Arimaren bidetik

Arimaren bidetik

Amaia Igartua Aristondo

Erakusketa denek dute gutxi gorabeherako ibilbide bat, edo ildo tematiko bat, edo, behintzat, irizpideren bat piezak kokatzerako orduan. BBVAk Bilboko San Nikolas jauregian ikusgai jarri duen Artea eta espiritualtasuna. Ezohikoa imajinatzea bildumak oinarri argi bat du, atzera bueltarik gabeko bide bat: jaiotzarekin hasi, eta heriotzarekin bukatzen da, hain justu. “Ulertzeko erraza den bidaia bat da”, Alfonso De la Torre komisarioaren hitzetan, eta, zalantzarik balego, bilduma osatzen duten 38 piezak erakutsiko diote bidea bisitariari. Ekainaren 5era bitartean bisitatu ahalko da, doan. Ia hamarkada bateko etenaldiaren ondoren, BBVAk Bilboko jauregi hori erabili du berriro erakusketetarako.

XVI. mendetik gaur egunera bitarteko artelanak bildu dituzte —BBVAren 9.000 bat obrako bildumatik hartuak—, eta hala nola pinturara, eskulturara, argazkilaritzara eta ikus-entzunezkoetara jo du komisarioak erakusketa taxutzeko. Jauregiko horma eta aretoetan bat egiten dute Miquel Barcelok, Ouka Leelek, Jorge Oteizak, Joaquin Sorollak, Antoni Tapiesek eta Marina Abramovicek, besteak beste, eta bat egiten dute, orobat, hainbat mugimendu eta eskola artistikok.

Edonola ere, “bildumaren helburua ez da izenen errolda bat aurkeztea, edo erakusketa historizista bat izatea”, komisarioaren arabera. Izan ere, artelan bakoitzaren formatuak eta xehetasunak gorabehera, antzeko gaiak dituzte hizpide: sorkuntzaren helburuak, azken batean. Erlijioaz, argiaz, hutsaz, isiltasunaz, metaforaz edo sinboloez baliatu dira autoreak hausnarketok islatzeko, forma identifikagarrien zein abstraktuen bitartez. Erakusketa biribiltzeko, BBVAk abesti zerrenda bat argitaratu du Spotifyn —Artea eta espiritualtasuna. Ezohikoa entzutea—, eta katalogo bat ere argitaratu dute lanen xehetasunekin.

Artea eta espiritualtasuna 3

Ernatzea eta desagertzea

Erakusketako ibilbidea lau zatitan banatu du komisarioak: jatorriarekin abiatzen da; lorategiak eta basamortuak kontrajartzen ditu hurrena —horrenbestez, batzuen eta besteen eduki sinbolikoa; alegia, paradisua eta haren lehortea—; bi polo uztartzen ditu ostera ere, mina eta estasia, eta euren arteko harremana; eta heriotzarekin ixten du bilduma, vanitas deituriko bodegoi makabro andana batekin, heriotza gordinki nabarmentzen duten burezurrekin jantziak.

“Bidaiaren abiapuntua hasiera da, jatorria, sinbolizatua irudi artistikoetan ageri diren zentroekin”, esan du De la Torrek —erakusketaren aurkezpen prentsaurrekoa egin zuten jauregian martxoaren 30ean, eta, ondoren, bisita azaldu bat egin zuen komisarioak, ibilbidearen eta artelan bakoitzaren ezaugarriak aletuz—. Oteizaren kutxa metafisikotik abiatu du ibilaldia, zehazki. Siluetadun kutxa bat da, barrua hutsik duena, ordea. “Bere zentro ezkutu, pentsalari eta energetiko misteriotsuarekin, ikusezinetik jaiotako irudiaren adibide bat da”.

Lehen ataleko beste piezetan, espiralen, zirkuluen, argi sorten edo antzekoen bidez islatzen da jatorria: Alfonso Albaceteren Narciso I (1986) pintura ia osoa okupatzen du zurrunbilo berdexka batek; xurgatua izatetik ozta-ozta salbatua dirudi goiko ezkerreko izkinan antzeman daitekeen Partenoiak. Teresa Salcedoren Room (Pantallas/ Zeitgeist) (1993) lanean, karratu zurixka bat nabarmentzen da hondo gris batean, argia proiektatzen duela iruditzeraino.

