Hegoaldeko tren saihesbidearen ituna irregularra dela salatu dute

Hegoaldeko tren saihesbidearen ituna irregularra dela salatu dute

Ibai Maruri Bilbao

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak Bilbo hegoaldeko trenbide saihesbidea eraikitzeko akordioa sinatu zuten 2017an; iaz moldatu egin zuten. Ekologistak Martxan-ek eta Barakaldo Naturala elkarteak, ordea, akordio hori eteteko eskatu diote Espainiako Gobernuari, ez duelako legedia betetzen. Akordio horren arabera, Madrilgo gobernuak obraren kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku utzi nahi zuen, edo, zuzenago esanda, Jaurlaritzaren menpeko ETS Eusko Trenbide Sarea enpresaren esku. Hain zuzen ere, akordioan bertan zehazten du ETS izango dela arduraduna. “Horrelako kudeaketa akordioak, legez, soilik egin daitezke zuzenbide publikoari lotuta dauden erakunde edo entitateen artean, baina ETS zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Beraz, akordio hori ez da legezkoa”, azaldu du Barakaldo Naturala elkarteko Begoña Rodriguezek.

Haren esanetan, Europako eta Espainiako Estatuko jurisprudentziaren arabera, zuzenbide pribatuko erakunde publikoekin egiten diren akordioek in housing providing izendapena dute, eta hainbat baldintza bete behar dituzte. Bi nabarmendu ditu; akordio horrek betetzen ez dituenak, hain zuzen. Batetik, kudeaketaren ardura hartzen duen erakundeak —ETSk, kasu honetan—, estatutuetan edo sorrera agirian zehaztuta izan behar du hari dagokion botere adjudikatzailearen —Jaurlaritza, kasu honetan— bitartekoa dela. Rodriguezek esan du baldintza hori ez duela betetzen ETS sortu zuen Eusko Legebiltzarraren 6/2004 legeak. Era berean, obra kudeatzeko ardura hartu duen erakundeak agindutako lana egiteko behar diren baliabide material eta pertsonalak izan behar ditu. “Kasu honetan argi geratu da ez dela hala, lehen eta bigarren faseetako proiektu informatiboak, eta lehen faseko obra proiektua idazteko eta proiektu horren idazketa gainbegiratzeko lanak kontratatu egin dituztelako”. Horiek kontuan izanda, akordioa legez kanpokoa dela dioen salaketa, Espainiako Gobernura ez ezik, Eusko Jaurlaritzara, EAEko Arartekora,Espainiakora, eta EAEko eta Espainiako kontuen ganberetara bidali dute. Larria iruditzen zaie, gainera, zazpi eta hamar milioi euro arteko kontratuak baitira.

Rodriguezen esanetan, Madrilek hiru alternatiba ditu orain: ondo egindako akordio berri bat egitea, gobernuak bere gain hartzea lan horiek, edo azpiegitura horren beharrizana berraztertzea. “Guk beti esan dugu ez dagoela hegoaldeko trenbide saihesbidea eraikitzeko premiarik”, ohartarazi du. Proiektuaren helburua da Bilboko portutik sartu eta irteten diren salgaien trenak Ezkerraldeko herriguneetatik ateratzea, garraio hori arriskutsua delako. 1994. urteko proiektu bat da, eta oraindik Serantesko tunela baino ez dute eraiki, Santurtzi eta Ortuella artean.

Tunelaren bukaeratik Bilboko Olabeaga auzora lurpetik joango da trenbidearen lehen fasea. Espainiako Gobernuak eman behar dio ingurumen baimen bateratua eta behin betiko onespena. Lehen faseko proiektua idazten ari dira, eta oraindik ez ditu ez bata, ez bestea jaso. Hori ere salatu du Rodriguezek, proiektua idazten hasi aurretik Madrilen oniritzia jaso behar izan duelako. “Behin proiektua idatzita, Madrildik ezezkoa jasotzen badute, zer?”.

Egungoa, lurperatu

Barakaldo Naturalak alternatiba bi proposatu zituen 2018an; egungo trenbidea lurperatzea lehenetsi zuten, trenbide berria eraiki beharrean. Egungo trenbidea Renferen aldirietako lehen lineako trenek ere erabiltzen dute. Lurperatuta, salgai arriskutsuen garraioak sor ditzakeen segurtasun arazoak desagertuko liratekeela uste du Rodriguezek, modernizatu egingo litzateke trenbideari nazioarteko zabalera emanda, ingurumenean ez litzateke halako kalterik sortuko, eta enpresei ere lagunduko lieke. Izan ere, saihesbidearen ibilbidetik kanpo geratuko da ACB Sestaoko altzairutegia. “Bizkaian trenbide garraioa erabiltzen duen enpresa nagusia da. Nondik garraiatuko ditu gero bere produktuak?”.