Urte oparoa izango dute udalek

Diputazioaren Herriak Egiten funtsak 58 milioi banatuko ditu udalen artean. Udalkutxaren iazko likidazioagatik beste 80 milioi jasoko dituzte.

Ibai Maruri Bilbao

“Garai estuetan denok sufritzen dugu, baina garai onetan ere guztioi doakigu ondo”, esan du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak. COVID-19aren izurriak asko mehetu ditu erakunde publikoen diru sarrerak; batez ere, 2020an, zerga bilketak nabarmen egin zuelako behera, jarduera ekonomikoak izandako geldialdiagatik. Iaz, ostera, bilketak markak hautsi zituen, eta hasi dira fruituak nabaritzen. Bizkaiko Foru Aldundiak Herriak Egiten izeneko funtsa sortu du, Europako Batasunaren Next Generation delako funtsetik iritsitako diruarekin. Bizkaiko lurralde historikoari dagozkion 94,7 milioietatik 58 sartu ditu funts horretan, eta 112 udalerrien artean banatuko ditu. Biztanleriaren araberako banaketa egin dute, eta txikienek ere jasoko dute dirua: 1.500 herritar baino gutxiago dituztenek, 100.000 euro bakoitzak. 200.000 biztanletik gorako bakarrak, Bilbok, hamabost milioi pasatxo izango ditu. Urte bi dituzte dirua gastatzeko.

Inbertsioak eta “proiektu eraldatzaileak” egiteko izango da dirua, ahaldun nagusiaren esanetan. Bizkaiak dituen “lau erronka nagusiak” gogorarazi zituen, diputazioak legealdi hasieran ezarritakoak, eta esan zuen eraldaketa horietan sakontzeko izango dela funtsa: trantsizio energetikoan eta iraunkortasunean, zaintza eredua aldatzean, mugikortasunean eta digitalizazioan. Joan den astean, Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren bilkuraren ondoren aurkeztu zuen funtsa, Bilbon, Getxoko, Portugaleteko, Plentziako eta Fruizko alkateak berekin zirela. Lehen biek egin zuten berba, eta izurri urteotan izandako zailtasunak kontatu zituzten. “Ez gara bakarrik egon. Foru Aldundia gure aita eta ama da; zaindu, gidatu eta babestu egin gaitu”, esan zuen Mikel Torres Portugaleteko alkateak.

Captura de pantalla 2022-02-24 a las 14.29.28

Horrez gainera, Finantzen Lurralde Kontseiluak Udalkutxaren —udalen finantzaketarako foru funtsa— iazko likidazioa egin zuen: behin betiko zerga-bilketa datuen arabera, 2021ean 910,2 milioi zegozkion funts horri; 2020an aurreikusi zena baino 80,8 milioi gehiago. Hala, diru gehigarri hori udalen artean banatuko da orain, Udalkutxaren banaketa irizpideen arabera. Besteak beste, kontuan hartzen dute, biztanleriaz gain, udalerriak zenbat eskola dituen, langabe kopurua, biztanleriaren sakabanaketa eta hondartzarik duen ere.

2020ko likidazioa, berriz, negatiboa izan zen, urte hartan espero baino diru gutxiago bildu zutelako zerga bidez. Hala, Bizkaiko udalek 59 milioi euro itzuli behar izan dizkiote diputazioari, zerga bilketaren arabera zegokiena baino gehiago jaso zutelako. Finantzen Lurralde Kontseiluak diru hori 2022an eta 2023an —%50, bakoitzean— itzultzeko aukera eman zien udalei. Orain, 2021eko likidaziotik jasoko duten diru gehigarri hori erabil dezakete zor hori kitatzeko, eta, halere, inbertsioetarako diru estra izango dute.

Aurten sartu da indarrean EAEko Ekarpenen Legea. Haren arabera, aurrerantzean udalek lehen baino gehiago jasoko dute itundutako zergetatik: %39,23. Gainera, Bizkaiko Batzar Nagusiak Udalkutxaren eredua aztertzen ari dira, udalen arteko banaketa zelan hobetu daitekeen ikusteko.

