Natalia Salazar Orbe
Edozer babestu eta kontserbatzeko, beharrezkoa da, ezer baino lehen, dena delako hori ezagutzea. Ondo dakite hori Gautegiz Arteagako Urdaibai Bird Centerreko arduradunek. “Gure helburu nagusietako bat da daukagun altxorra kontserbatzea”, esan du Edorta Unamuno zentroko biologoak. “Horretarako, lehenik eta behin, jakin behar da zer daukagun eta altxor horiek zer egoeratan dauden”. Horri esker ebatz dezakete zer-nolako kontserbazio politikak diren beharrezkoak elementu horiek zaintzeko eta babesteko. Urdaibaiko paduretako altxorrak hegaztiak, landareak eta haien habitatak dira. “Hegaztien habitata eta migrazioa” ikertzen dituzte bereziki. Ostean, ikertutakoa dibulgatzen dute, adituak ez direnek ulertzeko moduan. Hamar urte bete berri dituzte lan horretan.
Aireportu batekin konparatu du zentroa Unamunok: “Hegaztientzako nazioarteko aireportu bat bezalakoa da. Migrazioan dabiltzanentzat, Urdaibaiko padurak eta inguruak aireportuko pistak dira, eta terminala, Urdaibai Bird Center da. Gu, berriz, aire kontrolatzaileak gara”.
Kokapena ezin hobea da horretarako. Paduren pare-parean dute egoitza. Garai honetan, udaberriko migrazioak beha daitezke. “Orain datozenak negua Afrikan pasatu duten hegaztiak dira; besteak beste, mokozabalak eta arrano arrantzaleak”. Urdaibain negua pasatu dutenak, berriz, beste herrialde batzuetara abiatuko dira: “Norvegiarantz edo Siberiarantz, ahate askok egiten duten bezala”.
Migrazio bidaia horiek mapa handi batean aurkituko ditu bisitariak, zentroaren barruan. Egindako ikerketa eta hegaztien ezaugarriei buruzko informazioa, berriz, modu dinamikoago batean aurkeztea erabaki zuten hasieratik, “hegaztiak eurak ere dinamikoak direlako”. Horregatik, aldatuz doazen irudiak eta bideoak erakusten dituzte telebistetan.
Bidaietako pasadizoak
Hegaztien ikerketa zentrora bertaratzen diren bisitari gehienak ez dira adituak. “Gure bisitarien %98k ez dute hegaztiekiko zaletasunik edo haiei buruzko jakintzarik”. Horiek erakartzeko, informazioa modu errazean aurkezten dute, eta hegaztiek duten ezaugarri bat baliatu. “Hegaztiek ia denoi gustatzen zaigun jarduera bat egiten dute: bidaiatzea eta leku berriak ezagutzea”. Ezaugarri horri tiraka, pasadizoak kontatzen dizkiete bisitariei: aurrean ikus daitezkeen hegaztiak seinalatu, eta horiei buruzko informazioa ematen diete. “Esaterako, azaltzen diegu mokozabal hori Herbehereetako uharteetan jaio zela, eta, hainbat lekutan ikusi ostean eta negua Mauritanian pasatu eta gero, orain hemen dagoela geldialdi bat egiten. Helburua da ikustea zenbat kilometro egiten dituzten eta zelan aukeratzen duten gure inguru hau trankil egoteko”, dio Unamuno biologoak.
Asmoa ez da bisitariek hegazti espezieak bereizten ikastea. “Gure nahia da uler dezaten inguruak zer-nolako garrantzia duen eta zergatik aukeratzen duten hegaztiek Urdaibairen moduko leku bat euren bizitza zikloaren parte baterako: migrazioan gelditzeko, atseden hartzeko, jateko. Hezeguneen garrantzia uler dezatela gura dugu”.
Bideo eta irudi erakusketaz gain, hegaztiak aurrez aurre, euren habitatean behartzeko aukera eskaintzen du zentroak. Leiho handi bat dute paduretara zabalik, eta, handik, largabistekin ikus ditzakete animaliak. Beharginen bat beti izaten da inguruan, leihoaren beste aldean dagoena ulertzen laguntzeko.
Aurrez aurreko behaketetan ez ezik, streaming bidez ere ikus daiteke paduretako bizimodua. Modu horretan, Urdaibai Bird Centerren bidez ospetsu egin ziren iaz Landa eta Roi arrano arrantzaleak. Hiru kume izan zituzten, baina hirurak hil ziren. Ehun urte baino gehiago ziren azkenekoz espezie horretako bikote bat Euskal Herrian umatzen zela. Urdaibai Bird Centerrek eta Aranzadi zientzia elkarteak arrano arrantzalea Urdaibain berreskuratzeko proiektua abiatu zuten 2013an.
Aurten jakin-min handia sortu du bikoteak. Emea, Landa, martxoaren 8an iritsi zen, baina ez zuen aurkitu Roi bikotekidea Urdaibain. Eta Santanderrera (Kantabria, Espainia) abiatu zen. Han, Churico izeneko beste arrano arrantzale batengana hurbiltzen aritu da. “Jendea larrituta ibili da”, adierazi du Unamunok; “gu ere bai apur bat”, aitortu du geroago. Roi iritsi eta berriro Landa erakartzen duen ikusteko zain daude denak. Dena den, biologoak azaldu du kontuan izan behar direla migrazioaren arriskuak ere: “Afrikarako joan-etorria latza da. Arriskua hor dago”.