Hiria, jatun aseezina

Hiria, jatun aseezina

Javi West Larrañaga

Herri eta hiri. Lur eta porlan. Nekazaritza eta gehiegizko urbanizazioa. Orekak eta desorekak. Hainbat dira Otxantegi Herri Lurra proiektuaren bultzatzaileen kezkak, eta gehienek Uribe Kostak azken urteetan bizi izan dituen aldaketetan daukate erroa. Iazko udaberritik daramate egitasmoa jorratzen, eta bihar aurkeztuko dute, Berangon, Otxantegiko lurretan, beren hausnarketez lagunduta. Hodei Rodriguez kideak azaldu duenez, baratze komunal bat ipini dute martxan, eta lurrak atondu dituzte Otxantegiko dorretxearen inguruko lur batzuetan.

Bultzatzaileak arduratuta daude, haien ustez negatiboak diren joera batzuengatik. “Azkenengo urteetan, eskualdea nekazaritza beherakada nabarmen batean dago; bereziki, lurrekin egiten ari diren espekulazioaren eta urbanismo basatiaren ondorioz”, adierazi du Rodriguezek.

Asko du aktibismotik haien lanak. Nekazaritza “biziberritzearekin” batera, ekologistek eskatu nahi dute jarduera horretara bideratu diren lur horiek etorkizunean ere helburu hori izan dezatela. Rodriguezen aburuz, azken asteetako gertakariek indar handiagoa eman diote beren tesiari. Ukrainako gerrak eragindako elikagaien “urritasunak” elikadura burujabetzaren garrantzia agerian utzi duela, alegia. Elikagaiak bizilekutik ahalik eta gertuen ekoiztearen alde egin nahi dute.

Taldeak salatu du errenta zaharren bidez bertan “lau belaunaldiz” bizitzen aritu den jendea bota dutela Otxantegitik “egun batetik bestera”. Atzean espekulazioa dagoela uste dute kideek. “Aurre egin nahi diogu, eta nekazaritzaren garrantzia azpimarratu”, gehitu du ekintzaileak. Lur horiek landu barik utzi beharrean, “berreskuratu” egin dituzte, eta erabilera eman. Orain, helburua jendea hurreratzea da, eta epe luzerako egitasmo bihurtzea.

09:00etan ekingo diote egunari bihar, patatak ereinez. Praktikoa izateaz gain, bada ekintza sinbolikoa ere. Eskualdeko biztanle gehienak “kaletarrak” izanda, landa mundura hurbildu nahi dituzte: “Zubi lanak egin nahi ditugu gure eskualdean geratzen diren nekazarien eta kaletarren artean”. Kontuan hartu dute seguruenik agertuko den jende gutxik landatu dituela noizbait patatak, eta aukera eman nahi diete ikasteko. Sarrera hori baliatuz, jendea ortu komunitarioan parte hartzera animatuko dela uste dute.

Bazkari aurreko mahai ingurua da eguneko plater nagusia. Herriaren kontra zabaldutako hiria izena eman diote, eta urteotako joera aztertuko dute: zein izan den eskualdearen garapena, zer plan urbanistiko egon diren atzean, nola eragin dioten jendeari, eta zer borroka izan diren inguruan. Bertan parte hartuko dute AZET etxebizitza sindikatuko Andrea Bartolok, Hordago El Salto-ko Miguel Virizuela kazetariak eta Uxue Jauregi arkitektoak. Horren ostean etorriko da indaba jana, eta bertan hazitako indabekin egingo dute bazkaria. Gero, poesia musikatuko ekitaldi bat izango dute, eta, ondoren, kontzertuak: La Tokokera cumbia-power taldea eta Suaia & Dubakustik.

Historia luzea dute halako proposamenek, eta hainbat herrialdetan daude antzeko adibideak. Ameriketako Estatu Batuetan, 1970eko hamarkadan asmatu zuten guerrilla gardening edo gerrilla nekazaritza terminoa, eta bultzatzaileek, abandonatutako lekuak berreskuratuz, haien egoera salatzen zuten, eta, bide batez, beste erabilera bat ematen zieten.

Kritika eta jarduna uztartu nahi izan dituzte egitasmoaren bidez. Gizartean eragin eta jendea erakarri. Otxantegi Herri Lurra proiektuko hainbat kidek Berango Lurraren Defentsan elkartetik datoz, eta hortik datorkie pizgarria. “Berango Lurraren Defentsanekook kritikatu egiten dugu Berangoko eredu urbanistikoa, eta ekimen hau aukera bat da alternatiba bat proposatzeko”, azaldu du Rodriguezek. “Hori guztia ez dadin kritika hutsa izan, baizik eta gu geu ere has gaitezen aukerak sortzen, jendeari erakusten lurrak nekazaritzarako erabil daitezkeela eta elikagaiak sortu”. Gainera, eskaintza kulturala ere eman nahi diote herriari.

Otxantegi Herri Lurra

Gatazkak herrian

Hainbat urte daramatza Berango Lurraren Defentsan taldeak herriko hirigintza proiektuak kritikatzen. Otxabenen eraikitzen hasi zirenean, kideek deitoratu zuten hezegune eta eremu natural batean ari zirela. Amenabar enpresari salaketa ipini zioten, haien arabera ez zuelako errespetatzen Itxe errekaraino utzi beharreko distantzia, eta “porlanez bete zituelako” errekaren bazterrak. Horrez gain, urtarrilean salatu zuten Berangoko Udalak eta Amenabar enpresak akordio bat egin zutela 2020an: eraikigarriak diren lur publiko batzuen truke, enpresak Ikaza jauregia eman zion udalari. Enpresa batek 2,1 milioi euroan tasatu zuen, baina taldekoek adierazi dute barrutik begiratu barik egin duela. Onurak enpresarentzat izan direla uste du Rodriguezek: “Lur publiko batzuk Amenabar enpresari eman zaizkio, herriarentzako zerbitzu bat eman beharrean, eta, trukean, udalak jauregi guztiz txikitu bat lortu du, urteak hutsik daramana”. Enpresak taldekide baten aurkako salaketa ipini zuen, irratsaio batean “difamatzeagatik”, eta 50.000 euro eskatzen dizkio. Rodriguezek azaldu duenez, beraiek “kikiltzeko” estrategia bat da, baina “ez du lortuko”.