Badu bere lekua ostera ere

Badu bere lekua ostera ere

Olatz Enzunza Mallona

Urteko aurreneko jaialdietako bat izaten da Gernika-Lumoko Lekuek festibala, eta zaleek ere mimoz gordetzen dute data beren agendetan. “Urterik urtera, gernikarron eta Urdaibaiko musika taldeen bilgune sendo bilakatu da jaialdia”, kontatu du Ander Guerrero antolatzaileak. Bederatzigarren aldia izango du aurten, eta, normaltasunerako jauzia eginez, askotariko egitarau “eklektikoa” prestatu dute, “soinu eta jarrera ugari biltzen dituena, eta proposamen berriak ezagutzeko aukera ematen duena”. Bihar abiatuko da, eta, astebetez, kulturaz blaituko du udalerria.

Jaialdiaren azken bi urteak ez dira errazak izan: 2020ko aldia eten egin behar izan zuten pandemiaren eraginez, eta, iaz, formatu txikiko eskaintza prestatu behar izan zuten; aurten, baina, indarrez beteta datozela aurreratu dute antolatzaileek. “Formatu arruntera itzuliko gara, eta hori da, zalantzarik gabe, berrikuntzarik handiena”. Joan den azaro inguruan ekin zieten prestaketa lanei, eta oro har “nahiko prozesu konplexua” izan dela aitortu du Guerrerok: “Ziurgabetasun handia zegoen, eta egoera ere oso aldakorra zen”. Dena den, abendu erdialdean, jaialdia normaltasunez egiteko hautua egin zuten: “Pandemiak sortu digun hibernaziotik esnatuz, pandemia aurreko harremanak berreskuratu nahi genituen, bai fisikoki bai emozionalki”.

Metalak emango dio hasiera aurtengo aldiari: Numen, Prhymerial eta The Broken Horizon taldeak ariko dira Astran. Baina, horiez gainera, musika estilo andana nahastuko da egitarau bakarrean. Besteak beste, Za!, Verde Prato, J Martina, Empty Files, John Duer & The Blues Freaks eta Skakeo ariko dira.

Musika izango da oinarri nagusia, baina bestelako jarduerak ere prestatu dituzte: erakusketak, aurkezpenak, irratsaioak, tailerrak eta zinekluba. “Lekuek musikaren bueltan sortutako festibala da, baina bestelako arte eta kultura formatuak uztartzen ere saiatzen gara”, dio Guerrerok.

Iparragirre elkartea eta Astra izango dira ekitaldiak egiteko gune nagusiak, eta horiei beste leku bat gehituko diete: Kult Parnasoa. Era berean, Lizeo antzokian eta herriko liburutegian egingo dituzte kontzertu eta emanaldietako batzuk, baita herriko zenbait tabernetan ere. “Kaleari eta herritarrei oihartzun handiagoa emango diegu aurten”. Jendearen erantzuna “espero baino hobea” izan dela azpimarratu du Guerrerok. “Gogotsu gaude”.

Ari da handitzen pixkanaka

Boluntarioen lanari eta hainbat elkarteri esker antolatzen dute urtero-urtero Lekuek festibala. Dislokazioa izango da aurtengo gai nagusia, eta desberdina denaren ikusgaitasunean jarri dute arreta nagusia: “Gure gorputz, nahi eta desirek egin dezaten zuen beldurren lubaki”.

Urtetik urtera geroz eta harrera hobea dutela diote antolatzaileek, eta pozik daude jaialdia hartzen ari den dimentsioarekin: “Herritik eta Urdaibaitik ateratzen joan da Lekuek; geroz eta jende gehiago etortzen da kanpotik”. Eta horrek handitzeko aukera eman die: “Gure filosofia herritik ateratzeak ikusgaitasuna eta aukerak eman dizkigu”.