“Badira pribatuan artatuak izateko aukera duten arren gurera datozenak”

“Badira pribatuan artatuak izateko aukera duten arren gurera datozenak”

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Foru Aldundiak berdintasunaren alde egindako lana aitortu dio Belen Bilbao Borde ginekologoari (Plentzia, 1957), aurtengo hiru Zirgari sarietako bat emanda. Barakaldoko Argitan emakumeen arreta zentroak eta Bilboko Skolastika eskolako Josune Muñoz filologo eta ikertzaileak jasoko dituzte beste biak. Astelehenean egingo dute ekitaldia, 18:00etan, Bilboko BBK aretoan. Bilbaok esan du saria berari emango dioten arren, Auzolan modulu psikosozialeko talde osoak egindako lanaren aitortza dela. Han egiten du lan, 1986an sortu zenetik. Maiatzean 40 urte beteko dituzte. Pazienteak artatzen amaitu duenean hartu du elkarrizketarako tartea.

Zergatik medikuntza?

Bokazio kontua izan zen. Gure ama emagina zen. Baserrietako emakumeak artatzen zituen, Plentzian. Erditzeetan laguntzen zuen etxez etxe. Harengandik jaso nuen andreei tratu ona emateko ardura. Beraz, bai, bazegoen etxean eredu bat, baina, edozelan ere, nik mediku izan nahi nuen. Osasungintza publikoan hasi nintzen, baina denbora gutxi egin nuen. Errekaldeko [Bilbo] moduluan zebilen unibertsitateko kide batek esan zidan hau irekitzear zeudela, eta hala etorri nintzen.

Zein lan egiten duzue Auzolanen?

Gurea bezalako moduluak 1980ko hamarkadan sortu ziren, emakume taldeen eta auzo elkarteen ekimenez. Familia plangintzarako zentroak 23 ere izan ginen Euskadin. Hainbat arlok ez zuten behar besteko arretarik osasun sistema publikoan: emakumeen arreta, buruko osasuna, toxikomaniak, arazo psikologikoak zituzten ume eta nerabeen arreta, indarkeria matxista… Gaur ere, eskaintzen dieten zerbitzua ez da behar bestekoa. Gure egitekoa da babes eta arreta handiagoa behar duenari ematea. Denei arta bera eskainiz gero, aukera gutxiago dituztenak kanpoan geratzen dira. Osasun zentroetan ugalketa osasuna eta buruko osasuna beste arlo askorekin batera artatzen dira. Guk modu espezifikoan lantzen dugu, ezaugarri psikologikoak, kulturalak eta sozialak kontuan hartuta. Emakumeak osasunean eta ahalduntzean hezten ditugu. Osasun publikoko lehen arretari ezin zaio gehiago eskatu, eta are gutxiago gaur egun dagoen moduan egonda. Haiek eta gu osagarriak gara; lankidetzan jarduten dugu. Nik egindako lana gero Osakidetzara doa, eta familia medikuek hona bideratzen dituzte pazienteak. Garai batean, moduluetako asko sare publikora sartu ziren. Nik ere gurearekin horrela gertatzea nahi nuen, baina azkenean ez zen hala izan. Publiko egin ziren beste moduluak desagertu egin direla ikusita, orain uste dut publiko ez egiteak desagertzetik libratu gintuela. Soilik Bilbokoak geratzen gara; itunpekoak gara.

Zelan hasi zineten?

Hasieran Iralan geunden, auzo elkartearen lokal batean. Baina laster etorri ginen hona [Naja kaleko 5. zenbakian daude]. Ikusi genuen gure jardunaren erdigunea inguru honetan zegoela: San Frantzisko, Zabala eta Gorte kaleak. Hemen zeuden gizarte arazo nagusiak Bilbon: bazterketa, adikzioak, prostituzioa… Udalak lokal hau topatu zigun, eta hemen gaude 1995etik.

Garai hartatik asko aldatu da auzoa, ezta?

Penintsula iparraldeko heroinaren supermerkatua zen hau garai hartan. Indarkeria asko zegoen, buruko gaixotasunak, hiesa… Asko aldatu da, bai, eta uste dut gure moduluak izan duela zerikusirik horretan. 1980ko hamarkadan auzo hau ezagutu zuen edonork ikusten du aldea. Herritarrek lan itzela egin dute zona hau degradazio eta bazterketa egoera hartatik ateratzeko; eragileek, gobernuz kanpoko erakundeek, erakunde publikoek… eta guk, noski, eta harro nago horretaz.

