainatu ontzeko, ingelesera eta gaztelaniara jo behar izan du artistak. Baina proiektuko piezetan, desagertu egin da molde hegemonikoa: ez dago ingelesaren arrastorik, eta gaztelania galeriaren azalpenean baino ez da erabili, jatorrian euskaraz idatzitako testu baten itzulpenean. Hori horrela, artea izan daiteke hizkuntza gutxituak batzeko bitartekari baleko bat? Areago, bere gain har lezake hizkuntza hegemonikoen zubi lan hori?

Ezin daitezke saihestu, Ipiñaren ustez. “Arte plastikoetan edo ikusizkoetan, hizkuntza nagusia ingelesa da, oso errotuta dago”. Eta hala gertatzen da baita hizkuntza erabiltzen edo ikusten ez den kasuetan ere, azaleratu egiten baita azalpenetan edota izenburuetan, besteak beste. Are, “neutraltasunaren” izenean ere jo izaten da ingelesera, “hizkuntzarik inperialistena”, Ipiñaren ustez. “Adibidez, euskara edo gaztelania dikotomian, bata edo bestea ez aukeratzeko, ingelesa aukeratzen da batzuetan”.

Mingainatu 4

Estandartzat ere hartu izan da, era berean. “Nire kasuan, euskara erabiltzen dudanez edo euskararen egoerari buruz hitz egiten dudanez, ematen du arte lokala egiten dudala”. Aldiz, unibertsala eta uniformea kontzeptuak kontrajarri ditu Ipiñak, batak eta besteak zer esan nahi duten argi utzita, uste baitu gaur-gaurkoz ez direla ondo bereizten. “Ez dira gauza bera. Unibertsala denaren barruan aniztasuna sartzen da. Aniztasunik ez badago, uniformea da. Miguel Torga idazle portugaldarrak esan zuenez: ‘Tokian tokikoa, hormarik gabe: hori da unibertsala'”.

Mingainatu 5