Naturak zeharkatutako festa

Naturak zeharkatutako festa

Amaia Igartua Aristondo

Soinu ezberdina dute ekaitzak eta euri jasak; ez dira gauza bera lorez eta arbolaz betetako baso lasai bat eta han-hemenkako begetazioak ilundutako oihan heze bat. Eta, orobat, askotarikoak izan dira batak zein besteak irudikatzeko teknikak: musika tresna askoren burrunbak iradoki dezake trumoi bortitza; biolin multzo baten leuntasunak, agian, udaberriko egun idiliko bat; loturarik logikoenak hautsi, eta beste bide batzuk esperimentatu ditzake beste musikariren batek.

Natura arte ororen inspiratzailea izan da, eta, zehazki, musika klasikoan utzi duen arrastoari erreparatuko dio Bilboko XXI. Musika-Musica jaialdiak, gaurtik etzi arte. “Lerro tematikoa aldatzea erabaki dugu, eta zeharkakoagoa den gai bat aukeratu dugu”, Begoña Escribano jaialdiko zuzendariaren arabera. Guztira, 70 emanaldi eskainiko dituzte jaialdian, haietako asko maratoi formatuan, eta 1.300 musikari igoko dira hiribilduko zenbait oholtzatara: hain justu, Azkuna zentroko auditoriumean, Bizkaia aretoko Mitxelena salan, eta Euskalduna jauregiko lau aretotan entzun ahal izango dira kontzertuak; gainera, aurten Arriaga antzokia ere batu zaio eskaintzari: hasierako kontzertua egingo dute bertan. Sarrerak 6 eta 12 euro artekoak dira.

EUSKADIKO_ORKESTRA_SINFONIKOA._ROBERT_TREVIÑO

Ibilbide bat proposatzen du festibalak: Errenazimentutik hasita, musika klasiko garaikidera arte, tarteko garai musikalak ere aintzat hartuta. Hasierako kontzertuan Joseph Haydnen Kreazioa joko dute, 1798. urtean estreinatutako lana. Bilboko Koral elkartea eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa ariko dira, besteak beste, Robert Howarthen zuzendaritzapean. Gaur bertan, Azkuna zentroan, La Grande Chapelle taldeak XVII. mendeko konpositore batzuen lanak interpretatuko ditu, Albert Recasens gidari; Mercedes Albainak kontzertuaren nondik norakoak azalduko ditu.

Doinu garaikideak eskainiko ditu, esaterako, Neuma flauta laukoteak. Estela Corcolesek, Alejandra Villalobosek, Anna Pujolek eta Raquel Diazek euren lehen diskoa aurkeztuko dute bihar, 18:30ean, Azkuna zentroan: Origen. Musikaz gain, eszenografiaz, hitzez, argiz eta kolorez blaitutako ikuskizuna egingo dute. Halaber, hiru hitzaldi ere badaude egitarauan: Nerea Alberdi, Angel Illarramendi eta Fernando Velazquez zinema konpositoreak euren jardunaz ariko dira gaur, 19:30ean, Bizkaia aretoan, Cesar Coca kazetari eta musikan aditua dutela moderatzaile; bihar, toki eta ordu berean, Cocak eta Patricia Sojok hizpide izango dituzte musikari klasikoen, naturaren eta zinemaren arteko loturak, eta etzi azalduko dute zinemako konpositoreek nola islatzen dituzten paisaiak euren sorkuntzetan, toki eta ordu berean.

Musika-Musica_3

Publikoaren aniztasuna

Escribanoren hitzetan, jaialdiaren helburuetako bat da “musika klasikoaren zaleak egoten jarraitzea, eta hura modu askotan aurkeztea”. Zale amorratuak eta adituak ez ezik, interesa izan dezaketen entzuleak ere badituzte jopuntuan, eta horiek erakartzea oinarritzat hartuta osatu dute egitaraua, hein batean. “Urtero saiatzen gara formatu berriak gehitzen: hasieran, formatu familiarra ez zegoen hain presente, adibidez”.

Gazteak zaletzeko, EHU Orkestra Sinfonikoaren kontzertu bat egingo dute bihar, 13:00etan, Bizkaia aretoan, eta, 20:45ean, “saio arlote” bat egingo dute Euskalduna jauregiko auditoriumean, Antonio Vivaldiren Lau urtaroak lanean oinarritutakoa. Gazteagoak ere nahi dituzte, ordea. “Publikoa zaletzeko modurik onena haurrak direnetik hastea da”, esan du Escribanok. Horretarako, La Companyia del Princep Totilau taldeak Ama Lurra ikuskizunaren bi saio eskainiko ditu Azkuna zentroan: bihar, 12:15ean, eta etzi, 11:00etan. “Lurraren sorkuntzaren ingurukoa da, eta oso txikiak garenetik geure buruari egindako galderak ageri dira”.

Era berean, Monica R. Curiel hezitzailearen Hodeiak desegiten “sormen esperientzia” ere ikusi ahalko da Bizkaia aretoan, gaur (11:00) eta etzi (12:15). “[Ludwig van] Beethovenen Pastorala-ren mugimenduetako batean dago oinarrituta. Umeek ikusiko dute nola igarotzen den euritik ostadarrera, Beethovenek nola irudikatzen duen hori bere obran”.

Jaialdiak izaera “dibulgatzailea” ere badu, zuzendariaren arabera. “Kontzertuak ohi baino laburragoak dira, publikoak musika gehiago eta askotarikoa entzuteko aukera izan dezan”. Gainera, programen iruzkinak egiten dituzte, “entzuleek uler dezaten zer dagoen konposizio horren atzean”. Saiatzen dira iruzkinok interpreteek eurek egin ditzaten.