Hiribildua museoan

Hiribildua museoan

Natalia Salazar Orbe

Balmasedako eta hango bizilagunen historiaren ikuspegi orokorra eskaintzen du Balmasedako Historiaren Museoak. Sei ataletan egituratutako erakusketa eskaintzen du: hiribilduaren historia; Balmasedako pertsonaia ospetsuak; ekitaldi kulturalak; ondare historiko-artistikoa; eta Balmasedako industriak eta tradizioak ezagutarazten ditu. Bisita osatzeko, Jose Ignacio Llaguno Lenizen aretoko altzari historikoak ere ikus ditzake bisitariak. Hori guztia eraikin bitxi baten barruan gordetzen du: San Joan Moralekoaren elizan.

“Hiribildua bisitatzeko ikuspegi zabala ematen du, eta bisita egin ostean ikusitakoa kokatzeko lagungarria ere bada. Balmasedako bisita osatzeko baliagarria da”. Paloma Sañudo Orizaolaren berbak dira; hark kudeatzen ditu museoaren lanak.

1199an Lope Sanchez de Menak sortu zuen Balmasedako hiribilduaren alde zaharrean kokatzen da museoa. Juan Lopez de la Puente jaunak XV. mendean eraiki zuen San Joan Moralekoa deritzon elizan dago.

Eraikina ez da handia; nabe bakarra dauka. Eta ibilbidea ondo zehaztuta dago. Bakarrik zein gidatutako bisitak egiteko aukera eskaintzen du, doan. Paneletan atal bakoitzari buruzko informazioa jasota dute hiru hizkuntzatan: euskaraz, gazteleraz eta ingelesez.

Balmasedako historiari buruzko atalean hainbat artxibo historiko jaso dituzte. Bizkaian eratu zuten lehen hiribildua izan zenez, agiri historiko ugari daude haren inguruan. “Antzinako zenbait liburu daude. Lagin bat besterik ez da, baina oso inportanteak dira. Antzinako argazkiak ere badaude. Eta guda zibilari buruzko beste atal bat ere badago. Balmasedak historia aberatsa dauka. Hori nabarmentzen da museoan”, adierazi du Sañudok.

Hiribilduan ospetsu izan diren herritarrei buruzko gunea aurkituko dute bisitariek hurrengo atalean: pertsonaia ospetsuen panteoia. Ameriketara joan, dirua egin, eta itzuleran Balmasedarentzat ekarpenak egin zituzten indianoek, edota bertan jaio eta gero munduan jarduera edo proiektu garrantzitsuak egin zituztenek dute lekua panteoian.

Balmasedako kultur jardueren atalera begira, leku pribilegiatua hartzen dute bertako Aste Santuko gurutze bide bizidunaren eta Erdi Aroko azokaren berri ematen duten materialek.

Horiez gain, Espainiako Independentzia gudan Frantziako tropek hiribildua erre zuteneko gertaerak oroitarazten dituzten elementuak ikus daitezke. 1808ko azaroan Kadaguaren arrotik zihoazen Napoleon I.aren soldaduak. Gueñes inguruan istiluak izan zituzten. Liskar handiak sortu ziren, eta herritarrek aurre egin zieten tropa frantsesei. Napoleonen soldaduok bidaiarekin jarraitu zuten Kadaguaren arrotik Balmasedarantz. Hiribildura iritsi zirenean, aurretik izandako porrotengatik mendeku hartu eta erre egin zuten. Azaroaren 8a zen. “Hiribilduaren erdia erre zuten. 2008an gertaera hura gogorarazten duen antzerki bat egin zuten herrian. Haren bideo bat eta argazkiak ere jasota ditugu”, esan du Sañudok.

BALMASEDAKO HISTORIAREN MUSEOA

Balmasedako industria

Ondare historiko-artistikoaren atalean, hiribilduko arkitektura erlijioso eta zibila jaso dute. Antzinako hiribildu baten berezko egiturari eutsi dion alde zaharrari buruzko aipamenak ez dituzte ahaztu. Balmasedako industrien eta tradizioen atala, berriz, txapelgintzak, putxerak eta txakolinak edota zurgintzari lotutako jarduerek osatzen dute. Bisitariek atal horiek aurkituko dituzte beheko solairuan.

Nabeari buelta osoa eman ostean, eskaileretan gora eginda, koruan, Jose Ignacio Llaguno Leniz aretora iritsiko dira. XIX. mendeko familia burges aberats baten etxean aurki zitezkeen altzariak aurkituko ditu bisitariak. “Llaguno apaiza zen, eta Frantziara joan behar izan zuen, arrazoi politikoengatik”, kontatu du museoko arduradunak. “Hark museoarentzako emandako logela bat daukagu. Pasadizo historiko bat ere badauka: guda karlistetan liberalen eta karlisten bandoetako kideak pasatu ziren Balmasedatik. Karlos VII.ena erregegaia ere hemendik pasatu zen, eta Llagunoren etxeko logela hartan lo egin zuen”. Orain museoan gordeta dute ohe hura.

San Joan eliza XV. mendean eraiki zuten, “estilo gotiko errenazentistarekin”. Denborarekin beste estilo batzuk ere gehitu zizkioten. Urte luzez itxita egon zen, eta hondatuz joan zen. “Azkenean berreskuratzea erabaki zuten eta museoa kokatu zuten bertan”. Museoa 2003an ireki zuten.