“Nahikoa da Europak jarritako kupoa, ondo kudeatuz gero”

“Nahikoa da Europak jarritako kupoa, ondo kudeatuz gero”

Javi West Larrañaga

Ia bizitza osoa eskaini dio Eusebio Aranzamendik (Ondarroa, 1956) itsasoari. 14 urterekin hasi zen baxurako arrantzaren industrian, eta, gaur egun, Ondarroako arrantzale kofradiaren presidentea da, eta baita Bizkaiko Kofradien Federazioaren burua ere. “Gauzak ondo badoaz”, abenduan hartuko du erretiroa.

Hasi zarete baxurako arrantzaleak berdelarekin. Laster antxoarekin hasiko zarete?

Antxoarekin hasita daude, martxoaren 1etik hasi ahal izan da, eta joan den astean ekarri zuten jada portura. Ez ziren kopuru handiak izan, eta antxoa txikia izan zen: 60-80 zentimetro bitarteko arrainak ekarri zituzten.

Zelan ikusten duzue aurtengo denboraldia?

Zer esango dizut, ba. Beldurra dago oraingoan arrain handia [Bizkaiko itsasoaren] mendebaldetik agertuko dela. Hemen ekialdetik ibili direnek eta sarea bota dutenek arrain motza hartu dute, eta erriatu egin dute. Kiloan 90 ale daukagu orain martxoan, eta hori baino txikiagoa izan dena erriatu egin dute. Susmo guztien arabera, arrain pixka bat handiagoa mendebaldetik agertuko da, iaz eta aurreko urtean bezala.

Urte hauetan jaitsi egin da baxurako arrantza egiten duten itsasontzien kopurua, baina harrapatzen den arrain kopurua ez da gutxitu, ezta?

Ez, eta, nahiko bagenu, iaz eta aurten ere gehiago hartu ahalko genuke, baina ez du merezi. Joan den urtean 1,14 euroan geratu zen antxoaren batez besteko prezioa. Horregatik nahi genuen banaketa egin: ikusteko ea urtebetean kapaz ginen antxoari balioa emateko. Ea garestiago sal genezakeen. Horregatik nahi genuen aurten urtebeteko proba egin.

Zein zen aurten egin nahi zenuten proba hori?

Txalupa bakoitzak bere kupoa eta banaketa egitea. Urte guztirako kopuru bat ezarri, eta, horrela, txalupek eurek kalkula dezakete noiz harrapatu behar duten, zer kopuru harrapatu behar duten eta zelan jolastu behar duten. Txarto irteten dela ikusten badugu, ba lehengo modura.

Zelan kalkulatuko zenukete?

Estatistikek erakusten dute txalupa bakoitzak lau urtean zenbat arrain harrapatu duen. Horrez gain, probintzia bakoitzeko partida dago, eta horrela kalkulatzen da bakoitzari zenbat tokatzen zaion, eman dituen tonen arabera. Hamabi gizonetik gorako txalupa batek kopuru bat izango luke, eta hortik beherakoek, beste kopuru bat.

Adibidez?

Guk egin nahi genuena zen, adibidez, 150.000 kilo ezartzea txalupa bati, eta txalupa horrek kudea dezala zelan harrapatu behar duen arrain kopuru hori. Ikusi nahi genuen ea kapaz den iaz baino diru gehiago ateratzeko kopuru horrekin. Proba hori nahi genuen egin, baina azkenean ezetza irten zen bozketan.

Zu zeu hasi zinenetik hona asko aldatuko zen sektorea, ezta?

Bai, bai. Txalupa bakoitzak 6.000 kiloko kupoa ipini genuenean irabazi genuen diru gehien. 1980-1990eko hamarkadak ziren.

Pozik zaudete Europak aurten ipini dituen kuotekin?

Bai. Guri ia-ia berdin zaigu. 25.200.000 kilo dira. Arrain nahikoa da hori, ondo kudeatuz gero. Gehiago har genezake, biomasak hobeto daudelako, baina ez zaigu interesatzen. Zenbat eta kopuru handiagoa hartu, arrain txikia bada, merkeagoa joango da. Ezin duguna egin da antxoa kiloa 20, 30 edo 40 zentimotan saltzen ibili.

Itsasontzi bakoitzak bere kuota izanez gero, erreza litzateke betetzen dela bermatzea?

Kofradiara etortzen direnek pisu jakin bat dakarte, eta banan-banan Madrilera egunero bidali behar dute zenbat arrain saltzen duten. Orain, ez dago aukerarik tranparik egiteko, lehengo gauzarik ez dago. Ezin daiteke. Harrapatzen bazaituzte, zuk txalupa modernizatzeko kobratu dituzun diru laguntzak ere itzuli egin behar dituzu. Gaur egun, askoz zorrotzago zaintzen da hori. Olgetan ezin daiteke ibil. Eta ez daukagu horretarako motiborik. Esaten dizut daukagun kuota nahikoa dela, ondo kudeatuz gero.

Eta ondo kudeatzen da?

Ez. Ezin da batez beste antxoa 1,14 euroan saldu. Horrexegatik nahi genuen proba egin aurten, baina ez gara kapaz izan. Pertsona batzuen buruan ez da sartzen hori egin daitekeela. Esaten diegu natural esateko ea zergatik ez duten nahi, baina ez digute esaten.

Errelebo falta aspaldi hasi zarete igartzen.

Betiko arazoa da. Etorkizunean gehienak indonesiarrak eta hegoamerikarrak izango dira, itsasoko lanak bizirik irauten baldin badu. Nik seme bat daukat, eta maisua da. Nik neuk esan diot beti nahikoa duela aita itsasoan egotea eta berak ez duela hori egin behar. Itsasoa, itsasoa da.

Baina ekonomikoki badu saria.

Lehen, ondo irabazten zen, eta bizimodua hobetu egin da aspaldian, baina lehorrean zortzi ordu egiten dituzu lan, eta etxean egiten duzu lo. Itsasoan, berriz, lo ere bertan egin behar duzu, eta arazo guztiak zurekin dituzu momentu guztietan. Ez zaude etxekoekin. Nire kasuan, ni konturatzerako, semea ezkonduta eta seme alaba-birekin ikusi dut. Tailerreko beharrak monotonoak eta aspergarriak dira, baina, bukatu ostean, beharrak ahazten dituzu eta andrearekin zaude, eta umea jaiotzen eta hazten ikusten duzu. Familiarekin bizi zara. Itsasoan hori ez da horrela.

Baina lana aldatu egin da?

Bai. Lehen, txalupa txikiagoak ziren. Orain, araztaileak dauzkagu baxurako barkuetan, eta beste kontu batzuek erosotasuna gehitzen dute, egunean-egunean. Lehen, hamasei gizonek 2.000 litro urekin hamabost egun edo hogei egun egiten genituen itsasoan. Hori aguantatu egin behar da.

Gaur egungo teknologiarekin errazagoa da?

Askoz ere. Sonarra gora eta behera ibiltzen gara. Ezin da konparatu ere egin lehengoarekin. Hala eta guztiz ere, itsasoan zaude.