“Mezua zen guk besteak jagon behar genituela, ez geure burua”

Unanuek salatu du apaldu egin dela hiesak aspaldi zuen ikusgarritasuna. Bereziki, Bermeo bere herriko egoera ekarri du gogora, "anonimotasunera" pasatu direla azalduta.

Natalia Salazar Orbe

Ezinezkoa da elkarrizketa bukatzea bera agurtzera datorren norbaitek eten gabe. Kinkea egokitu zaion postaria saria non eskuratu galdezka; berarekin batera zinegotzi izandako baten musuak eta besarkadak; telefonoz lan baterako aholkua eskatu dion ezagunaren mezua, eta Bermeoko portuan paseoan doazen denen agurrak. Josu Imanol Unanue (Bermeo, 1958) ez da oharkabean pasatzen. Edozeri buruz naturaltasunez berba egiteko eta mintzakidea konfiantza giroan sentiarazteko gaitasuna dauka. Azaroaren 1ean hartu zuen erretiroa. Hainbat lanbidetan aritu da, eta EH Bilduko zinegotzia eta Batzar Nagusietarako zerrendaburua izan da. Hiesaren aurkako T4 elkarteak omenaldia egin berri dio.

Elkartearen 30. urteurrenean omenaldia egin dizu T4k, sortzaileetako bat izan zinelako. Urte guztion ondoren, zer izan da zuretzako omenaldi hori?

T4 otsailean sortu zen. Nire militantzia, elkarte bati baino gehiago, beti egon da lotuta hiesaren kontrako borrokari. Duela 35 urte hasi nintzen Bizkaiko Batzordean. Hura era horretako [Espainiako] estatuko bigarren elkartea izan zen. Gero sortu genuen Txo Hiesa [Bermeon], duela 33 urte. Iraultza handia egon zen. 1991n munduko konferentzia egin zen Londresen. Hor ikasi genuen agente aktiboak izan behar genuela. Erabaki genuen autolaguntza taldeak sortu behar genituela: hoberen zeudenek okerren zeudenei lagundu behar geniela. Profesionaletatik bereizi ginen; lan guztia boluntarioa zen. Pentsatu genuen hori zela denetarako oinarria.

Gaur egun zaila da irudikatzea garai hura. Zer-nola hartzen zintuzteten gizarteak, osasun sistemak eta beste erakundeek?

Jendeari ahaztu egiten zaio sasoi hura zer gogorra zen. 37 urte daramatzat hiesarekin. Osasun arretaren bila gindoazenean, puntu gorriak jartzen zizkiguten, jakiteko nortzuk ginen. Bazterketa nabaria zen leku guztietan. Lana bilatzeko orduan ere, lehenengo jakin nahi izaten zuten pertsona horrek zerbait zuen, lanposturako hartzeko edo ez.

Elkarteetan batze horrek balio izan zizuen elkar babesteko?

Ni bezalako lehenengoa Bermeoko Talan ezagutu nuen. Harekin hitz egin nuen bi minutuz, eta handik astebetera hil zen. Ezagutzea zurelako bat, ikustea badaukazula norekin berba egin eta partekatu zure ikarak, frustrazioak… Oinarria izan da guretzako. T4en hori egin genuen.

1985ean jakin zenuen zuk GIB birusa zenuela, odola ematera joan zinenetako batean. Zer-nola gogoratzen duzu?

Txarto. Afrikan egona nintzen lanean. Odol emailea nintzen, eta esan zidaten joateko, zerbait aurkitu zutela eta. Gurutzetara joan, eta astronauta jantzita aurkitu nituen erizainak. Ukitu ere ez ninduten egin nahi. Galdetzen zidaten ea zer egin nuen. Errudun sentitzen zara, lohi. Medikuak esan zidan sasoi hartan urte biko bizi itxaropena zegoela. Eta saiatu behar nuela inor ez kutsatzen. Hori zen mezua: guk besteak jagon behar genituela, ez geure burua. Geuk egin behar genuen prebentzioa. Guk behar egin dugu beti osasuntsu zeudenak ez kutsatzeko, baina geure buruarekin ahaztuta.

Eta handik aurrera, zer?

Ama, aita, anaia eta amama, denak ondoan izan nituen hasieratik. Horri esker, gutxika-gutxika aurrera egin nuen. Handik hamabosgarren egunera hasi nintzen gauzak antolatzen. Prostitutekin lanean hasi nintzen, prebentzioan, Bilbon; emakume zein gizonekaz. Eta jonkiekaz; droga kontsumitzaileei laguntzen, xiringak eramaten, erabilitakoak jasotzen. Gero, gaizki zeudenak bisitatzen hasi nintzen. Ospitaleetara joaten, eurekaz egoten azken uneetan bakarrik senti ez zitezen. Batzuk neure etxean egon dira hil arte.

