“Kontu askorengatik naiz egun naizena, eta Korrika da horietako bat”

“Kontu askorengatik naiz egun naizena, eta Korrika da horietako bat”

Olatz Enzunza Mallona

Duela bederatzi urte utzi zion Edurne Brouardek (Bilbo, 1959) Korrikaren arduradun izateari. Ordutik, irakaslea da Lekeitioko AEKn, eta Korrika “desberdin” bizi badu ere, emozio handiz hartzen du aldiz aldi euskararen aldeko egitasmoa. Haren aita izan zen Santi Brouard GALek 1984an Bilbon tiroz hildako politikaria. Ordutik, “markatuta” dagoela aitortu du politikari horren alaba zaharrenak, baina, urteek aurrera egin ahala, horrekin bizitzen ikasi duela dio.

Urtebeteko atzerapenarekin, baina egin da Korrika. Nola bizi duzu egun egitasmo hori?

Desberdin. Egoera guztiz desberdina da euskaltegi batean egonda edo ardura nazionala izanda. Euskaltegietan egiten dugun lanari esker da posible nazio mailan ikusten duguna. Hortaz, bestelako sentipen batzuk izaten ditut, baina horiek ere oso onak izaten dira. Nik beti esan izan dut Korrikarena oso lan atsegina dela, eta jendeak parte hartzeko erakusten duen grina zoragarria da. Akaso, euskaltegietako lana diruarekin lotuago dago, baina lan ederra da, hala ere. Jende asko biltzen du, eta guretzat hori da esanguratsuena eta pozgarriena.

Ia hasieratik ibili izan zara antolaketa lanetan. Zer eman dizu Korrikak?

Ia dena. Ni kontu askorengatik naiz egun naizena, eta Korrika da arrazoi horietako bat, zalantzarik gabe. Korrikan ikasi eta barneratu dudan guztia, hori ere bada Edurne Brouard. Euskal Herriaren ezagutza ikaragarria eman dit, jende ugari eta askotarikoa ezagutzeko aukera izan dut, eta, batez ere, ikasteko aukera paregabea izan da. Korrikan sartu aurretik nintzena baino askoz aberatsagoa naiz orain, zalantzarik gabe.

Nolatan utzi zenuen arduradun postua?

Noizean behin aldaketak onerako izaten dira, aberastu egiten dute. Aurpegi berriak ikusi behar dira, jende berria formatu eta hazi behar da, eta, nola ez, arduradun izateko aukera beste batzuei ere eman behar zaie. AEKrentzat ere onerako da aldaketa, ohitura eta lan egiteko modu berriak ezagutzeko aukera dutelako. Hala ere, betidanik egon izan naiz Korrikaren inguruan, eta oraindik ere horretan nabil.

Urte hauetan guztietan zerbaitetan egin da atzera euskarari dagokionez?

Egia esan, ez naiz horren ezkorra. Lan handia egin dugu, eta ez nuke esango gure hizkuntza lehen baino egoera arriskutsuagoan dagoenik. Euskarak aurrera egin du, eta nabarmen, gainera. Baina horrek ez du esan nahi ez dugunik adi egon behar eta lanean jarraitu behar. Lan handia dago egiteko, eta botere batzuen aldetik euskarari oztopoak jartzeko nahi bat ere badago; borrokan jarraitu behar dugu. Gaur egun edonon entzun daiteke euskara, eta hori guri esker izan da, herri modura euskarari bultzada emateko hautua egin dugulako. Denon ahaleginari esker ari gara lorpenak eskuratzen, eta Korrika bezalako egitasmoen bitartez argi geratzen da oraindik ere badagoela horretan jarraitzeko indarra eta kemena.

22. Korrika izan da aurtengoa. Pozgarria ala zoritxarrekoa da oraindik halako egitasmoen beharra izatea?

Pozgarria da egin ahal izatea, eta zer esanik ez arrakasta honekin. Beti esan izan dugu Korrika behar ez denean ere egingo dugula, baina gozatzeko asmoarekin. Lan nekeza eta handia da, baina oso atsegingarria. Joan den igandean Korrikaren amaieran nabaritzen zen espiritu hori egunero mantendu ahalko balitz, zoriontsuak izango ginateke. Baina, zoritxarrez, ez da hala suertatzen. Tamalgarriena da halako egitasmoen beharra izatea; berez, zerga bidez dena konpondu daitekeenean.

Egun, AEK-ko irakasle zara. Nolatan sartu zinen euskararen irakaskuntzan?

Kasualitatez. Etxean euskara jaso arren, ikasketak gazteleraz egin behar izan nituen, ez zegoelako euskaraz ikasteko aukerarik. Unibertsitatera joaterakoan, baina, nire hizkuntza hobetzeko erabakia hartu nuen, eta Bilboko Errekalde auzoko AEKn hasi nintzen D titulua ateratzeko lanetan. 1980ko hamarkada zen, eta, garai hartan, euskararen boom-a eman zen. Pentsa, Errekalden, gaur egun Bilbo osoan dagoena baino jende gehiago zegoen ikasten. Horrek irakasleen behar handi bat ekarri zuen, eta Iñaki Gaminde irakasle izandakoak B mailan eskolak ematea proposatu zigun. Poztasun handiz onartu nuen, eta, hasieran bi orduko lana bazen ere, harrapatu egin ninduen. 42. ikasturtea da aurtengoa, eta pozik eta oso harro nago hartutako erabakiaz.

Egun, zer motibazio izaten dute euskaltegietako ikasleek euskara ikasteko?

