Festibalismoa

Galdera: datozen asteburuetarako kontzertu planik? Egon, sare sozialetan zein Musikazuzenean.eus atarian begiratu baino lehen, honako zerrenda hau ere kontsultatu dezakezu-eta: gaur, Zeinke eta Suger dituzu Bilbon; Iheskide elorriarrak, Jimmy Jazzen, eta Lukiek mungiarrak, Alegian. Maiatzaren 21ean, Anestesiak eta Loturak joko dute Bilboko Kafe Antzokian; Ondarroan, Keikek. Eta badirudi Abadiñoko Txanporta plazan Dupla, Skakeitan eta Bulego egongo direla. Anestesiak Ondarroako Beikozini astindu behar zuen egun berean dardararazi zituen Keikek Berrizko Topa tabernako paretak. Zea Maysek kontzertua emango du bihar Santana 27 aretoan (Eutsi gogor, Aiora! Aupa zu!); Asgarth añorgatarrak ekainaren 4an etorriko dira leku horretara bertara. Eta zerumugan, revival saio potentea. Delirium Tremens eta Andoniren ahots berezia.

Badirudi antzoki-aretoen dezibel eta distortsio egarria asetzen ari dela urte biko izurriaren ondoren. Pozten nau zuzenekoak bizi-bizi dabiltzala ikusteak. Euri tantak zelai sikuan legez ibili gara honako momentu hau itxaroten. Baina aitortu beharra daukat egoerak antsietate moduko bat ere ekarri diola lehendik ere bete xamar nuen agendari. Batera zein bestera joateko planak eta aurre-salmentan harturiko sarrerak pilatzen ari zaizkit. Serio. Izurriak aurre-salmentaren joko horretara gatibatu nau. Kontzertu data urruti egon arren, sarrerak erdi-konbentzituta erdi-inertziaz erosteko joera hartu dut, batere barik geratuko ote nintzen beldurtuta. Sold out kultura gailendu da. Instagram bidez ikuskizuneko sarrera guztiak saldu dituzula dioen mezua harroki zabaltzeko aroa. Ikusleari sarrera barik geratuko den mamua dantzarazten dion aroa. Badaezpada ere, sarrera hartzera bultzaraziko dion aroa, horretarako plana muntatu barik badu ere. Eta promotoreari horrek balioko dio. Eskaintzekoa duen kontzertu aretoko edukiera gutxituko du, osasun egoerak %100era betetzea baimentzen dion arren. Sarreren %70 saldu duen arren, sold out txartela jarriko du Instagramen, horrek prestigioa eta marka indartzeko balioko badio. Sold out marra sartuko du sudurretik.

Plazek, elkarri gainjarritako kontzertu datek, auzo elkarteek, gaztetxeek, kultur elkarteek. Horiek ez. Ez didate mamua dantzarazten. Horiek beti egon dira hor. Izurria baino lehen. Eta eskerrak. Baina izurri osteko honek beste izaki mota bat indartu du. Festibal erraldoi galdu ezinezko hori. Lagun baten berbak etortzen zaizkit gogora: “Faltan botatzen dut asteburua ailegatu eta kontzerturen batera joateko plana astekariko agenda kontsultatuta egiten genuen garaia. Kontzertuen berri Instagramen izaten dudanetik, antsietate musikala dut”. Pikutara. Asteburu honetan gaztetxera goaz. [Iragarkietarako tartetxoa: baten batek Anestesiaren eta Loturaren kontzerturako sarrerak gura ditu? Lauzpabost ditut sobera. Maiatzaren 21ean izango da kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian. Instagram ahalguztidunera mezutxo bat bidali eta zarratuko dugu tratua. Esan dizut. Sarrerak sobera erosi nituen. Sold out fantasma horren biktima naiz].