Ospitalearen aukera, hurbilago

Ospitalearen aukera, hurbilago

Javi West Larrañaga

Akordioa erdietsi du Elkarrekin Podemos-IU koalizioak Eusko Legebiltzarrean, Durangaldeko osasungintzaren beharrak aztertzeko. Hasieran, koalizioak proposatu zuen ospitale bat eraikitzea, baina aldaketak egin dizkiote eskaerari, eta alderdi guztiek egin dute azterketaren alde, Vox alderdiak izan ezik. Urtebeteko epean egin beharko dute.

Durangoren eta Durangaldearen erreibindikazio “historikoa” da ospitalearena, Julian Rios Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea udal taldeko kidearen arabera. Durangoko Udaleko alkateordea da, eta, esan duenez, 2017an hasi zen haren taldea herriaren beharrizanak identifikatzen, oposizioan zegoenean. “Durangaldea eta Lea-Artibai eremua osasungintzaren basamortu bat da”, azaldu du. Haren taldeak uste du eskualdean erreferentziazko ospitalerik ez izateak ondorioak dakartzala. “Ikusi genuen pediatria zerbitzuen gabezia bat zegoela zona honetan, eta umeak direla diskriminatuenak”. Izan ere, koalizioak Eusko Legebiltzarrean salatu zuen 40 minutu behar direla Durangotik Gurutzetako larrialdi pediatrikoetara heltzeko, hurbilago dauden Galdakao-Usansoloko ospitalean eta Gernika-Lumon ez dagoelako halakorik. “Imajinatu Elorriotik, Zaldibartik edo Markina-Xemeindik joan behar dutenak”.

irudia_ikusi

Durangoko alkateordeak azaldu du anbulantzia medikalizatu bat ere eskatu zutela larrialdietarako, gaur egun herrikoei dagokiena Gernika-Lumokoa delako. “Errepidearen ezaugarriengatik, denbora dezente gehiago behar da Gernikatik hona etortzeko, hemendik Gurutzetara joateko baino”, adierazi du. Koalizioaren datuen arabera, 2019an Durangaldeko eta Lea-Artibaiko umeen 4.500 larrialdi pediatriko baino gehiago artatu zituzten, eta horietako hamaseitan bakarrik erabili zen anbulantzia. “Jakinda anbulantziak denbora gehiago beharko duela, jendeak umea norberaren ibilgailuan eroatea erabakitzen du gehienetan”.

Bestalde, Riosek adierazi du Bizkaiko ospitaleen banaketa dela arazoen erroetako bat, eredu “Bilbozentrista” bati jarraituta eraiki dituztelako. Gipuzkoako eredu “deszentralizatuarekin” alderatu du Bizkaikoa, “han erreferentziazko ospitale bat daukatelako eskualde bakoitzean”. Salatu duenez, azkenaldian gero eta gehiago bideratu dituzte durangarrak Gernika-Lumoko ospitalera proba diagnostikoak eta esku hartzeak egitera, “Galdakao-Usansoloko ospitalea gainezka dagoelako”.

Garraio publiko zuzena

Testuinguru horrek eragin zuen koalizioak ospitale bat eskatzea eskualdearentzat, baina Riosek adierazi du badakiela ez dela egun bakarrean egiteko proiektua. Onartu du jendea Gernika-Lumora bideratzeak epe laburrean konpon dezakeela Galdakao-Usansoloko ospitalearen arazoa, baina uste du administrazioak baliabideak ipini beharko lituzkeela Durangaldeko biztanleak hara joan daitezen, egun ez dagoelako garraio publiko zuzenik. “Jaietan eta trenbidean lanean ari direnetan egiten dituzte halakoak; bada, egin dezagun gauza bera biztanleak kalitatez artatu ditzaten”, nabarmendu du. “Osasungintza publikoa erabiltzea ez dadila gurutze bide bat izan”. Azaldu duenez, koalizioak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztu zuen proposamena, eta PSE-EEk erantzun zuen egon badagoela kalitatezko zerbitzu publikoa Durangotik Gernika-Lumora joateko. Sozialista da Bizkaiko Garraio eta Mugikortasun diputatua.

Akordioa ia alderdi guztiekin lortu arren, Riosek uste du “arrazoi estrategikoek” bultzatuta sinatu dutela zenbaitzuek. “Azken lauzpabost urteotan, sistematikoki esan diete ezetz gure proposamenei, baina datorren urtean foru eta udal hauteskundeak dira. Orain, agian, arriskutsua da berba egiteari uko egitea”.

Oraingo akordioa ikerketan bakarrik ez geratzea da koalizioaren helburua. “Oso erne” egongo dira gaiarekin, “azterketak bere kabuz ez dituelako beteko beharrizanak”. Esan du aferaren atzean “elementu ideologiko bat” dagoela. “Hemen ikusten da osasungintza publikoaren mesedetan ari garen edo osasungintza publikoa eraisten ari garen, seguru pribatuen hobe beharrez”. Koalizio morearen arabera, “ezinbesteko zerbitzuen aldeko apustua” egin behar da orain.