Ibai Maruri Bilbao
Orozko Gorbeiako parke naturalerako sarbide nagusietakoa da. Parkearen %20 Orozkon dago. Itxina ere Orozkoren lurretan dago. “Horrek zeharo markatu du herritarren bizimodua, tradizioak, ohiturak eta nortasuna”, esan du Orozkoko Museo Etnografikoko arduradun Nerea del Campok. Kanpoan ikus daiteke zer den Orozko: “Hemen daude txabolak, elur zuloak, Gorbeiako gurutzea, dorretxeak, baserriak, kirikiñausiak… bertatik bertara ikusteko”. Barruan, beraz, kanpoan oraindik bizi-bizi dagoen horren laburpen bat ikusiko du bisitariak.
Herriko plaza nagusian dago museoa, Legorburu jauregi-etxean. Eraikina bera ere ikustekoa da: XVIII. mendekoa da, jauregi itxurakoa, eta Kareaga Etxea izena du gaur egun. Turismo bulegoaren egoitza ere bada.
Hiru solairu ditu. Beheko solairua Orozkoko ibarrei eskainita dago. Han ikus daitezke Historiaurreko haitzuloak, Erdi Aroko gaztelua, egungo Orozkoren sorrera eta ibarrean berba egiten zen eta egun ere erabiltzen den euskararen ezaugarri berezkoak. Eraikinik bereizgarrienak ezagutzeko aukera ere badago: elizak eta baselizak, oinetxeak, jauregiak, dorretxeak, baserriak… Areto erdian, Ibarraren maketa interaktibo handia dago. Maketako eremuak argiztatzeko botoiak ditu, Orozkoko mendi eta auzoak ezagutu ahal izateko.
Lehen solairua bailaretako bizimodu tradizionalari eskainita dago; baita ibaiaren garrantziari ere, energia iturri gisa eta ola eta errota ugaritan erabili da eta. Halaber, komunikazio bideen, gizarte antolaketaren eta erlijiotasunaren berri ematen da. Nekazaritzarako erabiltzen zituzten tresnen bilduma bat ere badago. Eta ogia eta eztia nola egiten zituzten ezagut daiteke.
Azken solairua Gorbeiako goiko guneetako bizimoduari eskaini diote: artzainen, zurginen eta ikazkinen bizimoduari. Besteak beste, gaztainak ibarrean izan duen garrantzia azpimarratzen du gune horrek. Han ezagutu ahal izango da Gorbeiako azken hartza ere; 1999an topatu zuten haren hezurdura Itxinako leize batean.
Gizonak eta andreak
Oro har, Orozkoren historia eta bizimodua gizonezkoen ikuspegitik kontatuta daudela ohartu ziren museoko arduradunak. Hala, erakusketa egokitu eta solairuetako bakoitzean andreen ekarpenari buruzko elementu eta panelak ere gehitu dituzte; gehitutako horri Emakumeok izena ipini diote. Del Campok esan du modu honetan bisitariak Orozkoko etnografiaren ikuspegi osatua jasotzen duela. Adibidez, andrazkoek egiten zituzten, eta aitortzarik jaso ez duten bi ogibideren inguruko informazioa dago irakurgai Heriotzaz haragoko zaintza eta Txerri hiltzea paneletan.
Del Camporen hitzetan, emakumeek egiten zituzten hilketaren lanik “itogarrien eta nekagarrienak”, betiere egindako lanagatik aitortzarik jaso gabe: “Haien eginkizuna oharkabean gauzatzen zen”. Ohartarazi du andreek etxearekin duten harremana ez dela bakarrik izan etxeko lanak egitea eta familiaren kargu egitea. “Baserria, etxeaz gain, nekazaritzako eta abeltzaintzako jarduera gunea ere bazen”.
Etnografo baten laguntzarekin ibilaldiak egiten dituzte, museoan ezagut daitekeena bertatik bertara ezagutzeko. Dagoeneko hamabi urte daroate aukera hori eskaintzen azaroko domeka guztietan. “Gorbeiara edo Orozkoko beste edozein menditara joaten gara, eta historiaz, etnografiaz eta ondareaz egiten dugu berba, den-dena zuzenean ikusiz”. Esan du “oso pozik” daudela egitasmo horrek izaten duen harrerarekin.