Askok ezkutatu egiten zuten hiesa zutela. Zuk ezagutaraztea erabaki zenuen. Garrantzitsua zen zu bezalako jendea erreferente moduan aurkitzea?

Denok ezkutatzen genuen. Gu zenbakiak ginen. Denek interpretatzen zuten zer-nolakoak ginen, baina inork ez zuen ezagutzen inor. Inork ez zuen ematen aurpegirik. Nik ere ez nuen esaten hiesa nuenik. Esaten nuen euren taldekoa nintzela, bozeramailea.

Noiz eman zenuen pausoa?

Mercedes Milak [kazetaria] Queremos saber telebista saioa aurkezten zuen. 1992 ingurua zen. Bazekien Bermeon talde txiki bat zegoela, besteak beste, giza kate bat antolatzen zuena. Etorri egin zen. Oso emakume gogorra zen. Galdetu zidan: “Zergatik defendatzen dituzu denak badira putak eta jonkiak?”. Amorruz erantzun nion: “Ez dizut onartuko era horretan hitz egiterik nire kolektiboari buruz. Ni ez naiz puta edo jonkia, baina ni bezalakoak dira. Nik ere badaukat GIB, hiesa”. Horrekin geratu zen. Irudi batzuk atera zituen giza katean. Geroago saio bat egin zuen. Miguel Bose [Espainiako abeslaria] agertu zen esaten berak ez zeukala hiesa, zurrumurrua egon baitzen. Eta bigarren saio batera ni joan nintzen. Nik ez nuen esan hiesa neukala iragarriko nuenik, baina bezperan komunikabideetan iragarri zuten saio horretan hiesa zuen pertsona bat agertuko zela, eta Josu Unanue zela. Ia zorabiatu egin nintzen. Uste nuen lana eta dena galduko nituela. Mercedes Milari esan nion jakingo zuela nor naizen eta zer-nolakoak garen; beste askok ez daukaten duintasuna daukagula erakutsiko niola. Han esan nuen lehenengoz jendaurrean hiesa nuela. Uste dut une ona zela esateko. Batzuetan damutu zait, baina niri ondo atera zait. Sekula ez dut sentitu erasorik. Oso maitatua sentitu naiz. Norbaitentzako balio izan badu, ondo dago. Ez zait damutu.

Bermeon garai batean balkoi guztietan ikusten ziren eskegita xingola gorria zuten izara zuriak. Kutsatze datuak ez dira ordukoak, baina ezkutuan bezala pasatzen da orain gaitza?

Mundu mailan kutsatuak goraka doaz. Orain, gainera, pandemia bat pasatu da. Zaharfobia egon da. Justifikatu egin dugu zaharragoak edo ahulagoak direlako hiltzea. Gurekin kontrakoa gertatu zen: gaztefobia zegoen; gazteak zoroak ginen. Baina egia da, ahaztu egin dugu. Herri honetan pasatu gara anonimotasunera.

JOSU IMANOL UNANUE

(T4ko presidentea. Josu Imanol Unanue T4 hiesaren aurkako elkarteko presidentea izan zeneko irudi bat, 1995ean. T4ren kartel baten aurrean ageri da, han elkarri laguntza ematen diotela adierazten).

Arrantzale familia batean sortu zinen zu, eta atunontzietan ibili zara. Gogorra da bizimodu hori?

Makinista izan nintzen zortzi urtez. Gogorra da, bai, baina polita ere bada.

Bermeoko portua gorenean ezagutu zenuen zuk. Azken urteetan, ordea, arrantza portuari lekua kendu dio kirol portuak. Zer ari da gertatzen?

Asko pozik daude, baina gero eta bizitza gutxiago dago herrian. Gure kultura desagertu egingo da. Berba asko ditugu guk itsasoarekin lotuta. Gure gurasoek behar egin dute bizitzeko, gu zoriontsuak izateko, baina baita gu larregi babesteko ere. Beti esan digute ikasteko balio ez badugu itsasora joango garela. Itsasoak beti izan du mespretxu hori. Eta ez du behar horrelakorik. Itsasoa ikusten dugu aisialdiko gauza bat balitz bezala. Indargabetu egin dugu, bere benetako balioa kendu diogu, eta itsasorik barik geu ere ez gara egongo.