DANI SOLA (Barakaldoko Ogasun zinegotzia, EAJ)
“Aurreikusi gabeko 15 milioi euro bideratu dira izurriari aurre egitera”
Dani Sola

Izurri urteotan Barakaldok esku artean zituen hainbat proiektu eten edo atzeratu egin behar izan direla esan du Dani Sola (EAJ) Ogasun zinegotziak. “Gastu handiak izan ditugu pandemiagatik. Barakaldon, dagoeneko, aurreikusi gabeko hamabost milioi euro bideratu behar izan ditugu haren ondorioei aurre egitera”, zehaztu du. “Zerbitzu publikoak indartzeko, diru laguntzak handitzeko eta enplegu lanak bultzatzeko” erabili direla esan du. Datuak eman ditu: 2021ean Barakaldok “marka hautsi” zuen diru laguntzetan: 3,7 milioi banatu zituen; beste hiru milioi erabili zituen martxan jarritako bost enplegu planak finantzatzeko. “Testuinguru horretatik gatoz. Beraz, Herriak Egiten funtsa eta Udalkutxaren likidazio positiboa berri itzela izan dira guretzat”. 123 milioi euroko aurrekontua du aurten hiriak, eta Herriak Egiten funtsetik beste 4,4 milioi jasoko ditu.

Amaia del Campo alkateak eraldaketaz esandako hitzak gogorarazi ditu Solak: “Alkateak esaten duen legez, Barakaldo bere bigarren eraldaketa sozial eta hiritarra egiten ari da, eta horrek inbertsio garrantzitsuak behar ditu”. Hainbat kirol eta kultur azpiegitura egingo dituztela aipatu du. Era berean, Interfonicas Lutxana inguruan aparkalekua egingo dutela, bizikletak eta oinezkoak bateragarri egiteko jarduketak, Gurutzetako plaza eta San Bizenteko Miranda etorbidea urbanizatzeko lanak hasiko dituztela, eta irisgarritasuna hobetzeko igogailu eta arrapalak ipiniko dituztela; eta hurrengo igogailua, Nafarroa kalekoa.

Ogasun zinegotziak dio Barakaldo ondo moldatzen dela dituen diru sarrerekin. Halere, egoki ikusten du Udalkutxa berrikustea.

JUAN CARLOS ABASCAL (Ermuko alkatea, PSE-EE)
“Hirien gainetik, herrialde osorako inbertsioak lehenetsi behar dira”
JUAN_CARLOS_ABASCAL-2

Ermuko Udalak dagoeneko jakinarazi die oposizioko alderdiei aurtengo aurrekontuak moldatuko dituztela, Herriak Egiten funtsetik eta Udalkutxaren likidazio positibotik jasoko duten dirua gehitzeko. Iritsiko dena ez da gutxi, gainera: onartuta daukaten 22 milioi inguruko aurrekontuari 850.000 euro eta ia beste milioi bat gehituko dizkiote, hurrenez hurren, funts batetik eta bestetik. Juan Carlos Abascal (PSE-EE) alkateak esan du aurreikusita zeuzkaten proiektuekin jarraitzeko erabiliko dutela diru gehigarria. “Ahaldun nagusiak aipatu dituen erronkak herri guztietan ditugu, eta gure inbertsioak horiei lotutako proiektuetan egiten ari gara lehendik ere. Azken batean, iraunkortasuna da herri guztietan etorkizunerako erronka nagusienetako bat”. Besteak beste, txandakako udal aparkaleku bat eta herriko irisgarritasuna hobetzeko inbertsioak aipatu ditu aurten abiatuko dituzten lanen artean.

Abascalek azaldu du herri ertain eta txikietako aurrekontuetan asko nabaritzen dutela Udalkutxa funtsa mehetzen den urteetan. “Baditugu beste zerga eta tasa batzuk: ondasun higiezinen zerga, jarduera ekonomikoen zerga, ibilgailuena, obra lizentziak… Baina gure aurrekontuaren %55-60 Udalkutxatik etortzen da”. Banaketa hori egiteko moduak aldatzen ari direla gogorarazi du, eta beharrezko jo du gainera; orain arte, haren iritziz, hiri handien mesedetan egiten zen banaketa. “Azken batean, mugikortasuna, iraunkortasuna eta etorkizuneko erronkak herri guztietan ditugu, eta hiri handiek guk baino erraztasun gehiago dute horretarako dauden funts handietan dirua lortzeko”. Uste du beste irizpide bat behar dela: “Hirien gainetik, herrialde osorako proiektuak lehenetsi behar dira dirua banatzeko orduan; hirietako proiektuak ere herrialde osorako izan behar dira”.

