Raquel Meyers: “Erabiltzen ikasi baino lehen zaharkitzen dira teknologiak”

Raquel Meyers: “Erabiltzen ikasi baino lehen zaharkitzen dira teknologiak”

A. Igartua Aristondo

Teletestuak eta Commodore 64 gailuak bidea dute egiteko oraindik. Bai, behintzat, Raquel Meyers artistaren sorkuntzan (Cartagena, Espainia, 1977). Haren hiru lan mailegatu daitezke Artotekaren bitartez.

Teknologia zaharkituekin egiten duzu lan. Zergatik?

Nire belaunaldia teknologiekin hazi da. Erabilerari kritika ere egiten diot, erabiltzen ikasi baino lehen zaharkitzen direlako teknologiak. Alde batetik, kontsumismoaren kritika dago nire lanetan, eta, beste alde batetik, ikusteko eta egiteko beste modu batzuk erakusten dizkigute mugek.

Mugak eskuragarritasunari dagokionez?

Azkenean, lengoaia ikasi behar duzu: ez da estandar bat, elkarrizketa bat eskatzen du teknologiarekin. Ez da fetitxismo kontu bat: teknologia hori eguneratzeko moduak daude. Adibidez, ezagutu nuen ingeles batek bere teletestu seinale propioa zuen Twitter ikusteko. Teknologia berriagoekin nahasten dira, eta erronkak planteatzen dituzte.

Baliabide digitalez gain, bestelako materialak ere erabiltzen dituzu: egurra, oihalak…

Teknologia horietan, pixelak izaera gordina du, arkitektura brutalistarekin alderatzen dut, apaingarririk gabekoa delako. Pantailekin lan egiten hasi nintzen, eta harago joan nahi nuen.

Konfinamendu garaiari ere egin diozu kritika Inattention ikus-entzunezkoan.

Hausnarketa bat da teknologiaren erabileraz. Konfinamenduak Anguleman [Frantzia] harrapatu ninduen, Internetik gabe, mundu guztia aplikazioak etengabe erabiltzen ari zen momentuan. Aukera asko eta asko ditugu, baina azkenean ez diegu arreta ipintzen.

Zer ekartzen dizu Artotekak?

Oso identifikatua sentitzen naiz, artea galerietatik atera eta erabiltzailearengan zentratzen delako. Hori zen ideia: elitismoa kentzea artea etxean edukitzeari.