Lekukoari heltzeko prest

O. Enzunza Mallona

Sei egun falta dira 22. Korrikari hasiera eman eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Ostegunean bertan sartuko da Bizkaian, arratsalde-iluntze aldera. Artziniega (Araba) igaro, eta Balmasedara helduko da. Eta han izango ditu zain azken hilabeteotan lanean aritu diren antolatzaileak eta gainerako euskaltzaleak.

Azken koordinazio lanak “ia bukatuak” dituzte, Roberto Olankoeta Enkarterriko Korrikaren arduradunak azaldu duenez: “Oraindik zenbait kontu txiki geratzen zaizkigu ixteko, baina, izatez, dena dugu prest”. Herrian Korrika antolatzeko batzordea osatu ondoren hasi ziren prestaketa lanak egiten, eta erabaki guztiak bertan hartu dituzte. Gaur arratsaldean Korrikaren aurkezpen ekitaldia egingo dute herrian, eta ostegunerako, jarduera ugari prestatu dituzte.

Herritarren gogoa nabaria dela esan du Olankoetak, eta halako ekitaldien garrantzia nabarmendu du: “Urtean zehar euskararen presentzia nahiko murritza izaten da herrian, eta halako ekitaldiek euskararen garrantziaz jabetzeko aukera ematen dute”. Esan du Enkarterri, oro har, “nahiko eskualde erdalduna” dela, eta hori aldatu nahi dute: “Gazteek jakin badakite euskaraz, baina erabileran dago ekin beharra”.

Ordu txikiak

Datorren asteko ostiral goizaldean ere Bizkaian ibiliko da lekukoa. Zehazki, eguneko lehenengo orduetan zeharkatuko ditu Hego Uribe eta Durangaldea. Galdakaotik, kasurako, 02:30ean igaroko da. “Ordua oso txarra da, baina herritarrak animatzeko egitarau berezia antolatu dugu”, kontatu du Asier Martin antolatzaileak. Jendea etxera joan beharrean, Korrikaren aldeko triki poteoa egingo dute, eta, ondoren, mendi ibilbide bat ere antolatu dute: “Denbora egingo dugu, eta kalean egongo gara Korrikaren zain”.

Galdakaon abenduan hasi ziren Korrika antolatzen, eta, bihar zortzi, Korrika Eguna ere egingo dute: “Oso egun polita izango da; ekintzez josiko dugu herria”. Herritarren aldetik “sekulako babesa” jaso dutela nabarmendu du Martinek, baina laguntza hori Korrikatik harago joatea nahi dute. “Halako ekimenek kalean euskaraz bizitzen hasteko balio izatea espero dugu”.