Gehiagorentzako agertokia

Gehiagorentzako agertokia

Amaia Igartua Aristondo

Kontatzen dena edertu dezake kokalekuak, protagonisten elkarrizketaren gakoa izan daiteke, edo indartu zein ahuldu egin ditzake pertsonaien jarduna eta esangura. Ia oharkabean igaro daiteke ikuslearentzat, edo bereziki azpimarratu dezake zuzendariren batek. Eremu zabalek txiki bilakatu ditzakete gainontzeko elementuak, gidoiak esaten duenaren kontrara, akaso. Eta, beste lurralde batzuetako paisaiek bezalaxe, Bizkaiko kaleek, hondartzek, kobazuloek eta basoek, besteak beste, balio dezakete kontakizunak girotu eta biribiltzeko.

Eta, datuei erreparatuta, inoiz baino gehiago izan zaizkie paisaiok baliagarri bertoko zein nazioarteko zuzendariei eta ekoizleei, pandemia aurreko kopuruak berreskuratzeraino eta, are, gainditzeraino, zenbait kasutan. Izan ere, 2021ean 161 filmaketa egin ziren lurraldean guztira, 2019an baino bederatzi gehiago. Bilbao Bizkaia Film Commission erakundearen balantzeari dagozkio datuok: 2015ean sortu zuten Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak, eta bitartekari lana egiten du ekoizleen eta erakundeen artean.

“Emaitza positiboak eta itxaropentsuak dira”, nabarmendu du Xabier Otxandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu zinegotziak datuen aurkezpenean. “Sektoreak ondo funtzionatu du, COVID-19aren pandemia gorabehera. Ikus-entzunezkoen industriarentzat, ondo kokatuta dago Bizkaia”. Gainera, garapen horrek berekin ekarri ditu lanpostuak, zinegotziaren hitzetan: hain zuzen, filmaketekin lotutako 1.186 kontratu egin ziren, eta eragin ekonomikoa 13,85 milioi eurokoa izan zen. Hazkundea egon da hor ere, izurritearen aurreko datuekin alderatuz gero: 2018an, 13 milioi ingurukoa izan zen ekarpena; 2021ean, %6,4 handitu zen.

Captura de pantalla 2022-03-10 a las 20.25.07

Filmaketak lurralde osoan egin zituzten; zehazki, 59 udalerritan, hala nola Bilbon, Plentzian, Bermeon, Turtziozen, Ondarroan eta Zeanurin. Orobat, askotarikoak izan ziren formatuak: publizitate iragarkiak izan ziren nagusi, 48 filmatu baitzituzten; 35 film labur egin zituzten, 21 bideoklip, hogei telebista programa, hamasei dokumental, bederatzi film luze, zazpi argazki saio, lau telesail eta webeko saio bat. Ikus-entzunezkoetatik 78 Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako ekoiztetxeenak dira. Dena den, ez dute zehaztu zenbat izan ziren euskarazkoak.

Nazioarteko ekoizleen artean, streaming plataformak aipatu zituen Ainara Basurko Ekonomiaren Sustapenerako foru diputatuak balantzearen aurkezpenean. “Garai ona da. Streaming plataforma bat finko egitea lortuko bagenu, aukera izango genuke merkatua pluralagoa eta irekiagoa egiteko”. Iaz, esaterako, Netflix plataformak Intimidad telesaila ekoitzi zuen, Txintxua Filmsekin batera; eta Amazon Prime Videok ere interesa agertu zuen Bizkaian: RTVE, Mono Films eta Kilima Mediarekin batera, Sin límites telesaila ondu zuen, eta El Internado saioaren bigarren denboraldia, Atresmedia eta Globomediarekin elkarlanean.

Bizkaian filmatutako ikus-entzunezkoen kopurua hazkunde joera betean dago, eta beste horrenbeste gertatzen ari da Bilbao Bizkaia Film Commissionek kudeatutako ekoizpen kopuruekin ere. 2021ean, erakundeak 232 proiektu kudeatu, aholkatu edo lagundu zituen. Haietako batzuk urtean bertan filmatu ziren, eta beste batzuk datozen urteetan onduko dira; hori dela-eta ez datoz bat filmatutakoen eta kudeatutakoen kopuruak.

Bilbao Bizkaia Film Commission

Eragin “positiboa”

Euskal Herriko beste agertoki batzuekin batera, Paul Urkijo zinema zuzendariak Karrantzako Pozalaguako kobak begiz jo zituen bere azken filma grabatzeko: Irati. Euskal mitoz jositako kontakizunak aterpe izango ditu, besteak beste, estalaktita ugariz betetako sabai eta zutabe zurrunak. Kobazuloa ikusi, eta zuzendariak oniritzia eman zion berehala, Karrantzako Udaleko Turismo teknikari Leyre Barrerasen arabera. “Ez zuen zalantzarik izan”. Era berean, bertoko udala “prest” agertu zen izan zitzaketen eskakizunei erantzuteko, eta, Barrerasek azpimarratu duenez, ez zien ezer kobratu ekoizleei kobetan grabatzearen truke.

Teknikariak dioenez, harreman estua dute Bilbao Bizkaia Film Commissionekin, Enkarterri osoa biltzen duen Enkartur elkartearen bitartez. “Gurekin harremanetan jartzen dira, esaten digute zeren bila ari diren ekoiztetxeak, eta begiratzen dugu ea eskualdeko zerk balio dakiekeen”. Aurretik ekoizpen laburragoak filmatuak zituzten, eta proiektu “esanguratsuago” baten zain zebiltzan. “Uste dugu toki asko daudela interesgarriak izan daitezkeenak filmetarako, erreportajeetarako… Telebistarekin eta zinemarekin lotutako edozertarako”. Eta, urteak bila ibili ondoren, Irati heldu zitzaien.

