Geltoki gehiegi ditu autobusak

Geltoki gehiegi ditu autobusak

Ibai Maruri Bilbao

“Lea-Artibain dugun garraio publiko bakarra Bizkaibus da, eta zerbitzua berehala hobe dezaten behar dugu”, esan du Lea-Artibai Amankomunazgoko presidente eta Lekeitioko alkate Koldo Goitiak. Maiztasun aldetik, asebeteta daude; bidaien iraupena da txarresten dutena. “Orain dela hogei urte eta orain, antzera tardatzen dugu Bilbora joaten. Errepideak asko hobetu dira, baina autobusak behar duen denboran ez da nabaritu”, azaldu du Ondarroako alkate Zunbeltz Bedialaunetak.

Galdakaokoa eta Gernika-Lumokoa dira haien erreferentziazko ospitaleak, eta, bereziki, haietara eta Bilbora joateko behar duten denbora gutxitzea eskatzen dute. Lea ibarrekoak Gernika-Lumotik joaten dira Galdakaora. Artibaikoak, Durangotik, eta hango osasun zentroan ere badituzte espezialistak; ez dute autobusik Gernikara joateko, eta ondarroar batzuek hara joan behar izan dute pandemian txertatzera.

Ondarroatik Bilbora ordu eta 45-50 minutu behar ditu Bizkaibusek. Autoz 50 minutu dira. “Askok gurago izaten du autoan joan. Mugikortasun jasangarria sustatu nahi bada, zerbitzu arinagoa eta erakargarriagoa eskaini beharko da”, kexatu da Goitia. Gehiago erabiltzeko, “arinagoa eta erakargarriagoa” bihurtu beharko dela ohartarazi du.

Mankomunitateko buru legez, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraioa eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailekoekin biltzekoa da Goitia, konponbideren bat adosteko. Aurretik ere izan dituzte bilerak, eta gutuna ere bidali dute. “Badakigu Bizkaibusen lineak esleituta daudela. Egungo esleipena 2025era arte egongo da indarrean. Bitartean, ea zer hobekuntza egin ditzakegun daukagunean, eta, bestela, berriro esleituko direnerako prest egon, lehiaketara aterako den zerbitzua behar dugun modukoa izateko”. Zerbitzua hobetzeko, diru gehiago beharko da, eta hori muga izan daitekeela uste du Goitiak, baina deritzo diputazioak apustu hori egitea ezinbestekoa dela.

Mankomunitateko buruak esan du autobusak ibilbidean egiten dituen geldialdietan topatu behar dela azkartasuna lortzeko konponbidea: “Ezin da onartu herri guztietan sartzea eta geltoki guztietan gelditzea”. Lekeitiotik eta Ondarroatik Bilbora doazen autobusak Durangaldeko herri batzuetan ere sartzen dira: Ermuan, Durangon eta Berrizen, berbarako. Goitiaren esanetan, beste aukera batzuk dituzte herri horietan: trenak eta Bizkaibusen beste linea batzuk. “Guri eskaintzen zaigun zerbitzuaren kalitatea hobetzeko, agian, gure lineak ez dira beti herri horietan gelditu behar. Aztertu egin beharko litzateke ordu batzuetan zuzenean jarraitzeko modurik dagoen”.

Esaterako, Ondarroatik Bilbora zuzenean doazen bi autobus abiatzen dira astegunetan, 06:30ean eta 07:30ean. “Beste ordu batzuetan ere horrelako gehiago beharko genituzke”, esan du Ondarroako alkateak. Ez du eskatzen beti zuzenean joatea, badakielako horrek beste herri batzuk kaltetuko lituzkeela, baina uste du egunean halako gehiago egoteak arazoa nabarmen konponduko lukeela. “Aztertu beharko litzateke zer ordutan den beharrezkoago zuzenekoa izatea, lanera edo ikastera joateko, adibidez”, adierazi du Bedialaunetak.

Goitiak uste du eskualdeko herri txikiagoekin batera ere berrikusi beharko litzatekeela zerbitzua. Izan ere, zuzeneko autobusak jartzeak ekar lezake haienean eskaintza urritzea. “Badaude alternatibak, auzotaxiak eta horrelakoak. Bizkaibusera deitu, eta geltokietara eraman dezakete jendea herri txikietatik”, azaldu du Lekeitioko alkateak. Era berean, teknologia berriak ere erabil daitezkeela iruditzen zaio: adibidez, erabiltzaileak geltokian botoia sakatuta, gidariak jakin dezan hara joan behar duela.

Oreka bilatu beharra

Zenbat eta herri txikiagoa, orduan eta eskaintza txikiagoa. Halere, Gizaburuagako alkate Amaia Zabalak ontzat jo du zerbitzua: “Errealista naiz, eta badakit zer eska dezakegun. Gure herria txikia da, eta ezin dugu pentsatu autobusa ordu erdiero pasatuko dela. Ordu birik behin, ondo dago”. Halere, badu eskari bat: udan Lekeitiotik azken autobusa beranduago irtetea, hondartzara joaten diren gazteek denbora gehiago izan dezaten gozatzeko.

Zabalak zalantzak ditu autobusak bidean geltokiak galtzeari buruz: “Galdakaoko ospitalera arinago heltzeko Gernikatik ez pasatzea izan daiteke aukeretako bat, baina izango dira Gernikako ospitalera joan behar dutenak ere, edo astelehenetako merkatura, edo beste edozertara. Hori ez da konponbidea”. Aitortu du eurenean gehienek autoa erabiltzen dutela, baina autobusa ere ezinbestekoa dela esan du. Kasurako, eskolaz kanpoko jardueretatik Lekeitiotik etxera bueltatzeko edo zapatu eta domeketan lagunengana Lekeitiora joateko erabiltzen dute gazteek.

Eskualde barruko zerbitzuan doikuntzak egin behar direla dio Goitiak. Adibidez, Ispartetik Lekitiora odol analisiak egitera joan behar dutenek ezin dute autobusez joan, ordutegiagatik. Lekeitio eta Ondarroa artean ez dago Bizkaibusik. Egunean soilik lau aldiz lotzen ditu Donostiara doan Lurraldebus autobusak, eta eskualde osorako hainbat zerbitzu Ondarroan daude; Lanbide, esaterako.

Bedialaunetak GabaBusarekin gertatua gogoratu du: asteburuetan jaiak ospatzen ari diren herrietara joateko mankomunitateak duen zerbitzua da, eta diputazioak diru laguntza kendu dio. “Garraio publikoa bultzatu nahi bada, dagoena ere zaindu beharko da”.