“Antzerkian asko erre dira bidean”

“Antzerkian asko erre dira bidean”

Javi West Larrañaga

Mende laurden daroa Joseba Lazkanok (Eibar, Gipuzkoa, 1967) Barakaldoko BAI antzerki eskolan; sorreratik. Antzerkigintza “egoera zailean” dagoela esan duen arren, begi onez ikusten du etorkizuna: “Dena dago egiteko”.

Zelakoa izan zen Barakaldoko antzerki eskolaren sorrera?

Antzerki talde batean geunden batzuk, eta eskolaz kanpoko tailerrak ematen hasi ginen institutuetan. Institututik ateratzean, batzuek zerbait gehiago eskatzen ziguten, segitu nahi zutelako ikasten. Horrela planteatu genuen, ez bakarrik guk egitea, baizik eta beste irakasle batzuk gehitzea eta eskola itxura ematea. Ikusi genuenean bazegoela aukera, Barakaldoko Udalera joan ginen eta proiektua aurkeztu genuen. Harrera ona izan zuen, ez bakarrik institutuan geneukan horiek etorri zirelako, jende gehiago deitzen hasi zelako baizik. Hor sartu ginen buru-belarri, eta 25 urte pasatu dira. 1997a zen.

Antzerki eskola batek bideratzen du jendea zinemagintzara?

Guk printzipioz ez, baina bakoitzak bere gustuak ditu. Interpretazioaren mundua oso zabala da. Guk sormena asko lantzen dugu, eta eskolatik atera dira gero koreografo izan direnak, beste batzuk zuzendari izan direnak, kamera aurreko interpretazioa irakasten dutenak… Zirku eskolaren bat ere sortu dute. Eta batzuek zinematik egin dute bidea.

Denetarik irakasten duzue.

Guk lanabesak ematen dizkiegu; gorputza lantzen lagundu, adierazkorra izan dadin, eta maila ona har dezaten ahotsaren aldetik eta pertsonaietan sartzeko gaitasunaren aldetik. Antzerki testuala egiten dugunean, klasikoa egin ohi dugu, nahiz eta egungoa ere jorratu. Ez baduzu aurretik lan hori egiten, ezin zaitezke erabat espezializatu. Irakasten dizkiegun lau gauzarekin, deskubritzen dute ea horretarako gai diren eta plazerra ematen dien ala ez.

Eta gero?

Hemendik ateratzen direnean, ez dauzkate mila pertsona deika. Haiek egiten dutena da saiatu, bilatu eta lanean mantendu. Gure zerarik onena da eskolatik sartu ziren pasio berarekin ateratzen direla, edo gehiagorekin.

Zelan eragiten dio eskolari titulu ofiziala eman ezinak?

Euskal Herrian bakarra dago titulazioa ematen duena: Dantzerti. Guk ere planteatu dugu, baina uste dugu malgutasuna kenduko liokeela eskolari. Ikasleek aktore izateko ez dute behar titulaziorik; inork ez die eskatuko. Kontua da aktore gisa bakarrik aritzea gogorra dela; momentu askotan lan horrekin soilik ez da jaten. Beste zera batzuk edukitzea ondo legoke, baina ez dago aukera hori.

Aukerak mugatuak dira, ezta?

Noski. Batetik, euskarazko zirkuitua oso txikia da. Bestetik, industria Euskal Herrian mugatua da. Ez dago antzoki askorik, baina ezta konpainia gehiegi ere. Ez dago askotarako lekurik, ez baduzu egiten oso gauza on bat, edo zorte handia eduki. Nahiz eta zortea eduki, agian urtebeterako izango da; gero mantendu egin behar duzu. Ez dago artistaren estatuturik, Frantzian bezala. Jendeak ez dauka ez langabezia ez gaixoaldi saririk. Egiturak ez du laguntzen konpainiak mantentzen eta gauza berriak sortzen. Profesional guztiek daukate lan bat baino gehiago, eta asko erre dira bidean.

Zer bilakaera izan du eskolak?

Hasieran, gauza txikiagoa zen, agian, baina ikasle asko zeuden. Orain, gazte gutxiago dago, eta jendeak errazago du unibertsitatera sartzea. Hori ez da gauza txarra. Lehen jende asko geneukan, baina guk mantendu nahi izan dugu eskola txiki. Hala, ikasleak gehiago zaindu ditzakegu. Gero eta profesionalago egitera jo dugu; edukiak sakonduz joan gara.

Euskal Herrian kontsumitzen dena, gertukoa al da?

Horretan antzokiek badute lana egiteko. Egin izan da, baina sakonago egin behar da. Batzuek esaten dute Madrilgo antzezlanak ikustera bakarrik etortzen dela jendea, telebistako aktoreekin. Nire ustez, publikoa hezi egin daiteke.

Urko Olazabal eta Maria Cerezuela aktoreek Espainiako Goya sari bana jaso dute, Maixabel filmagatik. Zuen ikasle izanak dira. Zelan hartu duzue berria?

Harrotasun handiarekin. Baina ez Goya irabazi dutenean, baizik eta jakin genuenean Iciar Bollainekin, Blanca Portillorekin eta Luis Tosarrekin lan egingo zutela. Harrotasuna, halaber, maila eman dutelako, eta maila hori saritua izan delako. Pozik gaude onarpen horrek orain eskolan daudenei perspektiba emango dielako, ortzi muga bat erakusten dielako, eta ateak irekitzen dizkielako.

Onuraren bat ekarriko dizue?

Ikusgarritasuna eman dio egin dugun lanari. Gauza onak egiten dituen jende asko atera da hemendik, asko ikasiz eta esker onez. Ez dira bi horiek bakarrik. Ikasle ohi bat Erresuma Batuko National Theatren dago, beste bat Brasilen, beste bat Señora Polaroiskako kidea da… Aukerak askotarikoak dira.