Militantzian hasi zinen zu, eta geroago erakundeetan ere sartu zara. Sarri, militantziatik gauza zehatzak eta berehala eskatzen zaizkie erakundeei. Zer-nola bizi izan duzu egoera hori?

Gauza bat da militantzia. Niri taliban esaten zidaten. [IƱaki] Azkunak [Bilboko alkatea] ikusten ninduenean, esaten zuen “hemen dator hiesaren talibana”. Nire lagunak hil egin ziren haren erabaki askorengatik. Hori ez diet barkatuko. Militantzia bat-batekoa da. Uste duzu gauza bat esan behar duzula eta horma batean idazten duzu, edo kartel bat jarri, edo barrikada bat egin. Baina bizitzan, militantziaz gain, erabakitzeko lekuak daude, eta erabakiak hartzen diren guneok kontrolatu behar ditugu. Politika da. Ni sartu nintzen, eta ez zait damutu. Asko ikasten da. Zuk kalean muturreko militantzia egin dezakezu. Hori oso erosoa da agintean daudenentzako. Zer militantzia izan daiteke eragozpen bat gizarte honetan? Batere ez. Erabakiguneetan sartzen zarenean, konturatzen zara hor dagoela benetan indarra, manipulazioa, dena; baita gaitasuna ere bizitza batek hobeto edo okerrago irauteko. Hartzen diren erabakiek kristoren eragina daukate gure bizitzetan, eta ez gara jabetzen. Militantziak antolatu egin behar ditu gauzak. Eta militantzian dorpeak gara; aspaldi honetan oso baldar gabiltza.

Erakundeetatik gutxi egiten dela salatu izan da sarri.

Batzuek esaten dute erradikalagoak izan beharko ginatekeela. Uste dut konpromisorik gabeko militantziak ez duela balio ezertarako. Militantzia joan behar da boterea hartzera. Boterea hartzea da erabaki gune guztietan egotea. Ez badaukazu gaitasunik horra joateko, ez jarri inori oztoporik. Ezer egiten ez dela esaten dutenei esan behar zaie eurek egin dezatela zerbait. Antolatu eta doazela erabakiguneetara eta aldatu.

Erakundeetan Bermeoko Udalean hasi zinen, zinegotzi. Zer iritzi duzu urte haietaz?

Balorazioa ona da, behargin onak izan ditudalako. Nire taldeko kideekin ere, oso gustura. Argi daukat: ni ezkerrekoekin edozein lekutara noa. Berdin zait zer ideologiakoak diren. Eskuineko bategaz sekula ez naiz egongo ados; haien ideia beti da gehien dutenen alde egitea, interes pertsonalak babestea. Eta nik uste dut kolektiboak izan behar direla. Pentsatu behar dena da txarren daudenei zer-nola lagundu. Eta, gustatu ala ez, hori ezkerrak bakarrik egiten du.

Batzar nagusietan zerk gogobete zaitu gehien? Eta geratu al zara zerbait egin ez izanaren penaz?

Ezustea izan zen niretzako zer ondo onartu ninduten talde guztiek. Iritsi nintzenean esan zidaten PPkoek ez zigutela egiten berbarik. Egunean bertan joan nintzen PPren egoitzara; Javi Ruiz eta Txus Isasi zeuden orduan. Esan nien lau urterako nentorrela eta lau urtez berbarik egin gabe ezin nuela egon eta ondo konpondu behar genuela. Batzar nagusiak utzi nituenean talde guztietakoak etorri zitzaizkidan agurtzera. Asko, hunkituta, gainera. Asko maite ditut; sarri hitz egiten dut eurekin.

Korrika hasiberri da. Zinegotzi kargua utzi zenuenean, esan zenuen militante moduan ere jarraituko zenuela lanean herriaren alde eta, besteak beste, euskara sustatzen. Kezkatzen zaitu euskararen egoerak?

Asko. Uemaren azken datuak ere kezkatzekoak dira. Herri honetako egoerari begiratzea baino ez dago. Gazte gehienek gazteleraz egiten dute. Teorian, gu baino euskaldunagoak dira, baina ez dute ikusten erabilgarri. Halandabe, baikorra naiz. Uste dut denborarekin pasatuko dela. Baina aniztasuna ikusten badugu etsai modura eta globalizazioa abantaila modura, gaizki goaz. Euskaldunok aniztasun baten barruan zentzua daukagu; globalizazioan, ez. Liderren bat behar dugu. Hiesa ere ez zen existitzen Rock Hudson edo Freddie Mercury hil arte.