Kafe hondarretan

Sartu naiz ezkaratzera armosua hartzeko. Isiotu dut irratia. Eta egunero legez, ttak!: Oiz menditik datozen uhinek Iñaki Guridiren ahots estimatua sarrarazi didate sukaldean. Zurrutada txiki bat eguneko lehenengo kafeari. Neuronak ttipi-ttapa, ttipi-ttapa, ariketa fisikoa egiten hasiak. Zer egun da gaur? Seaskaren egutegi maitagarriak argi diost: martxoaren 25a. Gixane eta Anuntzi izena dutenen eguna. Egun apur batzuk baino ez martxoa amaitzeko. Gainean da martxoaren 31. Anartz eta Auritz izenekoen eguna. Eta ezkaratzean zintzilikatutako egutegi sinpatiko horri begiratzen diodala, akordatu naiz, urtero legez, egun seinalatua bueltan datorrela gure Amillanpe honetara. Bizkaiko hego-ekialde honetan data ilun bezain kuttuna delako martxoaren 31. Egun horretan bonbardatu zituztelako Durango eta Elorrio, orain duela 85 urte.

Ezkaratzean bildutako oroitzapenek ezin izan diote armosua hartzeko darabildan kafearen mikatzari iskin egin, eta zapore horrekin busti zaizkit oroitzapen txatalak. Akordatu naiz gure amama Maria Luisak baserriko ortutik ikusi zituela Durango eta Elorrio bonbardatzera zihoazen hegazkinak Urkiola aldetik iristen. Akordatu naiz amamak eta bere familiak Zamudioko bunker batean babestu behar izan zutela. Akordatu naiz amamak emakume bat ikusi zuela bunker hartan “nire umea!”, “nire umea!”, desesperatuta txilioka. Emakume hark eginahalak egiten zituen besoetan hil zitzaion ume jaioberriari bizia bueltatzeko. Bigarren zurrutada bat kafeari. Akordatu naiz aittitte Eugenio eta bere familia Untzillaitz mendiko kobazulo batean babestu zirela gerra-erasoek iraun bitartean. Akordatu naiz aittittek oilategi txiki bat atondu zuela kobazuloaren ondoan. Beste zurrutadatxo bat kafeari. Akordatu naiz amama Alejandra Santurtziko portuan itsasoratu eta Nantesen lehorreratu zela, gero handik, erbestealdia Frantziako Dammarie-lès-Lys herrian egiteko. Akordatu naiz amama erbestealditik bere haurtzaroko herrira bueltatu zela. Aretxabaletara. Eta akordatu naiz herrira bueltatu arren bere etxea izandakoa jada ez zela berea, beste norbaitek okupatua zuelako bizilekua.

Azken tragoa kafeari. Akordatu naiz ezagutzeko zorterik izan ez dudan aitxitxa Iñaki gerran gudukatzera behartu zutela, armekin mehatxatuta.

Kafea bukatu berri, irrati uhinetara bueltatu zait gogoa. Ukrainari buruz ari dira. Baina antzera baten irudikatu ditut Yemen, Siria, Palestina, Nigeria, Ekuatore Ginea, Kurdistan edo Sahara. Seaskako egutegiak Anartz eta Auritz aipatzen ditu. Baina berdin-berdin irudikatu ditut Irina, Mijail, Aleksei, Ahmed, Omar, Said, Amira edo Azahara. Berdin-berdin Durango, Elorrio edo Eibar. Eta berdin-berdin Maria Luisa, Eugenio, Alejandra edo Iñaki. Aittitte-amama eta aitxitxa-amama. Kafe hondarrak irakurri eta zuekin komunikatzeko gaitasunik izango banu, nola jokatu beharko genukeen galdetuko nizueke. Iraganeko akatsetan berriro ez jausteko. Eta zuek erakutsitako elkartasun balioez akordatzeko. Egunotan ez dakizue zenbat bota zaituztedan faltan.