“Emozio guztiak bizitzeko toki segurua izan behar da familia”

“Emozio guztiak bizitzeko toki segurua izan behar da familia”

Natalia Salazar Orbe

Emozioen kudeaketa osasuntsua nerabezaroan lantzeko bina saio egingo dituzte hilaren 15ean eta 24an Gernika-Lumoko BHI institutuan, guraso elkarteak antolatuta. Lehizar Urrutia Lekue (Bermeo, 1991) izango da saiootako gidarietako bat. Sasoia enpresako adikzioen prebentziorako teknikaria da hura. Psikologoa ere bada. Gurasoek ere euren sentimenduak adierazteari nahitaezko deritzo, seme-alabek ikas dezaten beren mina azaleratu dezaketela.

Zein da saioon helburua?

Helburu orokorra da familiak nerabeen errealitatera hurbiltzea, eta hartzen dituzten erabakien eta dituzten jokabideen atzean ezkutatzen diren behar eta zergati guztiak ezagutzea.

Aldaketaz betetako garaia dute.

Heldutasunerako bidean nerabeek aldaketa mordoa dituzte: fisikoak, izaerari dagozkionak eta munduarekin eta inguruarekin harremanak izateko moduari dagozkionak. Aldaketa horien artean, nabarmena da emozioek zer garrantzi duten nerabeen bizitzan; batez ere, hartzen dituzten erabakietan emozio horiek duten garrantzia. Horregatik ezinbestekoa da nerabearen garapen psikoemozionala ezagutzea eta familiak emozioen kudeaketa osasuntsuak sustatzen dituzten baliabideak eskaintzea. Arrisku egoeretan, hezkuntza emozionala babes faktore oso garrantzitsua da.

Zergatik da garrantzitsua nerabeen aldaketak ikusita familiek erantzun egoki bat ematea?

Nerabezaroan identitatearen bilaketa eta eraketaren prozesua hasten da. Aldaketa ugariko garaia izaten da. Familian izaten diren oreka giroa eta laguntza ezinbestekoak dira ezegonkortasuneko garai horretarako; nerabearen garapen osasuntsurako. Autonomiaren bilaketa horretan nerabeek erreferente berriak bilatzen dituzte, eta ohikoa izaten da familiatik aldentzen hastea. Ez da batere prozesu erraza; ziurgabetasun eta zalantza handiz bizitzen dute, eta askotan nerabeen ezinegon horrek familia barruko komunikazio harremana ere zaildu egiten du.

Familiek zer egin dezakete?

Familiaren rola oso beharrezkoa da nerabeen beharrizan berrietara moldatzeko. Familiak nerabeak hezten eta haiekin komunikatzen jarraitu behar du. Nahiz eta nerabeek ez aitortu, oso garrantzitsutzat daukate laguntza. Familia euskarri bat da. Nahiz eta nerabezaroan beste erreferente batzuk dituzten, familia beti da oinarrizko erreferentea. Beraz, baliabideak izan behar dituzte.

Nerabezaroa bor-bor dagoen lapiko baten moduan azaldu izan da askotan. Zer-nola uler daiteke nerabeen barnean gertatzen dena?

Nerabezaroa negatibotzat jotzen den garai bat da. Erreferente dituzten helduekiko harremana ere askotan gatazkatsua izaten da. Baina ezin dugu ahaztu, nahiz eta guk negatibotzat jo ezaugarri hauek, nerabe baten garapenean behar-beharrezkoak direla arrakastaz heldutasunera heltzeko.

Esaten duzue azken urteetan gizarteak aldaketa handiak bizi izan dituela eta horrek eragin zuzena duela nerabeek emozioak kudeatzeko duten gaitasunean. Zeri buruz ari zarete?

Hainbat faktore daude, baina hauek azpimarratuko nituzke: berehalakotasuna —dena nahi dugu berehala—; izugarrizko exijentzia maila handiak daude gizartean; eta teknologiak protagonismoa hartu du gure bizitzan. Eta, batez ere, azken bi urteetako osasun krisialdiak eragin oso handia izan du. Faktore horiek guztiek areagotu egiten dituzte estresa eta antsietatea. Nerabeen emozioen intentsitatea helduena baino handiagoa da. Horien kudeaketa askoz ere zailagoa izaten da. Horregatik, haien portaera aldaketa intentsitate handiko emozioen eta baliabiderik ezaren ondorio da.

Zuen saioetako helburu bat da emozio osasuntsuen eta desegokien arteko desberdintasuna ulertzea. Zeintzuk dira batzuk eta besteak?

Emozio guztiek funtzio bat dute: hain zuzen, gure barnean eta inguruan gertatzen denari buruzko informazioa ematen digute. Informazio horrek ditugun beharrizanei erantzuten eta horietara moldatzen laguntzen digu. Emozio bakoitzak bere funtzio zehatza dauka. Adibidez, haserreak adierazten digu gure inguruan edo gure barnean gustatu ez zaigun zerbait pasatu dela. Horri esker, konponbide bat bilatzeko estrategiak martxan jartzen ditugu. Funtzio osasuntsua dauka. Baina guztioi gertatu zaigu noizbait haserre baten ondorioz erabaki desegoki bat hartzea. Esaterako, inpultsiboki jokatu dugunean. Kasu horretan, emozio hori ez litzateke egokia izango. Egoera horretan era desegokian kudeatu den emozio bat da, eta, ondorioz, bere funtzioa galdu du.

Nerabezaroan gertatu den emozioen kudeaketa desegoki batek zer arrisku sor dezake?

Nerabeek euren emozioak bizitzeko estrategia desberdinak aukeratzen dituzte. Batez ere, oso desatseginak direnean, helduok egiten dugun bezala, emozio horiek itzaltzeko bideak hartzen dituzte. Esaterako, janariaren edo substantzien kontsumoen bidea har dezakete ezinegona lasaitzeko. Gainera, emozioak desegoki kudeatzen direnean hartzen diren erabakiak ez dira izaten egokienak.

Eurek ere emozioak identifikatzen ikastea garrantzitsua izango da, ezta?

Hori da. Eta identifikatu behar da bakoitzari zerk laguntzen dion ere. Batzuek, haserretzen direnean, bakartzeko beharra izaten dute; beste batzuek nahiago dute horren inguruan hitz egin. Bakoitzak bere estrategiak izan behar ditu. Baina horiek identifikatzen jakitea eta ezagutzea ezinbestekoa da. Txikitatik landu behar da. Nerabezarora inongo erremintarik gabe iristen badira, arazoak sortzen dira.

Hezkuntza eredu asertiboaren garrantzia azpimarratu duzue. Zer da hezkuntza asertiboa?

Denen beharrizanak kontuan hartzen dituen hezkuntza eredua da. Eredu hau garatzeko funtsezkoak dira elementu hauek: familiako kideen artean errespetuzko harremanak izatea eta komunikazio egokia erabiltzea; familia barneko arauak betetzea, negoziazioaren bitartez esaterako; edo kide bakoitzaren ardurak zeintzuk diren zehaztea; guztion emozioak aintzat hartzea; eta emozioak adierazteko giro segurua sortzea; ez mugatzea, ez esatea “hemen ezin zara egon triste edo haserre; pozik bakarrik egon zaitezke”. Emozio guztiak bizitzeko eta adierazteko toki seguru bat izan behar da familia. Gurasook ere, eredu garen heinean, haserre edo triste bagaude, erakutsi egin behar dugu, gure seme-alabek ikas dezaten triste badaude konta dezaketela eta mina guri erakuts diezaguketela.