“Kontsumitzaile gehienek bizkarra eman diete merkatu plazei”

“Kontsumitzaile gehienek bizkarra eman diete merkatu plazei”

Natalia Salazar Orbe

Durangaldeko Soloko elkarteak Etartie saltokia ireki berri du Durangoko azokan. Bertako produktuak saltzen dituzte proiektuarekin bat egin duten dozena bat ekoizlek; bertakoak, eta sasoian sasoikoak. Azokan era horretako eskaintza duen saltoki bakarra da eurena. Ekoizpen ekologikoa egiten dute, gainera, taldeko hamarrek: besteak beste, Urdaspal Alberdik (Iurreta, 1972) ere bai. Barazkiak eta sasoiko fruituak ekoizten ditu.

Etartie saltokia zabaldu berri duzue. Nondik dator proiektua?

2021eko urrian abiatu genuen. Merkatu plazako saltokiek zuten 25 urteko kontzesioa iaz bukatu zen. Udalak zabalik zeudenei jarraitzeko aukera eman zien. Gainera, interesa zeukatenei aurkezteko deia egin zien. Aukera zabaldu zuten inguruko ekoizleek zero kilometroko saltoki bat irekitzeko. Soloko elkartekook batzarra egin genuen urrian, eta hainbatek baiezkoa eman genion proiektuari. Taldea osatu, eta lehiaketara aurkeztu ginen. Soloko elkarteari esleitu zioten saltokia. Antolatu eta lan asko egin ondoren, zabaldu egin dugu.

Zer eskaintzen duzue?

Gu guztion produktuak eskaintzen ditugu. Eskaintza zabala daukagu. Denon proiektuen artean lortu dugu oso eskaintza zabala jartzea eskuragarri: barazkiak, ogia, arrautzak, kontserbak, jogurtak, gazta, garagardoa, sagardoa, salda eta oilo hanburgesak. Aurrerago txerrikiak ere eskainiko ditugu. Ez da izango zerbait itxia; sasoiaren arabera aldatuz joango den eskaintza izango da. Ez da ohiko denda bat. Produktu freskoetan eskaintza aldatuz joango da. Gure baserrietan egiten dugun lanaren emaitza jarriko dugu eskuragarri bertan.

Sasoian sasoiko hori eskaintzea ere bada zuen indarguneetako bat. Kontsumitzaileek asko aldatu dituzte erosteko ohiturak. Zuen ustez, garrantzitsua da bertan bertakoa eta sasoian sasoikoa kontsumitzera bueltatzea?

Hori da guk eskaintzen duguna eta aztarna ekologikorik txikiena duen erosketa eredua. Berreskuratu beharrekoa da. Ez dugu uste ezertarako onuragarria denik urte osoan sasoiz kanpo ez dakit nondik ekarritako produktuak jatea. Guk guztiz kontrakoa eskaintzen dugu.

Zuen ekoizpen ereduarekin ba al duzue gaitasuna azokara zuengana jotzen duten bezero guztien eskaria asetzeko?

Nahiko nuke ezezko borobila esan behar izatea, eskariak gainezka egiten digulako eta ezinezkoa zaigulako horri aurre egitea, baina ez da horrela. Jakitun nago gure gaitasunak mugatuak direla. Horregatik elkartu gara hainbat ekoizle eta egile, eskaintza zabala aurkezteko. Guk badakigu non dauden gure mugak eta badakigu ez dela erraza izango. Ohartu gara kontsumitzaile gehienek bizkarra eman dietela merkatu plazei eta erosketa eredu horri. Zoritxarrez, eskaria ez da izango guk nahiko genukeen besteko handia. Nahiko nuke kontrakoa izatea. Hori da gerta daitekeen gauzarik handiena.

Azoka eta Etartie saltokia zer egunetan daude zabalik?

Durangon merkatu plaza zapatu goizetan egiten da, eta hainbat ekoizle bertara joaten gara zapatu goizero. Etartierekin lortu nahi duguna da hori aldatzea, gure baserriak zabaltzea. Etartie hitza horretarako baliatu dugu. Etarteak gure baserrietako sarrerak dira, eta gura duguna da gure produktuak are eskuragarriago jartzea Durangon. Zapatu goizetan Merkatu plazara joan ezin dutenentzako gure eskaintza astean zehar zabaldu dugu. Astelehenetan itxita egongo da. Martitzen, eguazten eta eguen arratsaldez zabalik egongo da, bostetatik zazpi eta erdietara. Eguenetan goizez ere bai, eta barikuetan goizez bakarrik, hamaiketatik ordu bata eta erdietara.

Ohiturak aldarazteko harri koskorra da zuena?

Guk bakarrik ez dugu lortuko. Hasieran ilusio eta jakin-mina sortu dugu. Ikusi beharko dugu hori guztia erreala bihurtzen den, eta jendeak benetan hartzen duen ohitura eta beste era honetako denda baten premia sortzen den. Orain egonkortu egin behar dugu, eta antolaketa lanean sakondu behar dugu. Kontsumitzaileengana iristea eta haiek erantzutea izango da gakoa. Nahikoa kontsumitzailek egiten badute honen aldeko apustua, iraungo dugu.