Artea eta espiritualtasuna 4

“Bigarren atalak hartzen ditu zeruaren eta haren baliokideen irudiak —paradisuak, lorategiak eta edenak—, baita kontrakoa adierazten dutenenak ere, heriotza eta atsekabea —basamortuak eta kanposantuak—”, komisarioaren esanetan. David Teniersen bi pintura daude atarian, Edengo lorategia (1685) eta Noeren arka (1684); parean, Ouka Leeleren Quizás fuera un hada (1998) argazkia.

Basamortua irudikatzeko, monokromatismora jo zuten Gerardo Ruedak —Astro (1960)—, Antoni Tapiesek —Forme gris bleuâtre (1955)— eta Cesar Manriquek —1964ko izenik gabeko margo batean—, De la Torrek azaldu duenez. “Saiatu naiz piezen artean topaketa misteriotsuak egon daitezen”.

Estasiaren eta minaren atalean, isildu egin da komisarioa. Pantaila bati begira dago, Bill Violaren Study for Emergence (2002) ikus-entzunezko piezari erne. 11 minutuko filma dela argitu du, eta, horrenbestez, zain egon beharra dagoela. Hasieran, bi emakume ageri dira belauniko, hilobi bat dirudienaren albo banatan. Bat-batean, haietako bat mugitu da, espero dutena berehala gertatuko balitz bezala. Gutxika, gizon zuri bat irteten da urez betetako hilobitik. “Violak sarritan hitz egin du horrek jaiotzarekin eta likido amniotikoarekin duen harremanaz”.

Alabaina, putzutik atera berritan eroriko da gizona. Bi emakumeek sostengatuko dute, eta lurrean utzi. Hala, piezak bi aldeak batzen dituela adierazi du komisarioak: jaiotzarena, bai, baina baita heriotzarena ere. “Pasio kristauaren errepresentazioa aztertu zezan eskatu zioten Violari. Nahiz eta batzuetan aldendu den kristautasunaren irudi sekularren harremanetatik, ikasi eta forma berriak sortzen ditu, antzerki mota bat”.

Artea eta espiritualtasuna 5

Iruditeria kristaua

Agerraldiak jorratzen ditu areto horrek, nagusiki, fisikoak zein espiritualak, eta, batik bat, iruditeria kristauarekin josiak. “Mirarien eremua da”, De la Torreren hitzetan. Violaren piezaren aurrean, Kristo da sepulkrotik irten berri den figura, Luis Velezen Resurrección del Señor (1559-1560) pinturan. Antonio Lopezen La aparición del hermanito brontzezko piezan, haur bat da agertu berri dena, eta haren aurrean belauniko dago figura bat, etorrera ospatzen. Hormetako batetik zintzilik, arantza koroa mardul bat dago, Mar Solisen Horizonte de la luz (2022) egurrezko eskultura.

“Bizitzaren iheskortasuna” jorratzen du azken atalak, komisarioak zehaztu duenez. Eta, hor ere, aniztasuna da nagusi; esaterako, bi vanitas kokatu ditu De la Torrek elkarren ondoan: bata, klasikoa, eta bestea, garaikidea. Lehena anonimoa da, XVII. mendeko San Jerónimo penitente margolana. Santuak eta haren jantzi gorriak hartzen dute mihise ia osoa, eta diskretuago ageri da burezurra, behealdean, ia ikusezin kapela gorri baten eta hark ematen dion itzalaren ondorioz. Aldamenean, Marina Abramovic agertzen da argazki batean, esku ahurren artean burezur bat duela, hura oratu gabe, halere. Santa Teresa Avilakoaren omenez ondutako lan sortako bat da: The Kitchen VIII (2009).

Ibilbidearen bukaeran, Joaquin Sorollaren vanitas txiki baten parean —Estudio de una calavera (1883)—, ikus-entzunezko bat proiektatzen ari da: Alexandra Rannerren Ich habe genug (2005). Ebakitako buru bat darama ibaiak, eta hura opera bat abesten ari da bitartean.