Eskualdeak nola oholtzaratu

Eskualdeak nola oholtzaratu

Amaia Igartua Aristondo

Bertsolari hasiberriak, baina baita txapelketak aspaldi utzi zituztenak ere, batzuk zein besteak oholtzan; orobat, gaur-gaurkoz txapelketetan ari direnek ere hartzen dute parte, are txapeldunek, ezohiko formatu batek erakarrita: askotarikoak dira Bizkaiko Taldekako Bertso Txapelketak batzen dituen soslaiak, eta hori da, hain zuzen ere, egitasmoaren xedeetako bat, antolatzaileen esanetan: “Aniztasuna”. 2017an sortu zuten norgehiagoka, eta hirugarren aldia jokatuko dute aurten, gaur hasita.

Martxoaren 15era bitartean egingo dituzte kanporaketak: guztira, berrehun lagun ariko dira saioetan —bertsolariak, gai jartzaileak, epaileak eta laguntzaileak aintzat hartuta—, 23 taldetan banatuta. Maiatzaren 28an izango da finala, Larrabetzun, Bizkaiko Eskolarteko Txapelketaren finalarekin batera.

Eskualdeen presentzia beste modu batera ziurtatzeko asmoa zuten, Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sustapen arduradun Ione Narbaiza Gallastegiren arabera. Lehen, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan eskualde mailako norgehiagokak egiten ziren aurrena, eta, fase gisa ez ezik, eskualdeak “indartzeko” ere balio zuten. Alabaina, gogoeta bat abiatu zuten helburuok beste bide batzuetatik lortu ahal izateko, hasieratik bertsolari denek batera kanta zezaten. Ondorioz, Bizkaiko Txapelketa udaberrian hastea erabaki zuten, eta Udabarria bertsotan izeneko sailkapen fasea sortu zuten elkartekoek.

Eskualdeei dagokienez, taldekakoa abiatu zuten, eta, nahiz eta oraindik badauden tokiko txapelketak, bertsozale elkarteak hura “sustatu” du, bereziki, Narbaizaren hitzetan hainbat helburu betetzen baititu. “Taldeak eskualde edo bertso eskola mailan egiten dira, eta horrek talde izaera sortzen du”. Taldeetatik abiatuta, amarauna eratzeraino. “Parte hartzaileak gainontzeko bertso eskolekin elkartzen dira, eta saioak batera jokatzen dituzte. Bizkaia mailako saretzea ere badakar”.

Izaera “informalagoa” du taldekakoak, Narbaizaren ustez, eta ezaugarri hori abantaila izan daiteke ohiko saioetan parte hartuko ez luketen zaleak erakartzeko. Batetik, “hasiberriei zuzenduta dago, ohiko txapelketetarako pausoa eman ez dutenei”, taldeak “segurtasuna” ematen dielako parte hartzaile ez hain arituei, eta, oro har, lehiakortasun txikiagoko formatua delako, baita errazagoa ere, adierazi duenez.

Baina, era berean, txapelketetan ibilitakoei ere zuzenduta dago, “entrenamendu erritmo horri jarraitzen ez diotenei, baina bertso eskolako ariketekin gustura eta beste plaza informaletan gogotsu dabiltzanei”. Horiei denei lekua eskaintzea du xede taldekako txapelketak, Narbaizak azaldu duenez.

Gai jartzaileak eta beste

Txapelketan parte hartuko duten taldeek seina kide izan behar dituzte gutxienez, hainbat funtzio bete behar baitituzte: hiru bertsolari, eta gai jartzaile, epaile eta laguntzaile bana —dena dela, zortzi eta hamar taldekide artean gomendatzen dituzte antolatzaileek—. Hori horrela, bertsolariak ez ezik, bestelako lanak betetzeko jendea ere erakarri nahi dute. “Orokorrean, kantatzeko prestasuna handiagoa izaten da. Baina bertso eskolen bueltan badaude bestelako funtzioak betetzen dituzten kideak ere. Txapelketaren bidez, lortzen dugu indartzea epailetza, gai jartzailetza eta antolakuntza ere”.

Hala, bertsotan ez ezik, bestelako funtzioak ere batera egingo dituzte. Gaiak talde guztietako jartzaileen artean erabakiko dituzte, esaterako, eta puntuazioak ere, antzeko: kasu horretan, publikoak ere izango du zeresana, talde bakoitzeko epaileen balorazioari gehituko baitzaio ikusleen epaia. Saioa bukatzean, denen artean erabakiko dute zein taldek egingo duen aurrera. Saioaren egitura bera ere adostutakoa izango da: antolatzaileek proposatu dute molde bat, baina taldeek ez diote zertan hari jarraitu; bat etortzen badira, aukera izango dute beste bat hautatzeko.