Ibarrekolandan utziko dute batxilergo artistikoa, oraingoz

Ibarrekolandan utziko dute batxilergo artistikoa, oraingoz

Natalia Salazar Orbe

Gaur egun Bilboko Ibarrekolanda BHI institutuak eskaintzen dituen Musika eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako batxilergoak Txurdinaga Behekoa institutura lekualdatu nahi ditu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Ibarrekolandako hezkuntza komunitateak salatu du Jaurlaritzak eurekin harremanetan jarri gabe eta eztabaidatu gabe eman ziela erabakiaren berri. Ez daude ados proposamenarekin. Ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenak (OOG) eta klaustroak euren ezinegona helarazi zioten Jaurlaritzari, eta, azkenean, Hezkuntza Sailak erabaki du datorren ikasturtean batxilergo modalitateok eskaintzen jarraituko dutela. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak esan du negoziatzen jarraituko dutela aurrera begira euren proposamena gauzatzeko.

Ibarrekolanda institutuari Bizkaiko Hezkuntza ordezkaritzak jakinarazi zion Arte Batxilergoko Arte Eszenikoen eta Arte Plastikoen modalitateak lekualdatuko zituztela. “Erabaki hori aldebakarrekoa izan da, gure ikastetxeko zuzendaritza taldearekin eta eskolako komunitatearekin inolako kontsulta edo negoziazio prozesurik egin gabe”, salatu du Roberto Tornero Ibarrekolanda BHIko idazkariak. Orain lasaiago dago, badakitelako Hezkuntza Sailak ez duela aldaketarik egingo 2022-2023 ikasturtean. “Oraingoz, ziurtatu digute datorren ikasturteko matrikula. Gaur [astelehenean] hasi dugu matrikulazioa”, esan du.

Hezkuntza Sailaren asmoa

Hala ere, Hezkuntza Sailak tematuta jarraitzen du etorkizunean batxilergo artistikoa beste ikastetxe batera eramateko proposamenarekin. Hala azaldu dio sail horrek Bizkaiko Hitza-ri: “Hurrengo ikasturtean batxilergo modalitate berriak sartuko dira. Batxilergo orokorra da horietako bat. Zenbait institututan sartuko da; ondorioz, berrantolaketa txiki batzuk egin behar dira. Txurdinaga Behekoa institutuan gaur egun ere eskaintzen dute batxilergo artistikoa. Espazioagatik eta instalazio egokiagoak dituelako pentsatu dugu lekualdatzea eta Txurdinaga Behekoa Bilbon batxilergo artistikoaren erreferente bihurtzea”.

Tornerok adierazi du erabaki horren “kontra” egiten jarraituko dutela. “Ez dugu uste egokia denik hara eramatea. Espazioari buruz berba egin nahi badute, lehenik eta behin gurekin negoziatu beharko lukete zeintzuk izan daitezkeen aukerak. Uste dut egokiena eta taxuzkoena batxilergo artistikoa Ibarrekolandan mantentzea dela”. Arrazoi asko eman ditu horretarako, klaustroak eta Ordezkaritza Organo Gorenak Hezkuntza Sailari helarazitakoaren antzera. Batetik, kokapena aipatu du; besteak beste, institutua metro geltokiaren ondoan dagoelako.

Hala ere, sakoneko arrazoi gehiago nabarmendu dituzte OOGk eta klaustroak. 2012-2013 ikasturtean Musika eta Arte Eszenikoen modalitatea eskaintzen zuen lehen ikastetxea izan zen Ibarrekolanda. “Ordutik, modalitate hori aukeratzen duten familientzat eta ikasleentzat erreferente bihurtu da”, azaldu dute. Gaineratu du Arte Eszenikoen eskaintzak erreferentzialtasun hori areagotu egin duela. “Eskaria, gaur egunera arte, areagotu egin da”. Bereziki Musika eta Arte Eszenikoen modalitatean ikastetxeak duen “ospe ona” azpimarratu dute, Euskal Herrian eta handik kanpo irabazi dituzten hainbat sari nabarmenduta.

Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Dantzerti eskolarekin darabilten “elkarlana” ere goraipatu dute: “Dantzertin urtero onartutako ikasleen artean Ibarrekolandako ikasleak egon ohi dira —azken urtean onartutako hamalau ikasleetatik zortzi Ibarrekolandakoak dira—”. Musikaren alorrean, Bilboko Kontserbatorioarekin darabilten elkarlanari ere garrantzitsu deritzote.

9.000 sinaduratik gora

Batxilergo artistikoa Txurdinaga Behekora ez eramateko eskatzen zuten 9.000 sinaduratik gora lortu zituen Ibarrekolandako hezkuntza komunitateak egun bakarrean. Tornerok argi du borrokan jarraituko dutela. Esan du “beste irtenbide batzuk” badaudela “Hezkuntza Sailak apustu indartsu bat egiten badu benetan. Ez du soilik begiratu behar ikastetxe bat libre dagoela; kokapen hori egokia den ere aztertu behar du”.