Nerea Ibarzabal: “Taldekakoa bertso eskolaz gozatzeko plaza bat da”

Taldekakoa txapelketa berezia iruditzen zaio Ibarzabali, bestelako helburu batzuk dituena. Akerbeltzen Antxumak taldeko kide da, eta apirilaren 29an jokatuko du kanporaketa.

A. Igartua Aristondo

Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketak beste rol batzuetan aritzeko aukera ematen dio Nerea Ibarzabal Salegi bertsolariari (Markina-Xemein, 1994), eta estimua dio horregatik, besteak beste. Hala, aurtengoan ere hartuko du parte, Akerbeltzen Antxumak taldeko kide moduan, Jone Antsotegi, Joseba Sololuze, Josune Aramendi, Maddi Ibaibarriaga, Nahia Ibarzabal eta Sara Asenjorekin batera. Apirilaren 29an jokatuko dute kanporaketa, Markina-Xemeingo Buztarri tabernan.

Ohiko txapelketen aldean, giroa berezia izaten da?

Bai, kontuan edukita aldaketa errotik dagoela: banaka parte hartu, taldean edo norberaren bertso eskolan, aldatu egiten dira rolak, motibazioa eta dinamika bera. Nik, behintzat, asko gozatzen dudan txapelketa mota bat da, gure betiko betebeharretatik ateratzen laguntzen diguna: batzuk beti daude kantatzen, beste batzuk gaiak jartzen… Kasu honetan, negoziatu daitezke rol horiek, gauza berriak probatu edo beste esperientzia batzuk bizi.

Taldean aritzeak aldatzen du oholtzan egoteko modua bera?

Uste dut lehiaren zentzua aldatzen duela. Beharbada, dibertsioa edo beste gauza batzuk jartzen ditugu aurretik, ez bakarrik lehia indibiduala edo zeure buruari eskatzen dizkiozun exijentzia horiek. Irabazteaz gain edo lehiak daukan betiko emaitzaz gain, beste helburu batzuk ditu: taldean funtzionatzen jakitea, beste bertso eskola batzuekin harremana sendotzea, saio baten antolaketa geure gain hartzea eta bertso eskolak pixka bat ahaldundu daitezen bertso saioetako antolatzaile moduan.

Eta kantatzeko moduan eragiten du? Zuk igarri duzu?

Bai, bertso eskolaren arabera aldatzen delako daukazun rola. Baina eskertzen dut kantatzea nire bertso eskolako kideekin, askotan eremu horiek bakarrik bertso eskolan ematen direlako, edo plazan ez dugulako denok topo egiten. Gustatzen zait plazan kantatzea nire bertso eskolako kideekin, haiek ere bestelako rol batzuetan ikustea. Niretzat, bertso eskolaz gozatzeko plaza bat da taldekakoa. Ez dut uste exijentzia jaisten dugunik, baina egia da aldatzen dela zure barruko kodetzea, beste bat delako helburua, ez diozulako berdina eskatzen ez zeure buruari ez txapelketa honi. Zure taldeak aurrera egiten ez badu ere, saio on bat egin badugu egun horretan, nik uste dut helburua lortzen dela; ez da mugatzen aurrera egitera edo atzean geratzera.

Tokia bera ere ezberdina izaten da. Lekuak nola eragiten du?

Laguntzen du testuingurua formalagoa edo informalagoa egiten; ezinbesteko faktore bat da. Guk, Markinan antolatuko dugun saioa Buztarri tabernan egingo dugu, printzipioz. Taberna jabez aldatu da, eta haientzat ere berezia da bertso saio bat eskaintzea ohiz han egoten den jendeari, eta jendea bertsoaren bidez gerturatu dadin, beharbada. Eta sentitu daitezen neska-mutil gaztetxoak ere plaza horren parte, nahiz eta igual taldekakoan kide moduan parte hartu ez, bertso eskola moduan parte hartzen dutenez, behintzat rol bat izan dezaten egun horretan. Saiatuko gara.