Auzoa aldatzearekin batera, artatzen dituzuen emakumeen soslaia ere aldatuko zen.

Aldatu da, bai. Baina, funtsean, hona datozenen beharrak eta sufrimenduak antzekoak dira: gizaki guztiok ditugunak. Aldatzen dena problematika da. Gurera etorri diren guztiak artatu ditugu, baldintzarik jarri gabe, paperik eskatu gabe, kosturik gabe. Amek ekartzen dituzten gazteak dira gehienak; beste batzuek jarrera arazoak dituzte, edo arriskuan daude. Erdialdeko Amerikatik, Magrebetik eta Saharaz hegoaldeko Afrikatik etorritako emakume asko ditugu. Zaintzan eta garbiketan egiten dute lan. Lehen, gehienak sexu langileak, droga mendekoak eta buruko gaitzak zituztenak ziren; orain, ez. Halere, gehienak auzoko betiko andreak dira, adin guztietakoak: etxekoandreak, garbitzaileak, irakasleak, merkataritzako langileak… Badaude osasungintza pribatuan artatuak izateko aukera duten arren gurera etortzen jarraitzen dutenak.

Zergatik dago arreta ginekologikoa hain pribatizatuta?

Ginekologoarenera joatea ez da erraza: ordua ematen dizutenerako, denbora asko pasatzen da, eta, batez ere, patologia kirurgikoak artatzen dituzte. Baina badaude beste min batzuk, beste ezinegon batzuk, bizitza kalitateari eragiten diotenak eta artatu behar direnak. Emakume guztiok nahi dugu entzun gaitzaten, ulertu gaitzaten eta lagun gaitzaten. Gu hori egiten ahalegintzen gara hona datozenekin. Pazienteen artean baditut duela 30 urtetik ezagutzen ditudanak. Bizitza partekatu dugu haiekin; eta badakite behar bagaituzte hor egongo garela beti. Hori ezinezkoa da Osakidetzako espezialitate zentroetan, eta, horregatik, emakume askok larrialdietara edo osasungintza pribatura jotzen dute arreta bila.

Gizartearen bazterretan bizi direnekin egin duzu lan mediku zarenetik, eta bizipen pertsonal gogorrak ezagutu dituzu. Ez zaizu gogorra egin? Inoiz ez duzu pentsatu uztea?

Bizi izan ditugun esperientziek egin gaituzte garen modukoak. Eragina du gugan, noski, eta sasoi hobeak eta txarragoak dituzu. Baina nik nahi izan dudana egin dut beti, niri gustatzen zaidana. Bizitzan hainbat bide hartu gabe geratzen dira, eta ez dakizu bidegurutze hartan beste bidea hartu izan bazenu nondik nora joango zinatekeen. Hala ere, atzera egiteko aukera izanez gero, uste dut berriro bide beretatik joango nintzatekeela. Hau asko gustatzen zait. Lan honek aldatu egin nau, heldutasuna eman dit eta asko irakatsi dit. Ospitale batean, esaterako, beste gauza batzuk ikasiko nituzke, baina hura ere lan gogorra da. Osasungintza pribatura ez nintzateke sekula joango.

Medikuntza feminismoa praktikara eroateko modua izan da?

Zauden lekuan zaudela, egiten duzun lana egiten duzula, emakumeen berdintasunaren alde egiten duzu borrokan. Nire lana hori lortzeko modu zoragarria da.

Unibertsitatean izan zenuen lehen harremana feminismoarekin, Bizkaiko Emakumeen Asanbladaren bitartez. Zelan gogoratzen duzu garai hura?

Gaztaro zoragarria izan zen, baina pasatu zen hura ere. Hasi ginenean, dena zegoen egiteko. Gure amek bultzatu gintuzten ikastera eta lan egitera, ekonomikoki autonomoak izatera. Askok ez dute aukera hori izan, eta funtsezkoa da desberdintasunak gainditzeko. Botere harremanak aldatzea asko kostatzen da. Asko geratzen da egiteko, bai bikote harremanean, bai lan munduan, bai gizarte aitortzan. Hor dugu etxeko langileen eta zaintza arloko langileen kasua: baldintza prekarioetan bizi dira, ia eskubiderik gabe.

