Ibai Maruri Bilbao
Urte biko etenaldiaren ondoren, Deustuko Unibertsitateko eta EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolako arraunlariek indarrak neurtuko dituzte berriro Bilboko itsasadarreko uretan, Aste Santuaren atarian. Erronkaren 40. aldia izango da, gainera. Ohi legez, Pasio barikuz dute topaketa; hau da, gaur, 19:00etan, Erandioko Altzaga auzoan. Handik Bilboko udaletxe parera igo beharko dute, han izango baitute helmuga. Ibilbidea lau itsas miliakoa izango da —7.408 metrokoa—. Aulki mugikorreko ontzian lehiatuko dira; zehazki, lemazaindun zortziko outrigger modalitatean.
Ingeniaritza Eskolako traineruaren entrenatzaile Iñigo Martinez de Alegriak esan du izurritea hasi zenetik igarotakoak urte gogorrak izan direla: “Arraunlariek lan gogorra egin behar izan dute etxean arraun makinarekin”. Talde bi hauetako arraunlariek nork bere arraun kluba dute, eta taldekideekin entrenatzen dira normalean. “Zaila izaten da gu denok elkartu ahal izatea batera entrenatzeko”, azaldu du Martinez de Alegriak. Horrek zaildu egiten die taldean batasuna lortzea. Aitortu du Deustuko taldeak eurenak baino handiagoa duela. “Badakigu Deustukoak talde sendoa direla. Hori oso garrantzitsua da zortziko talde batean. Guk taldea asko aldatzen dugu urtez urte. Halere, aurten nolabaiteko iraunkortasuna lortu dugu”.
Deustuko entrenatzaile Azael Rodriguezek arrazoia eman dio Martinez de Alegriari. Azken urteetako taldeari eutsi diote. “Esperientzia handiko arraunlariak ditugu, elkar ondo ezagutzen dutenak. Gainera, aulki mugikorrean asko ibilitakoak dira”. Hain zuzen ere, euren arraunlarien artean gipuzkoar asko dutela azpimarratu du Rodriguezek, bizkaitarrek baino esperientzia handiagoa dutelako aulki mugikorrean.
Oraindik erabaki gabe dago bakoitzak zein ertzetik egingo duen arraunean, baina txanpona Ingeniaritza Eskolakoen aldera erori zen, eta haien dagokie aukeratzea. Rodriguezek esan du marea, behintzat, alde izango dutela talde biek, gorantz joango delako ordu horretan. Eguraldiak lagunduko dien jakitea falta dute. Euririk ez dute izango, ustez. Hala ere, arraunlarientzat garrantzitsuagoa da haizeak nondik eta zenbateko indarrez joko duen.
Erakusketa Deustun
Estropada 1981ean jokatu zuten lehenengoz, Ingeniaritza Eskolak Deustuko Unibertsitateari egindako erronka baten ondorioz: kamiseta gorriarekin eta urdinarekin egin zuten arraun, hurrenez hurren, eta ordutik kolore horiek izan dira bakoitzaren ikur. Deustuk irabazi zuen lehen lehia hura, 23 segundoren aldearekin. Deustukoak izan dira garaile beste 24 urtetan ere. EHUkoek, berriz, hamalau garaipen lortu dituzte; azkena 2014an izan zen. Tarteka emakumeek ere parte hartu dute arraunlari edo lemazain modura. Lehen andre arraunlaria Idoia Korta izan zen: 1994an lehiatu zen, Deustuko taldean, baina haren taldeak ez zuen irabazi. Tartean emakume bat zuen lehen talde irabazlea Ingeniaritza Eskolakoa izan zen, 2005ekoa.
Deustuko Unibertsitateak berrogei aldi hauen historia biltzeko erakusketa bat ondu du, eta martitzenean inauguratu zuten. Hainbat jarduera ere antolatu dituzte; besteak beste, estropada antolatzeaz arduratzen den PRIDE klubeko presidente Jose Maria Gorostiagaren berbaldia. Deusto Campuseko zuzendari Pello Azpitartek Jesusen Lagundia ospatzen ari den ignaziotar urtea ekarri du gogora: “Gauza guztiak beti berri ikusi da leloa. 40. aldia mugarri garrantzitsua izan daiteke kasu honetan ere, aurrera begira estropada hau ere berri bihurtu ahal izateko”.
Berritasun horri heldu dio PRIDEko kudeatzaile Mara Rodriguezek ere. “Aldi hau helmuga baino gehiago, abiapuntua izatea nahi dugu”. Espero dute apurka-apurka estropadari lotuta gauza gehiago egin ahal izatea.
Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa da estropadaren babesle nagusia. Kepa Odriozola presidenteak urteotan itsasadarrak izan duen bilakaera azpimarratu du. Esan du “lehengoratuta dagoen itsasadar batean” lehiatzen direla arraunlariak. “Asko kostatu zaigu itsasadarra orain dagoen moduan edukitzea. Ur zikinen plan indartsua izan dugu berrogei urteotan”. Horri lotuta, Gorostiagak Nazio Batuen Erakundeak ezarritako 2030 agendaren seigarren helburua gogoratu du: ur garbia eta saneamendu sistema bermatuak izateko eskubidea. “Estropadarekin asmo horrekiko kontzientzia ere sortu nahi dugu”.