Ertz batetik bestera, zintzilik

Ertz batetik bestera, zintzilik

Ibai Maruri Bilbao

Munduko lehenengo zubi esekia barik, lehen transbordadore zubia izan zen Bizkaiko zubia (Portugalete-Getxo). Haren Sustapen arduradun Ainhoa Sarriegik argi utzi nahi izan du hura eraiki aurretik bazeudela beste zubi eseki batzuk. “Esekiak esan nahi du kable batzuek eusten diotela zubiari. Gure zubiaren bereizgarria da bidaiariak eta ibilgailuak ertz batetik bestera eroateko hara eta hona dabilen kaxa eseki bat duela”. Horrelakorik ez zegoen aurretik, eta ondoren eraiki zituzten beste batzuentzat eredu izan da. Horregatik, eta oraindik sortu zeneko funtzioari eusten diolako, 2006an Unescok gizadiaren ondare izendatu zuen Bizkaiko zubia. Bertatik bertara ikusi gura duenak, horretarako aukera du: goiko pasabidetik ibil daiteke, eta kaxa eskegian itsasadarra zeharkatu. Sarrerarekin batera, hiru ordu laurdeneko audiogida jasoko du bisitariak. Taldeentzat bisita gidatuak ere antolatzen dituzte. Prezio berean, kutxan itsasadarra zeharkatu ahal izango dute.

Alberto de Palacio arkitektoa Portugaleten bizi izan zen umetan, izeko-osaben etxean. Bertatik bertara ikusten zituen itsasadarra Abra aldean zeharkatzeko arazoak. “Bazeuden txalupa batzuk, baina haietan ezinezkoa zen ganadua edo gurdiak garraiatzea. Beraz, zubi baten beharra ikusi zuen”, azaldu du Sarriegik. Gustave Eiffelek Parisko dorrea (1889) egin zuen sasoietan Frantzian bizi zen De Palacio. Ondo ezagutzen zuen haren diseinua. Ferninand Arnodin inbertsiogile eta ingeniariarekin hartu-emanetan ipini zen; Arnodinek bazuen esperientzia zubi esekiak egiten. Eta Bizkaiko zubia diseinatu zuten bien artean. “Ohiko zubi eseki batek ez zuen balio. Bilboko portua orduan hiriburuan bertan zegoen. Ezkerraldea burdin meategiz beteta zegoen. Asko ziren gora eta behera ibiltzen ziren ontziak, eta orduan belaontziak ziren. Zubiak ezin zien trabarik egin”, esan du Sarriegik.

Bizkaiko zubia

1893ko uztailaren 28an inauguratu zen. Ertz bietan dauden dorreak 61 metro dira garai. 45 metroko garaieran, bi dorreak lotzen dituen 160 metroko pasabidea dago. Eta zubitik eskegita kutxa, batera eta bestera bidaiari eta ibilgailuak garraiatzen. Arrondegiko zubia eraiki zenetik bidaiari asko galdu dituela esan zu Sustapen arduradunak. Hala ere, egun urtean hiru milioi bidaiari eta 400.000 ibilgailu eroaten ditu ibar batetik bestera. “Askorentzat ezinbestekoa da. Lan teknikoak egiteko gauren batean zarratu dugunean, jendeak protesta egin izan du”. Berrehun pertsona garraiatu ditzake albo bietako aterpeetan, sei bat ibilgailu, eta, erdigunean, bizikletak eta motorrak.

Obrak eta konponketak

1936ko gerran eraitsi egin zuten, Francisco Franco diktadorearen tropak handik igaro ez zitezen. “Getxoko aldean ipini zituzten lehergailuak, eta pasabidea itsasadarrera erori zen. Dorreak, ordea, zutik geratu ziren. Horri esker, berriro eraiki ahal izan zuten”. XIX. mendean baino beharrezkoagoa zen orduan: “Hondartzak eta bainuetxeak zeuden leku huts izatetik, Bilboko burgesiaren bizileku bihurtzera igaro zen Getxoko ertza”. Harrezkero, hainbat obra egin dituzte. 1999an, goiko pasabidean zen kontrol gela Portugalete aldera jaitsi zuten. 2011n erabat zaharberritu zuten, kresalak eta tenperatura aldaketek kaltetuta zegoelako. Bide batez, kolorea aldatu zioten: Somorrostro gorriz margotu zuten; beltzak egitura hondatu egiten du.