Clownen maratoirako prest

Clownen maratoirako prest

Natalia Salazar Orbe

50 metro koadroko inperio txiki bateko erregearen agerraldia, ikus-entzuleak banketean, dantzan edota desfilean parte hartzera gonbidatzen dituela. Musikari bat, jazzaren klasiko handiak, askotariko folkloreak eta gai propioak, denak batera jotzeko etengabeko borrokan. Umorea barrea eragiteko, hausnarketa sakonen abiapuntua jartzeko, ikus-entzulea harrapatzeko. Clownen maratoia ekarriko du bihar Durangora Tontolapiko Egunak.

Erabat errotuta dago clownen tradizioa Durangon. 2013az geroztik —2020ko etenaldia salbu— urtero antolatu dute umorearen interpretazio berezi hori kalera atera eta artistentzako eurentzako topaketa: Topaklown. Pandemiaren ondorioz, iaz egun bateko jardunaldia besterik ez zuten egin. Zortzigarren jaialdia zuten ordukoa. Eta bertan eten zuten haria, oraingoz behintzat.

Topaklown antolatzen zuten San Agustin kulturguneak eta Ganso & Cia konpainiak joan den otsailean jakinarazi zuten aurten ez zituztela eskainiko jardunaldiak. COVID-19ak eragindako osasun egoerak jaialdia bere horretan egiteko baldintzarik ez zuela bermatzen ondorioztatuta egin zuten iragarpena; izan ere, kontaktua, afektua eta keinuak oinarri dituen emanaldiak antolatzeaz gain, dozenaka artista eta zale elkartzen zituen topaketak.

Eguerditik gauera arte

Tradizio hari jarraipena ematera dator Tontolapiko Eguna. Eguerdian hasi eta gauera arte, herri osoan eskainiko dituzte ikuskizunak. Durangoko Udalak eta Ganso & Cia konpainiak antolatu dute, “Aste Santuko oporretan herria animatzen zuen clown izpiritu jada klasikoa bizirik mantentzeko” asmoz. Adin guztietarako umorezko ikuskizunen maratoia iragarri dute.

Bost saio eskainiko dituzte denera. Gehienak aire zabalean egingo dituzte; besteak beste, Aurora Abasolo parkean, Ezkurdi plazan edota Barandiaran kalean. Azken emanaldia San Agustin kulturgunean egingo dute.

Saioak, doan

Eguraldia lagun ez bada, ikuskizunak Landako gunera eramango dituzte. Antolatzaileek azaldu dute saioak doan izango direla eta ez dela egongo aurretik erreserbarik egiteko aukerarik.

Tontolapiko Egunak “plan atsegin bat” eskaini nahi du “txango bat egiteko edota herrian egun polit eta dibertigarri bat igarotzeko, beste urte batzuetan Topaklown ospatzen zen garai berean”. Hala azaldu zuten aurkezpenaren egunean. “Formatu berri honekin, bisitari bakoitzak bere esperientziaren intentsitatea planifika dezake, bost saioetara joan ahal izateko edo gehien interesatzen zaizkigun formatuak hautatzeko programatuta baitaude ikuskizunak. Ideia erakargarria izan daiteke bai txangoan datozen familientzat, bai gazteentzat, bai bestelako bisitarientzat ere”, adierazi zuten, “Durango barrez lehertuko dugu”, gaineratu du.