Denetarik dago. Lekeition, gehienbat, kanpotik etorritako jendeak ematen du izena euskaltegian, baina badaude euskara hobetzeko asmoz etortzen direnak ere. Garai batekoarekin alderatuta, asko aldatu dira ikasleen interesak. Lehen abertzaletasunarekin lotuta egoten zen, nagusiki. Gaur egun ere badago halako osagarriren bat, baina, normala denez, gauzak aldatuz joan dira, eta motibazioak bestelakoak dira.

Nola dago euskara osasunez?

Ni AEKn hasi nintzenean baino askoz hobeto. Osasungintzari keinu eginda, batzuetan Zainketa Intentsiboetako Unitatera bueltatu behar izaten dugu, baina ez gara bertan modu iraunkorrean bizi. Aurrera begira ere pronostiko ona dugula iruditzen zait, baina zaindu beharrekoa. Bidean botika asko hartu beharko ditugu, baina sendatzeko itxaropena badago behintzat.

14._Korrika

(Korrikako arduraduna. Edurne Brouard, 14. Korrikako amaiera ekitaldian malkoak lehortzen, Bilbon, 2005ean. Brouard sei aldiz izan zen Korrikako arduradun nagusia, 2013an kargua utzi zuen arte).

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hezkuntzak ia haur denak euskalduntzen ditu, ia denek dakite euskara. Baina, gero, zergatik ez dute hitz egiten?

Horixe da gure erronka nagusia, zalantzarik gabe. Euskal Herria oso plurala da, eta hizkuntzaren egoera guztiz aldakorra da eremu batetik bestera. Ezagutzaren erronka ondo doa eremu gehientsuenetan, baina erabileran dago indartu beharra: inguru erdaldunetan ez da euskara erabiltzen, eta inguru euskaldunetan erabilera falta da. Hezkuntzatik kanpora lan handia dago egiteko, motibazioan dago indartu beharra. Urteak daramatzagu eremu horretan arreta jartzen, eta sinetsita nago hemendik urte batzuetara egindako lanak fruitua emango duela.

Atzera eginda, Herri Batasunetik legebiltzarkide izan zinen, 1980ko hamarkadan. Nola oroitzen dituzu urte horiek?

Egia esan, parlamentuan ez nuen esperientzia askorik izan. Etapa bat izan zen, politikan militatu nuen, baina ez ginen parlamentura joaten. Gerora, HBk parlamentuan parte hartzeko erabakia hartu zuenean, dimisioa eman nuen. Ez dut oroitzapen txarrik, egia esan.

Santi Brouard, zure aita, tiroz hil zuten, duela 38 urte.

Horrek ez dauka azalpenik. Gurean denok geneukan oso barneratuta hori gerta zitekeela. Sarritan hitz egiten genuen horretaz, baita aitarekin berarekin ere. Hortaz, bageneukan nolabaiteko prestakuntza bat. Baina hori esaten dut eta batzuetan gaizki interpretatzen didate. Edozein heriotza da kolpagarria, edozein egoeratan dela ere. Baina guztiz ezohikoa denean, gure kasuan bezala, oso gogorra da. Bizitza osoa markatzen du, eta horrek sortzen duen samina hor dago, betiko. Horrekin bizitzen ikasi behar da. Ordutik aurrera ezagun egiten zara, markatuta geratzen zara, baina aurrera egin behar da, eta gu, behintzat, saiatu gara gauzak bide onetik eramaten.

Luis Morcillok onartu zuen hiltzailea bera izan zela. Zer izan zen zuentzat aitorpen hori?

Egia esaten badizut, berdin zaigu. Guk bagenekien Morcillo eta Lopez Ocaña izan zirela aitaren hiltzaile zuzenak, baina horiengan ez dut ezer sentitzen. Mertzenario hutsak ziren. Guretzat garrantzitsuena da nork planifikatu eta ordaindu zuen hori, nork eman zuen aita hiltzeko agindua. Obsesioa zuten Santi Brouardekin? Ez. Egoera politiko jakin batek markatutako erailketa da aitarena, eta arduradunak ere politikoak dira; ardura politikoa daukate. Horixe da behin eta berriro azpimarratzen duguna. Horiek izan zuten herri honen sufrimendua amaitzeko aukera, baina, hori egin beharrean, bidea zabaldu zuten. Hori argitu bitartean eta justiziarako eta erreparaziorako aukerarik ez dugun bitartean, oso pozik egongo dira bestelako biktima batzuk, baina gu, ez.

Elkarbizitza lortzeko, ezinbesteko baldintza da biktima guztien aitortza, ezta?

Bai, eta gure gizartean behintzat onartuta dagoen printzipio bat da hori. Egia, justizia eta erreparazioa beharrezkoak dira guztientzat. Bide horretan, batzuk behintzat saiatu gara aurrerapausoak ematen, eta, askotan, oso saiakera mingarriak izan dira. Ez da erraza etsai politikotzat izan duzun norbaitekin harremanetan jartzea, baina oso esperientzia aberasgarriak izan dira. Kolore guztietako biktimek hartu dugu parte, baina oraindik ere badaude urrats hori egin ez dutenak, eta hori ere errespetagarria da. Norberak kudeatu behar du bere mina. Mundu konplexua egokitu zaigu, baina duintasunez lortu dugu hau gainditzea.

Garai batekoarekin alderatuta, nola dago egun Euskal Herriko egoera politikoa?

Oso korapilatsu ikusten dut. Emakume baikorra naiz, eta sinetsita nago egunen batean lortuko dugula guk geure gauzez erabaki ahal izatea. Horixe da benetan espero dudana: gu guztion nahia aintzat hartzea eta errespetatzea. Baina horretarako ahal izan behar dugu, eta hori, gaur-gaurkoz, ez da posible Euskal Herriko eremu batean ere. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskal Elkargoak ez daukate sekula azken hitza, eta gatazka dagoen momentuetan euskal herritarrak izaten gara beti galtzaile nagusiak.