Getxoko RKE musika beketara aurkezteko epea zabalik dago

Getxoko RKE musika beketara aurkezteko epea zabalik dago

Amaia Igartua Aristondo

Getxoko kultur etxeak RKE beken bigarren deialdia abiatu du, eta maiatzaren 17ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Ekinbideak musika proiektuak garatzeko egonaldi artistiko bat eta dirua eskaintzen ditu, eta aurten hiru beka emango dituzte guztira. Egitasmoak Romo kultur etxean garatuko dira, eta irabazleek erabilgarri izango dituzte hango entsegu aretoak, musika ekipamendua eta laguntza teknikoaren zerbitzua. Egonaldiak amaitzen direnean, kontzertu bat antolatuko dute proiektuak aurkezteko. Hautatutako proposamenak datorren abuztuaren 17a baino lehen iragarriko dituzte.

Bi motakoak dira aurtengo bekak. Batek, bederatzi hilabeteko iraupena izango du, eta 2022ko irailetik 2023ko maiatzera bitartean garatuko da; 12.000 euro emango dizkiote irabazleari. Gainontzeko bi egonaldiak, sei hilabetekoak izango dira: bata, 2022ko uztailetik abendura artekoa, eta, bestea, 2022ko abendutik 2023ko maiatzera artekoa. Kasu horretan, irabazle bakoitzak 6.000 euro jasoko ditu.

2018-2021rako Plan Estrategiko Orokorrerako egindako diagnostikoa aztertuta, Getxoko kultur etxeko arduradunek ondorioztatu zuten sorkuntza “askoz gehiago sustatu” behar zela, Xabier Paya zuzendari kudeatzailearen arabera. Kultur prozesu osoari erreparatu beharra zegoela ikusi zuten, hala nola herritarren formazioari, ekoizpenari eta programazioari.

Hori horrela, hainbat diru laguntza sortu dituzte, eta horietako bat da RKE beken deialdia. “Diagnostikoan ikusten zen Getxoko kultur sektorean musikak eta dantzak badutela pisu nabarmena, bai maila amateurrean, bai profesionalean. 90 musika talde baino gehiago ditugu erroldatuta. Iruditu zitzaigun haien garapena sustatu genezakeela”, azaldu du Payak.

Esan du toki bat izatea “oinarrizko beharrizana” dela, eta sortzaile denetan detektatu dutela. Hori konpontzeko jo dute egonaldiaren formatura. “Sortzaileen arazo handienetako bat da baliabide falta leku egoki bat izateko, musika lasai egiteko, jotzeko, entseatzeko, baita kontzentratzeko ere”. Halaber, denbora nahikoa izatea ere kostatu egiten zaie, eta horri ere heltzen diote bekek diruaren bitartez.

Jardunari denbora eskaintzea ahalbidetu, eta, orobat, eskatu egiten diete bekadunei. “Egonaldiak berak konpromiso bat hartzera darama sortzailea. Deialdian jasotzen dugu denbora tarte bat eskaini behar dietela hilabetean, eta han egon behar direla. Horrek eragiten die ahalegin bat eta lehentasun bat ezartzea”.

Musikari bakarlariei zein taldeei bideratuta dago deialdia, eta artistetako batek gutxienez udalerrian erroldatuta egon beharko du. Halaber, gehienez bost kidetako taldeak onartuko dituzte. Onuradunak zenbait irizpideren arabera erabakiko dituzte: aintzat hartuko dute proposamenaren kalitatea eta koherentzia, potentziala, herritarrekiko bitartekaritza planaren kalitatea eta interesa, eskatzaileen ibilbide profesionala, euskararen erabilera egonaldian eta kontzertuetan, eta genero ikuspegiaren presentzia. Proiektuak aurrez aurre aurkeztu daitezke Getxoko herritarren arretarako bulegoen bitartez, Muxikebarri guneko informazio bulegoan, edo telematikoki, udalerriko udalaren erregistro elektronikoaren bidez: Eudala.getxo.eus.

Iazko esperientzia

Guda dantza taldea gailendu zen RKE beken aurreneko aldian, iaz. Iker Maguregi (bateria eta koruak), Alain Beraza (ahotsa), Ander Basañez (saxoa eta koruak), Jon Maguregi (gitarra eta koruak), Eneko Ajangiz (baxua) eta Jon Basañezek (tronpeta) osatuta dago, eta 2012. urtean sortu zen, ska-rock kanten bertsioen kontzertu bakar bat eskaintzeko. Azkar aldatu zuten hasierako helburua, eta, beste hainbat kontzertu eman ondoren, kantu propioak konposatzeari ekin zioten.

Gutxira heldu zen Guda dantza taldearen lehendabiziko diskoa, Lainoak eta Oskarbiak (2014, Taupaka Elkartea), eta hiru dituzte dagoeneko: 2016an Labarraren ertzean kaleratu zuten, eta, 2018an, Argibideak, biak ala biak Baga Biga zigiluarekin. 2022an aterako dute laugarren diskoa, beka amaitutakoan; egonaldian sortutako abestiekin osatutakoa, hain zuzen.