Iñigo Gutierrez hirugarren gradura itzultzeko manifestazioa gaur

Iñigo Gutierrez hirugarren gradura itzultzeko manifestazioa gaur

Natalia Salazar Orbe

“Ziurgabetasun” handia bizi dute Iñigo Gutierrez euskal presoak eta haren ingurukoek. Hala azaldu du Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kide Mikel Barcenak. Gutierrezi astelehenean esan zioten bertan behera geratu zitzaiola duela hiru aste onartua zuen hirugarren gradua, eta espetxera itzuli beharko zuela. Egoera hori salatzeko eta hirugarren gradura itzul dadila eskatzeko, manifestaziora deitu du gaurko Sarek Getxon, Algortan (20:00, Telletxe plaza). Stop salbuespen neurriak. Etxerako bidean oztoporik ez izango du leloa.

Jada hiru euskal presori gertatu zaie gauza bera: Espainiako Espetxe Zuzendaritzak onartutako hirugarren gradua bertan behera utzi die Espainiako Auzitegi Nazionalak. Larrabetzuko Unai Fano eta Galdakaoko Jon Crespo dira bi presook. Izadi Gurasoekin Etxera plataformak salatu du Gutierrez algortarrak Izadi 3 urteko alabaren tutoretza duela, gainera. Alabak kartzelan du Maria Lizarraga ama, eta harekin bizi izan da, Aranjuezko (Espainia) kartzelan, joan den urtarrilaren 23an 3 urte bete zituen arte. Gutierrez bi egun lehenago atera zen kartzela beretik, baimen batekin. Barcenak salatu du Izadi ondoan aitarik eta amarik gabe geratuko dela orain: “Oso gordina da”.

Prozesua

Gutierrez urtarrilaren 21ean atera zen Aranjuezko espetxetik. 24an aurkeztu behar zuen Zaballako kartzelan (Araba), azal ziezaioten zer baldintzatan bete beharko zuen hirugarren gradua. Hala azaldu du prozesua Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kideak. “Esan zioten bi asteko baimena izango zuela. Epe horretan ez zuen joan beharko ez sinatzera ez kartzelara lotara. Adingabe bat zaindu behar zuenez, urgentziazko baimen hori eman zioten”.

Otsailaren 7an bukatu zen Gutierrezi eman zioten baimena. Egun horretan Basauriko kartzelan aurkeztu behar zuen, hirugarren graduan zer baldintza izango zituen jakinaraz ziezaioten. 23:00etan joan beharko zuen kartzelara, lotara, eta 07:00etan aterako zen kalera. “Oraingoz baldintzak horiek zirela azaldu zioten. Aurrerago eskatu ahalko zituela beste gauza batzuk. Abokatuekin planteatzen aritu zen eskumuturreko telematikoa eskatzeko aukera, Izadirekin lo egin ahal izateko, etxean”.

Baina joan den astelehenean iritsi zen hirugarren gradua atzera bota zioten berria. “Nola ulertu erabaki hori? Ez dakit”, aitortu zuen Barcenak. “Hirugarren gradua eman ziotenean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak automatikoki jarri zuen helegitea. Hori egiten ari dira automatikoki preso politikoei ematen dizkieten baimen eta gradu aldaketa guztiekin”.

Izadi Gurasoekin Etxera plataformako kidearen esanetan, hirugarren gradua bertan behera uzteko “jarri duten aitzakia da ez duela barkamena eskatu. Legeak inon ez du jasotzen halako baldintzarik bete behar denik”.

Barcenak esan du Gutierrezek alabarekin hiru astez egoteko aukera izan ondoren egoera “gogorra” bizi dutela orain: “Plataforma abian jartzean, ikusten genuen agertokirik hoberena edo errealena zela Iñigok eta Izadik orain arte izan dutena. Alegia, Iñigo harekin ateratzea, gutxienez gurasoetako batekin egongo zelako. Eta, bat-batean, dena berriro atzera. Izadik aita etxean zeukan-eta jada!”.

Ama haiekin egotea ere nahi zuten, baina, oraingoz, kartzelan jarraitzen du, Zaballan. Izadi kartzelatik atera zen egunean ere manifestazioa egin zuten Algortan, egoera salatzeko, “amarengandik banandu zutelako”, eta hilean ordu gutxiz egon ahalko delako harekin. Izan ere, haurraren egoeragatik bereziki kezkatuta daude plataformako kideak. “Iñigok hamahiru urte egin ditu kartzelan, eta uztailean bukatuko du zigorra. Umea da arazo nagusia. Premiazkoa da Iñigo umearekin egotea”, adierazi du Barcenak.

Kasuon harira, Etxerat elkarteak salatu du Auzitegi Nazionala “oztopoa” dela “euskal presoek beren eskubideak erabili eta espetxe legezkotasunaren aldeko bidea” egin ahal izan dezaten.