Itsasoari lotua, ezinbestean

Itsasoari lotua, ezinbestean

Natalia Salazar

Nekez irudika daitezke gaur egun piratak eta kortsarioak Abrako badian. Ezta kontrabandistak itsasontzietan legez kanpoko salerosketak egiten ere. Garai haietatik sardina saltzaileen kantuetara, Santurtzik itsasoarekin izan duen lotura erakusten du Itsasoa museoak.

Portuan eta inguruan dagoen eraikinik enblematikoenean dago museoa, arrantzaleen kofradia izandakoan. 2012ko maiatzaren 14an ireki zituen ateak. Gaur egun, bi bisita mota eskaintzen ditu: gidatua, taldeentzat, eta norbere kabuz egiten dena, audiogida batekin egitekoa.

1600. urtearen aurretik hasi eta gaur egunera arteko ibilbidea egingo du bisitariak eraikineko beheko solairuan. Bertan dago museoa. Panel, bideo, azalpen eta hainbat elementuren laguntzarekin irudikatuko du herriak itsasoarekin izan duen eta duen lotura, hainbat arlotan: profesionala, soziala, kulturala eta ludikoa.

SANTURTZIKO ITSASOA MUSEOA

Santurtziren eta inguruen garai hartako ezaugarriek baldintzatu zuten garai hartako bizimodua. Hala azaldu du Gaizka Medina museoko gidak. “Abrako badian harea barra zegoen. Bilboko portura sartu behar zuten itsasontzientzat txarra zen hori, kostatu egiten zitzaien-eta hara iristea. Baina ona zen inguruko bizilagunentzat”. Pilotu praktikoentzako lana sortzen zuen horrek. “Pilotu praktikoak itsasontzietara joaten ziren, eta lagundu egiten zieten Bilboko portura iristen. Horrek diru pila bat ematen zion herriari. Ez Santurtziri bakarrik; baita Algortari [Getxo], Portugaleteri eta badia guztiari ere”.

Piratak eta kortsarioak

Medinak gogora ekarri du XVI. mendean merkataritza gehiena itsasotik iristen zela Bilbora. “Gaur egun ere komertzio asko dator itsasotik, baina garai hartan gehiena itsasotik zetorren”. Egoera hori baliatzen zuten piratek eta kortsarioek. “Batzuek eta besteek zer egiten zuten azaltzen dugu museoan: piratek lapurtu egiten zuten; kortsarioek ere lapurtu egiten zuten, baina atzerritarrei baino ez. Kortsario izateko, erregeak baimen bat eman behar zuen”, dio Medinak. Lapurtzen zutenaren erdia erregeari eman behar izaten zioten kortsarioek. Inguruko bizilagunak aritzen ziren pirata eta kortsario. Kanpokoak ere aritzen zirela azaldu du Santurtzi Itsasoa museoko gidak.

Ohiko estereotipoak apurtzeko kontakizun bitxiren bat edo beste ere aurkituko dute bisitariek. Maria Renteriaren historia ekarri du gogora Medinak. “Kontrabandista zen. Alegia, legez kanpoko salerosketak egiten zituen. Armak erosi edo saltzen zizkien atzerritarrei; itsasontzi frantsesei, batez ere”. XVI. mendea zen. “Bitxia da pentsatzea emakumea zela. Izan ere, kontrabandoari buruz hitz egiten dugunean, gizonekin irudikatu ohi dugu. Maria Renteria emakumea zen, ordea”.

Segidan, XIX. mendera salto egin du gidak ibilbide historikoan. “1887an, harea barra desagertu egin zen”. Portugaleten burdinazko kaia eraiki zuten. Harea alde batera eta bestera mugitzen zen, eta kanal antzeko bat agertu zen. “Hortik hasi ziren pasatzen itsasontzi guztiak”. Ontzientzat ona zen, zuzenean iristen zirelako Bilbora; baina txarra inguruko bizilagunentzat. “Galera ekonomikoak ekarri zituen Santurtzira eta badia osora. Bilboko portuarentzat, berriz, oso ona izan zen”.

Sardinaren historiak hartu dio lekukoa kontakizunari. “Garrantzi handia dauka. Santurtzi ezaguna da; sardinengatik eta sardina saltzaileengatik, batez ere”. Itsasontziak portura iritsi eta sirenen doinua entzun bezain laster korrika jaisten ziren sardina saltzaileak kofradiara. Enkantean sartzen ziren orduan. “‘Sardina kiloa lau pezeta, hiru pezeta, bi pezeta…’, hasten zen enkante gidaria. Interesatzen zitzaien prezioa entzutean, sardina saltzaileek botoiari sakatzen zioten, eta enkante gidariak ulertzen zuen nork zer preziotan erosi nahi zuen”. Txartel bat ematen zieten saltzaileei, eta portura joaten ziren arraina hartzera.

“Handik Bilbora abiatzen ziren, oinez. Batzuk Bilbora joaten ziren; beste batzuk, Leioara, Barakaldora edo bakoitzari zegokion eremura”. Ez ziren joaten merkatuetara. “Kalean jartzen ziren, ‘nork nahi ditu sardinak?’, galdezka”.

Sardina saltzaileek parte hartzen zuten enkanteak ezagutzeko bisita antzeztuak ere egiten ditu museoak, tarteka. Hurrengoa martxoaren 26an egingo dute, martxoa euskal kostaldeko museoen hilabetea dela aprobetxatuta. Sarrera doan izango da.