Iazko azaroan egon zen pelikulako taldea: bost filmaketa egun “sutsu” izan ziren, astelehenetik ostiralera bitarte, baina aurreko larunbatetik zeuden han jada, agertokiak muntatu eta atontzeko. “Ekonomiari dagokionez, oso ondo etorri zen. Karrantzako ostaturik handienean egon ziren astebetez, bainuetxean. 50 gela baino gehiago ditu, eta denak hartu zituzten”. Behe denboraldi betean, gainera. “Azaroa hilabete txarra izaten da; jendea Gabonetako oporretarako aurrezten aritzen da, Pozalaguako kobetara ere bisitari gutxi joaten dira… Ostalaritzarentzat injekzio ekonomikoa izan zen”.

Eta ez bakarrik ostalarientzat. Izan ere, agertokietara ez ezik, han inguruko langileengana ere jo dute filmekoek aparteko lanetarako. Adibidez, kobetako plataformak moldatu behar izan zituzten, filmean hesiak ager ez zitezen: Karrantzako langile bati enkargatu zioten beharra. Halaber, garbiketa eta catering zerbitzuak ere bertoko enpresei ordaindu zizkieten.

Gisa horretako ekoizpen bat hartzen duten lehen aldia izanik, ezin dute aurreikusi zer ekarpen egingo dien, Barrerasen ustez. Filmaketa bukatu da dagoeneko, baina oraindik ez da estreinatu; dena den, Barreras ziur da filmak “arrakasta” izango duela; uste du ondorioz jendeak “kuriositatea” izango duela jakiteko zer lekutan grabatu den ekoizpena, eta, hortaz, horiek bisitatzeko gogoa izango duela. “Eragin handia edo txikia edukita ere, positiboa izango da”.

Askotariko agertokiak

Pozalaguako leizea

Denbora du hizpide Al Borde Films ekoiztetxeko Lanbroa dokumental laburrak: denbora du buruan Bego protagonistak, haren galera eta igaroa, gehienbat, gaixotasun bat berragertu baitzaio; horren ondorioz, antzinako erlojuak konpontzen hasiko da Xabier deituriko pertsonaia batekin batera. Emakumea igerileku batean murgilduko da, baita mendi elurtu baten tontorrera heldu ere, gaixotasunaren eta denboraren hartu-emanaren barnean. Eta kontakizunak bidelagun izango du, orobat, Bizkaiko arkitektura industriala.

Oro har, edozein ikus-entzunezko ekoizpenetan lokalizazioek duten egitekoa azpimarratu du Lanbroa-ko zuzendari Paula Iglesiasek. “Kokapenak aukeratzen ditugu gidoiaren arabera, eta horiei garrantzi handia ematen diegu, askotan laguntzen dutelako pertsonaiaren deskribapenean sakontzen”. Osagarriak dira hitzak eta irudiak, zuzendariaren hitzetan. “Tokiek istorioaren parte bat kontatu eta aparteko informazioa ematen dute; hala, kontakizuna osatzen dute. Lokalizazioa ona bada, hitzak aurrezten ditugu”.

2020an ekoitzi zuten dokumentala, eta Bizkaian girotzea hautatu zuten, lurraldeak “aukera asko” ematen baitu paisaiei dagokienez, Iglesiasek azpimarratu duenez. Ekoiztetxeko kideetako batek, Ana Sernak, lan egina zuen zinemarako eta iragarkietarako tokiak bilatzen. Alde batetik, Sernaren esperientziari esker erabaki eta lortu zituzten filmerako agertokiak, eta, beste alde batetik, Bilbao Bizkaia Film Commissionek eskainitako bitartekaritzari esker. Iglesiasen arabera, erakundeak lagundu die bestela askoz helezinagoak izango liratekeen tokiekin harremanetan jartzen, eta haietan filmatzen.

Lanbroa-ko protagonistak gipuzkoarrak dira, eta han gertatzen da istorioaren zati bat. Yeregi familiaren monumentu erlojuen berriztatzearekin lotutakoak kokatu dituzte Gipuzkoan, zehazki: momentu horretan, lanean ari dira Zestoako erlojuan eta hango auzo Aizarnan. ” Kontakizun sinbolikoa indartzen zituzten sekuentziak bilatu ditugu Bizkaian”.

Horretarako, “erloju industrialen iraganarekin lotuta”, Bilboko Zorrotzaurreko Consonni fabrika hustura jo zuten, besteak beste. “Bizkaiko industria ondarearen zati bat zen. Lekurik egokiena iruditu zitzaigun irudikatzeko protagonistek topo egiten zutela ez bakarrik batak bestearekin, baita Yeregi familiaren ondare historikoarekin ere”. Eta baliagarria izan zaie El Pobaleko (Muskiz) burdinola ere. Han egiten du topo Xabierrek bere senideekin. “Momentu horretarako, irudikatu genuen nola egiten ziren erlojuak suaren beroa erabilita, burdinolan bertan”.

2021eko ekoizpenei dagokienez, askotarikoak dira gaiak eta erregistroak. Film luzeen artean, esaterako, mendi igoera bat du ardatz Ibon Comenzanaren La cima lanak, eta ETAren indarkeria du hizpide Angeles Gonzalez Sindek zuzendutako El Comensal obrak, Gabriela Ibarraren izen bereko liburu autobiografikoan oinarritutakoak.