ANGELA EGIA (Gordexolako alkatea, EAJ)
“Finantzatu egin behar dira udalek eskaintzen ditugun zerbitzuak”
Angela Egia

Herriak Egiten funtsaren bitartez txikienei ere gutxienez 100.000 euro emateko erabakia txalotu du Gordexolako alkate Angela Egiak (EAJ). Udalkutxako irizpideen arabera egokituko zitzaiena baino gehiago dela esan du, eta uste du diru kopuru hori nahikoa dela proiektu “interesgarriak” bultzatzeko. Haienean 1.700 herritar pasatxo direnez, 140.000 jasoko dituzte Herriak Egiten funtsetik. Beste 114.000 euro Udalkutxako likidazio positiboari esker. Nabarmen handituko zaie 1,9 milioiko udal aurrekontua. Horrez gainera, kirol azpiegiturak finantzatzeko diputazioak sortutako hamar milioi euroko beste funts batetik ere jasoko dute laguntza —55 udalek jasoko dute dirua—. Hala, batetik eta bestetik iritsitakoarekin, padel pista berria egingo dute, BI-604 errepidea konponduko dute, ura mendiko iturburuetatik lortzen zuten baserri batzuk hornidura sarera lotuko dituzte eta erdigunetik urrunen dagoen auzorako irisgarritasuna hobetzeko kilometro bateko oinezkoentzako bidea eraikiko dute.

Egiak ohartarazi du udalek sarritan euren eskumenekoak ez diren zerbitzuak ematen dituztela: “Batzuetan diputazioarenak edo Jaurlaritzarenak diren zerbitzuak indartzen ditugu, herritarrei arreta hobetzeko. Horretara bideratzen ditugu gure baliabide ekonomikoak. Udalek eskaintzen ditugun zerbitzu guztiak aitortu behar zaizkigu, eta horientzako finantzaketa bermatu”.

IÑIGO GAZTELU (Larrabetzuko alkatea, EH Bildu)
“Bilbok dagokiona baino gehiago ezin du jaso hiriburua delako”
Iñigo_Gaztelu

Herriak Egiten funtsa eta Udalkutxaren likidazio positiboa “sorpresa itzela” izan dira Larrabetzuko Udalarentzat. Urte normal bateko inbertsioetako aurrekontua %23 handitzea esan nahi duela iragarri du Iñigo Gaztelu (EH Bildu) alkateak. Azaldu du eskolan eguzki plakak jarri eta eskolan eta frontoian argindar autokontsumoa sustatzeko proiektuak 100.000 euroko aurrekontua duela. Horrez gainera, kale batzuk oinezkoentzako bihurtzeko obrak prestatzen dabiltza.

Gazteluk gogorarazi du EH Bildukoak diren alkateak aspalditik dabiltzala finantzaketa moldatu behar dela esaten. Poztu egin da aurten indarrean sartu den EAEko Ekarpenen Lege berriari esker udalek diru gehiago jasoko dutela eta. “Sistema horrek baditu onurak udalentzat”. Aldi berean, Bizkaiko Batzar Nagusiak Udalkuntxaren eredua aztertzen ari dira, birmoldatzeko asmoz. Gazteluk uste du banaketa beste era batera egin beharko litzatekeela: “Adibidez, Bilbok ezin du biztanleriagatik dagokiona baino gehiago jaso hiriburua delako”.

AMAIA ZABALA (Gizaburuagako alkatea, Ibaibaso taldea)
“Diru laguntza barik, udal txikiok ezin dugu inbertsiorik egin”
GIZABURUAGAKO IBAIBASO HERRI KANDIDATURA

Gizaburuagako alkate Amaia Zabalak (Ibaibaso taldea) esan du ezohiko funts eta diru laguntza barik udal txikiek ez luketela inbertsio garrantzitsurik egingo. “Hau bezalako urteak oso gutxi izaten dira herri txikietan. Udalak baditu gastu egonkor batzuk. Hori kenduta geratzen zaigun apurrarekin konpontzen ditugu bideak edo herriak behar dituen obra txikiak”. Urte normaletan milioi erdi bateko aurrekontua izaten dute haienean; hein handi batean, Udalkutxatik jasotzen duten dirutik osatzen dute.

Pilotaleku berria egitekotan dabiltza, eta horretara bideratuko dute Herriak Egiten funtsetik eta likidaziotik iritsiko zaiena. Aurretik, diputazioak kirol azpiegituretarako onartutako funtsetik 430.000 euro jaso dituzte obra horretarako. “Diru laguntza barik, guk ezin dugu inbertsiorik egin”. Gogorarazi du udaletxe berria eraiki zutenean kreditua eskatu zutela: “Hainbeste urte ibili ginen hura ordaintzen”.