Egiteko eta lortzeko falta den hori da hemen ikusten duzuna…

Erdialdeko Amerikatik eta Afrikatik datozen emakumeek beste kultura bat dute, haien gizarteak oso patriarkalak eta matxistak direlako: emakumeak senarren ondasuna dira, uzten dituzten arte. Haien zeregin nagusi eta ia bakarra senarrari seme-alaba asko ematea da. Seme-alabarik gabeko emakumea baztertu egiten da. Gero, senarrek andrez aldatzen dute, eta ahaztu egiten dira seme-alaben mantenuaz ere. Horregatik, andreak hona etortzen dira, baldintzarik txarrenetan lan egitera. Matxismoak sekulako eragina du emakumeon osasunean: mutilazio genitala, ezkontza behartuak, haurdunaldiak nerabezaroan, andreen salerosketa eta trafikoa, prostituzioa, indarkeria sexuala… Herrialde askotan, oraindik ere, heriotza asko eragiten dituzte haurdunaldiek, erditzeek eta abortuek, arta gabeziagatik eta antisorgailuak lortzeko aukera faltagatik. Emakume feministon borroka beti izan da, da eta izango da amatasunaz, bikote harremanez eta bizitzaz erabakitzeko eskubidea eta aukera lortzea emakumeontzat.

Bizkaisida Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordeko presidente ere izan zara hainbat urtez. Zelan iritsi zinen hara?

Hiesaren pandemiak eragile asko mobilizatu zituen. Batzordearen sorreran parte hartu nuen, Familia Planifikazio Zentroen Koordinakundeak bidali ninduelako. Heroinaren kontsumoa triskantza itzela eragiten ari zen. Zero kontsumoarena zen orduko politika, eta adikzioa zuten guztiak osasun sistematik eta gizartetik kanpo geratzen ziren. Testuinguru horretan ipini genituen martxan [Espainiako] Estatuan aitzindari izan zen xiringak partekatzeko programa, kalean bizi zirenentzako Kafe eta Bero Zentroa eta arrisku taldeentzako prestakuntza ikastaroak. Urte gogorrak izan ziren. Gaindosien ondorioz jende asko hiltzen zen; baita nahastutako droga kontsumitzeagatik ere, hiesagatik, hepatitisagatik…

Batzordetik Jaurlaritzara joan zinen. Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren gobernuan Droga Mendekotasun zuzendari izan zinen. Nolatan egin zenuen politikarako jauzi hori?

Batzordearen bitartez izan zen; Ezker Batuak eraman ninduen. Ordura arteko politikak aldatzera joan ginen. Arestian esan bezala, Ameriketatik zetorren zero kontsumoa zen politika bakarra. Baina jendeak kontsumitzen jarraitzen zuen, GIBarekin eta hepatitisaren birusarekin kutsatzen… Hiesarekin planteamendu errealistagoak agertu ziren: gutxitu ditzagun kalteak, ikus dezagun jendeak zer behar dituen, zelan biziraun dezakeen, zelan hobetu dezakegun haien osasuna… Ildo berri hori zabaltzen hasi ahala, kutsatzeak gutxitzen hasi zirela ikusi genuen. Kontsumo Higienikoaren Gela sustatu genuen, esaterako. Erkidego osoan proiektu garrantzitsuak bultzatu genituen. Harro sentitzen naiz ikustean gaur egun hori dela Europako Batasunean eta Espainian erabiltzen den politika. Orduan haize kontra ibili behar izan genuen. Gaur egun, eritasun kroniko bat da hiesa, beste hainbat bezala. Estigma galtzen ari da, bazterketa. Baina hor jarraitzen du, eta prebentzio neurriak betikoak dira. Ikusi dugu gaixotasunak ukatzeak eta haiek ez baleude bezala jarduteak egoera okertzen duela eta jende asko hiltzea eragiten duela; izan hiesa, izan COVID-19a.

Tabakoaren kontrako legeak indarrean jartzea ere tokatu zitzaizun Jaurlaritzan. Polemikoa izan zen, baina azkenean ez zen hain traumatikoa izan, ezta?

Ondo atera zen, bai. Ohiturak aldatzea beti izaten da zaila. Ez zen hain traumatikoa izan, ostalaritzarekin negoziatu genuelako.