Gertuko magia harrigarria

Gertuko magia harrigarria

Amaia Igartua Aristondo

Agertokian dago oraindik. Magoaren esku trebeek dantza egiten dute haren inguruan. Ilusionistak maukak igota ditu, publikoak zalantzarik eduki ez dezan: tranpen bitartekaritzarik gabe gertatuko da, iragarri gabe; ez da egongo hiru, bi, bat atzerako kontaketarik, ikusleek ez diote arnasari eutsiko irrikaz, ez baitiote jaramon handirik egingo. Bat-batean, paf!, desagertu da, kasik arrastorik utzi gabe. Eginda dago: ohiko egitarauetatik kanpo geratu da magia.

Egoera hori aldatzeko ahalegina egitea erabaki dute Bilboko Fundicion aretoko arduradunek, agertokietara itzularazi nahi baitituzte magia eta ilusionismoa. Horretarako, diziplina artistiko horien joera garaikideetako zenbait bilduko dituzte gaurtik etzira, Ilusionismo deituriko jaialdian. Giorgio Rodri, Paco Agrado eta Cancamisa Teatro konpainiako Imanol Ituiño igoko dira oholtzara gaur, bihar eta etzi, hurrenez hurren, 19:00etatik aurrera.

Lantzean behin, Ikusleen ikastaroa izeneko programaren saioak antolatzen dituzte Fundicion aretoan. Hainbat diziplina artistikotako profesionalak gonbidatzen dituzte, eta haiekin hitz egiteko tartea eskaintzen dute. 2019an, ilusionismoaren alorreko hainbat profesional gonbidatu zituzten euren bizimoduaz eta lanaz solastatzeko, eta, hein handi batean, haiek esandakotik eratorri da Ilusionismo jaialdia, eurek aurkeztutako egoeraz egindako hausnarketetatik, Luque Tagua antzokiko programatzailearen hitzei erreparatuta: “Interesgarria iruditu zitzaigun gure egitarauan lekua egitea mota horretako proposamenei, magia eta ilusionismoa antzerkiaren adarretako bat baitira. Antzerkiak ilusioa sortzen du, eta magia ere ilusioa da, baita komunikazioa eta gertutasuna ere”.

Giorgio Rodri

Jaialdiak jopuntuan du “ikuslea harritzea” narrazio berrien bitartez, aretoak berak ahalbidetzen duen formatuan: 70 lagun eskaseko edukiera du Fundicionek, eta, horrenbestez, gune egokia da gertutasuna lantzeko, giro erosoa erdiesteko, programatzailearen hitzetan. Hori ere aintzat hartuta taxutu dute egitaraua. “Ideietako bat da txikitasunaren balioa: magia eskaintzea formatu txikian, publikoak eta artistek topo egingo duten gune atsegin bat eratzea”.

Horien arteko hartu-emana eta parte hartzea akuilatzea ere badu jomugan jaialdiak, Taguaren arabera: aretoan ohikoa izaten da ikuskizunen ondoren artisten eta ikusleen arteko solasaldiak egitea, eta oraingo honetan ere beste horrenbeste egingo dute. Hori horrela, Ilusionismo aldendu egiten da tarteka-marteka antolatzen diren magia ikuskizun handiago horietatik, azpimarratu duenez: “Jaialdi batzuetara eramaten dituzte telebistaren bidez oihartzuna lortu duten magoak. Aukera bat da hori, baina gehiago ere badaude”.

Arte eszenikoa ugaria den bezala, orobat ditu ilusionismoaren diziplinak askotariko aldeak, “ikerketa ildoak”, Taguaren hitzetan. Aberastasun horren zati bat islatzen du jaialdiak, dioenez, proposamen ezberdinak biltzea izan baitute irizpide. Giorgio Rodriren (Madril, 1980) Magia en Estado Puro ikuskizuna “parte hartzailea da, jai girokoa eta zuzena”, dio programatzaileak. Hogei urte inguruko ibilbide profesionala du artista espainiarrak, eta esperientzia du askotariko diziplina artistikotan, ilusionismoan ez ezik, antzerkigintzan eta aktore lanetan ere ibili baita. Bilboko gaurko emanaldian, umorea eta misterioa uztartuko ditu.

Poetikoagoa izango da Paco Agradoren (Badajoz, Espainia, 1993) obra, El último domingo de marzo. “Intimoagoa, sensibleagoa, karta jokoekin”. Bat egingo dute objektuen eta hitzen magiak, eta askotariko ilusioen bitartez istorio bat josiko du bihar arratsaldean. “Parateatralagoa” da Cancamisa Teatroren bigarren ekoizpena, esan duenez: Imanol Ituiñok (Bilbo, 1989) magia munduko istorioak kontatuko ditu El mago en la botella-n: botila barruan sartuko dela agindu duen magoa, zirkuetan jarduten duen ilusionista eta azken trikimailuan huts egiten duen prestidigitadorea ageriko dira, besteak beste.

Adin guztientzat dira aproposak Rodriren eta Cancamisa Teatrokoen lanak; aldiz, helduentzat gomendatzen dute Agradorena. “Helduentzako poetika bat du, baina gaztetxo batek uler dezake”, dio Taguak. Salbuespenak salbuespen, haurren eta helduen arteko mugak haustea izan dute buruan egitarauarekin. “Normalean, Fundicionera ez dira haurrak etortzen; publikoak nahastu nahi genituen, etor daitezela gurasoak seme-alabekin, adibidez. Ikuskizunen interesgunea harridura da”.

Paco Agrado

Oinarrian: bidea urratzea

Taguak esan du aretoak baduela “arraroa” izatearen sona, halakoak izaten baitira programatzen dituzten ekitaldiak. Etiketa harrotasunez onartu du, dena den. “Fundicionen irudia da sorkuntza garaikidea hartzen duela, batzuetan gauza burutsuegiak. Bidea urratzeko ilusioa genuen”. Irizpide horri jarraitu izan diote aretoak dituen 36 urteetan: programatu izan dituzte musikan ardaztutako ikuskizunak, hala doinu klasikoak nola rocka; era berean, jorratu izan dute dantza garaikidea, “mugak apurtzen dituen” antzerkia, flamenko “ezohikoa”, zinema, baita bideo sorkuntza ere, besteak beste.

Diziplina ugariren aterpea izan da aretoa, baita horien arteko uztarketatik ondutako emanaldi hibrido eta esperimentalena ere; “abangoardian” beti, hango programatzaileak aldarrikatu duenez. “Gero, normalizatzen direnean hiriko edo inguruko egitarau arruntetan, guk beste bide batzuk abiatuko ditugu”. Antzera egin nahi dute magiarekin eta ilusionismoarekin. “Ulertzen dugu egitarauetan ikerketa eremuak egon behar direla, arriskuak, sorkuntza eszenikoaren garapena ahalbidetuko dutenak; Fundicion egiteko horren parte da. Ahalegintzen eta okertzen gara: programatzen dugunaz zalantza egitea ere gustatzen zaigu”.