Behe lainoa

Lainoak dena izorratu dezake. Dena. Egoera edozein izanda ere. Galdetu bestela joan zen domekan Arrazolara joandakoei. Eguzki izpiek Arrazolako San Roke ermita argiztatu ohi dute, Anbotoko horma bertikaletan dauden zulo naturalak igarota. Fenomeno bitxia da. Ezohikoa. Urteko egun gutxi batzuetan baino gertatzen ez dena. Eta bitxikeria hura ikusteko asmoz azaldu ziren berrogei bat lagun ermita aldera. Baina putza. Mendi-haitzak lainoagaz inguratuta zeudenez gero, han ez argi izpirik, ez zulorik, ez eta argiztatutako ermitarik ere. Datorren urtera arte itxaron beharko, Mariri otoitz egin eta fenomenoa begien aurrean erakutsi dezan.

Behe lainoak dena izorratzen duela arrazoitzeko bigarren froga: bestondoa. Bezperan Durangoko alde zaharrean poteatzen ibili eta gero, behe laino moduko batek hartua zidan buru barrena. Nahikoa lan, parrandako elkarrizketak, anekdotak eta kebabaren jogurt saltsa praketara noiz jausi zitzaidan denbora lerroan kokatzen. Ekuazio mental astuna domeka goiz baterako. Astunegia, Don Frenadol barik egiteko. Azkenean, domeka goizean harturiko botikak gorputzeko tutuerian barrena bidaiatzen zuela, akordatu nintzen Durangoko tabernetako estolderian aspaldi ikusi bako lagun zahar batekin egin nuela topo. Urteak ziren elkar ikusten ez genuela. Deitu diezaiogun aspaldiko lagun horri Edorta.

Edortak komentatu zidan pozik zegoela bizitzaren gorabeherekin, baina aitortu zidan zailtasunak ere topatu dituela bidean. Eta, garagardo bat hemen, beste garagardo bat han, inori kontatzera ausartu ez zena kontatu zidan belarri ondora. Edortak esan zidan urteak igaro dituela neska lagunarekin ohean gozatzeko zailtasunekin. Trauma modukoa izan duela, azaltzen zaila den oztopo bat izan duela. Psikologoarenera joaten ibili dela esan zidan, eta adierazi zidan hari eskerrak arazoari buelta ematea lortu duela, eta, orain, bikotekide neska lagunak eta biek primeran pasatzen dutela ohean. Asko poztu nintzen hark lorturiko gozamen iturri berriagatik eta niri zerbait hain intimoa kontatzeko izandako konfiantzagatik.

Edortak bere behe laino partikularra bizi izan du urteetan. Ez du arau matxistak gizonezkoari eskatzen dion sexualitate basati, gartsu, aseezin hori bete. Ez du arau koitozentrista bete, eta, araua bete ez duenez, behe laino artean galduta sentitu da noraezean. Baina Edortak zerbait erakutsi badu da sexualitatea askotarikoa izan daitekeela. Izan daitekeela gartsua barik lasaia, ederra, pausatuagoa. Sarketan oinarritu bakoa. Besarkadetan, mimoetan oinarriturikoa. Behe laino matxistaz desegiten hasteko pauso txiki bat eman du. Bai bestelako sexualitate bat lantzeagatik, eta baita matxismoak “emekeriatzat”, “marikoikeriatzat” jo dezakeen jokabide intimo bat hain modu naturalean beste gizonezko batekin partekatzeagatik ere. Matxismoa hain da txarra, gizonezkoei behe lainoa eragiten dien bitartean, trumoi, tximista, oinaze eta infernua izan daitekeela emakumeentzat. Eta azken horien ereduari segika, hobe dugu hortik ikasi eta zerumuga oskarbi bat bilatu.