Faxismoaren aurka aritu zen Benita Uribarrena omendu dute Durangon

Faxismoaren aurka aritu zen Benita Uribarrena omendu dute Durangon

N. S. O.

Joan den asteazkenean 100 urte beteko zituen Benita Uribarrena Bollarin (Durango, 1922 Le Soler, Herrialde Katalanak, 2011) frankismoaren eta faxismoaren aurkako borrokalariak. Ama komunista eta aita sozialista zituen, eta 1936ko gerra egoerak bultzatuta, Durango bere jaioterritik alde egin behar izan zuen. 15 urte zituen. Bigarren Mundu Gerran Frantziako Erresistentzian ere aritu zen, eta kondekoratu egin zuten. Herenegun, durangarra jaio zeneko mendeurrenean, omenaldia egin diote herrian.

Bertsoak, musika eta dantzak lagunduta izan zuten gogoan Uribarrena. Haren alabak lore eskaintza egin zion, eta gaztetan herritik ihes egin behar izan zuen emakumearen bizitza eta militantzia izan zituzten gogoan. Hain zuzen, Durango 1936 elkarteak egin du Uribarrenaren ibilbideari buruzko ikerketa.

Uribarrenak 9 urte zituela aldarrikatu zuten Errepublika Espainiako Estatuan. Uste dutenez, haren ama Benita Bollain Bilbaok aurreratu zien albistea Durangoko herrikideei, herrian egunkariak saltzeko kioskoa baitzuen.

Santiago Uribarrena Munitxa aitak, berriz, 1934ko urriko grebetan hartu zuen parte. Badirudi armak ere ezkutatuta zeuzkatela errekan. Norbaitek salatu zuen, eta guardia zibilek atxilotu eta armok ateratzera eraman zuten errekara, 1934ko abenduko gau batean. Pneumoniak jota hil zen handik egun batzuetara. Hala jaso du Durango 1936 elkarteak.

Bonbardaketetatik ihesi

Elkartearen arabera, Benitaren neba-arreba nagusiak Francisco Francoren erregimenaren aurka borrokatu ziren. 1937ko martxoko bonbardaketen ostean, Benitak, haren ahizpa batek, eta amak Frantziara egin zuten ihes.

Uribarrena PCEko kidea zen, eta, Durango 1936 elkarteak ikertu duenaren arabera, bi erresistentziatan aritu zen borrokan: batetik, nazien okupazioaren kontra eta, bestetik, Francoren erregimenaren aurka. Naziek atxilotu egin zuten, baina libre irtetea lortu zuen. Uribarrena “bizialdi bateko militantzia antifaxistaren historia” dela esan dute Durango 1936koek. Imma Garrastatxu Durangoko alkateak ere bide beretik laburbildu zuen Uribarrenaren izaera ekitaldian: “Konprometitua eta kementsua, borrokalaria. Emakumea”.