Banpiroarena

Konfesalekura joateko ohiturarik ez dudanez, zuri aitortuko dizut, irakurle: asteon lantokiko osasun azterketaren emaitzak iritsi zaizkit. Hartu dut esku artean postari behargin eta finak ekarritako kartazala, ireki dut gutuna patxada handiz, eta, zapla! Sobrearen barrutik esku-ahur batek irten du ziztuan, zabal-zabal, nire aurpegiari matraileko eder bat emateko. Kokotekoa: odolari dagozkion adierazle muga batzuk gainditu ditut analitikan. Azido urikoa, kolesterola eta interpretatzeko gai ez naizen beste adierazle bi. Udako resort batek baino izar gehiago batu dut analitikan. Konstelazio batek baino izar gehiago. Emaitzak ikusita, nire baitako Osasun sailburuak errieta egin eta lana agindu dit. Batetik, kirola. Bestetik, elikadura. Dendara joan, eta berde koloreko elikagaiekin jantzi dut hozkailuaren zuria. Eta, jeseus! Eskerrak Bizkaiko Hitza-n ez dagoen irakurketa sentsorial aurreraturik. Eskerrak, irakurle, artikuluen berri ikusmenari eskerrak baino ez duzun jakiten, eta ezkaratzean egosten daukadan azalorearen hatsa usaimenaren bidez antzematerik ez duzun.

Orain lan egitea dagokit. Sano egoteko. Horretarako eta banpiroarenera noan hurrengoan odol adierazleak egoki izateko. Honako hau ez delako bezperan ordutxo batzuk sartuta gainditu ohi zen erdipurdiko azterketa hura. Ez, ez. Honek eguneroko lana eskatzen du. Zainketa eta arreta etengabekoa. Banpiroarenera joaten garen hurrengoan emaitzak mantentzea edo hobetzea iraupen luzeko lan baten ondorio delako. Politikariek ondo dakite hori. Haiena lau urtean behingo azterketa baita. Eta, bitarte horretan, lau urteko musika kontzertu baten antzera orkestratzen dutelako guztia. Emanaldia hasten denetik proiektu entzutetsuak ezezagunagoekin tartekatzen dituzte, pisu eta erritmo bizikoak apalagoekin, harik eta azken txanpa ailegatu eta proiekturik esanguratsuenak aktibatzen dituzten arte.

2019ko udal eta foru hauteskundeetatik legegintzaldiaren bi herenak bete samar dauden honetan, hortxe ari dira bateko zein besteko agintariak, herritarrak proiektu esanguratsuekin asebete guran. 2023ko Tourrak Zornotzaren izena zabalduko du munduan. Durangon, trenbidearen orube zaharrari buruzko aurre-akordioa egikaritu guran ari dira Jaurlaritzarekin. Durangaldeko osasun beharrizanei buruzko azterketa urtebeteko epean egitea eskatu dute legebiltzarkideek. Galdakao eta Usansolo Bilboko metroaren parte izango direla berretsi dute aldundiak eta Jaurlaritzak. Kontzertuaren azken partean interpretatu ohi diren kantuak izan daitezke guztiak. Baina, esan bezala, agintariek ez dute ahaztu behar hau iraupen luzeko lasterketa dela. Ez dela bezperan apurtxo bat ikasita gainditzen den azterketa bat. Kontzertuaren bukaerara ailegatutakoan ikusiko delako herritarrek kantu gehiago eskatzen duten, politikarien paparrean merezimenduzko izarrak ipiniko dituzten, edo baten batek izarrak ikusiko dituen. Herritarroi tokatuko zaigu banpiro lanak egitea. Eta hobe horretarako prest egotea, haiek gure banpiro izan ez daitezen.