“Irratian zerbait kontatzen duzuenean, irudimenaren magia martxan jartzen da”

“Irratian zerbait kontatzen duzuenean, irudimenaren magia martxan jartzen da”

Ibai Maruri Bilbao

Joan den azaroaren 30ean, Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen Libe Agirre kazetaria (Meñaka, 1961). Aitortu du oraindik ez duela oso argi zer ardura ekarriko dion ohorezko izendapen horrek: “Batzar bat izango dugu. Badakit ekitaldi bat ere egongo dela. Batzorderen batean sartzeko aukera emango digute, han lan egiteko. Ikusi egin beharko dut zer den eta zertan lagundu ahal izango dudan”.

Zure izendapenarekin batera, beste hainbaten berri eman zuen Euskaltzaindiak. Egun berean jakin genuen Pilare Baraiazarra ohorezko euskaltzain izendatu dutela, eta Luis Baraiazarra ere bada aspalditik. Hirurok zarete meñakarrak. Zer du zuen herriak hainbeste euskaltzainen sorterria izateko?

Herri honetan euskaraz bizi izan gara beti. Euskara modu natural batean bizi izan dugu, ezetariko erreparo barik. Sasoi bat dugunok oso herri euskalduna ezagutu dugu. Gaur egun ere bada, baina handitu egin da, kanpoko jende asko etorri da, eta ez da lehengoa. Sasoi batean, euskaraz baino ez genuen egiten. Zoritxarrez, gaur egun erdaraz asko entzuten da. Gazteen artean asko nagusitu da erdara; ez Meñakan bakarrik. Guk barruan dugun sentimendua hori da: Meñaka herri euskalduna dela; beti izan da, eta uste dut izango dela.

Kazetari ibilbidean ere beti egon zara euskarari lotuta. Bilbo Herri Irratian hasi zinen lanean, euskarazko irratsaioetan. Zelan gogoratzen duzu garai hura?

Uste dut 1985ean izan zela. Herri Irratian, AM bidez erdaraz emititzen zen, eta, FMn, ordu batzuk euskaraz. Gu baino lehenagoko batzuek hasi zuten proiektu hori. Frekuentzia bat eman zioten Elizbarrutiari, eta Bizkaia Irratia sortu zen, euskara hutsean egiteko, duela 30 bat urte [1990]. Garai hartan, ez zeuden gaur egun dauzkagun tresnak eta erraztasunak. Egunkari guztiak ziren erdaraz, Internetik ez zegoen, egunkarietako notiziak itzuli egin behar izaten genituen… Oso gaitza zen euskaldunak topatzea elkarrizketak egiteko. Beti esaten genuen euskaldunak topatzen genituela herri kiroletako elkarrizketak egiteko, Iñaki Perurena eta abar, edo baserri mundukoak egiteko. Gaur egun, zorionez, asko aurreratu da, nahiz eta esan euskara gutxi egiten dela. Gaur edozein gai jorratu ahal da euskaraz, eta hori txalogarria da. Edozertaz egin ahal duzu berba, eta beti dago euskaldunen bat. Urteen poderioz lortu da. Orduan, kasete handi bategaz irteten ginen kalera; gaur, sakelako telefonoarekin egin daiteke dena. Oso komunikabide gutxi ginen; gaur, asko eta asko gara.

Lehenengo euskarazko irratsaio haiek zelako harrera izan zuten entzuleen artean?

Zorion agurren formatua hasi genuen. Nik esaten nuen: “Eta entzuleei aukera ematen badiegu deitzeko eta jendea zoriontzeko?”. Ezetz esaten zidaten, euskaldunak lotsorrak garelako, eta inork ez zuelako deituko irratira. Apurka-apurka, kostaldekoak hasi ziren deitzen; Lekeitio, Ondarroa, inguru horretakoak. Kresalagatik edo, barrualdekoak baino ausartagoak izan dira beti. Hurrekotasun hori sortu zen. Jendearen artean zabalduz joan zen, eta gero eta jende gehiago entzuten hasi eta deitzen. Berriak ginen. Orduan ez zegoen ezer euskaraz, ezta irrati publikoa ere. Dena zegoen asmatzeko, eta badirudi guk ondo asmatu genuela.

Adolfo Arejita ibili zen Herri Irratiko euskarazko irratsaio haietan. Ez dakit batera ibili zineten. Gaur egun, Bizkaia Irratian Euskara hobetzen tartea egiten duzue elkarrekin. Euskara traketsa egiten dugu?

Martxan ipini zutenetako bat zen, baina joana zen gazte taldea sartu ginenerako. Ez: oso euskara ona egiten dugu. Entzuleek asko hartzen dute parte saioan. Adolfok ez dakit zer berba aipatzen duenean, esaten digute eurenean ere esaten dela, edo zelan esaten den. Euren euskara baloratzen hasten dira, eta hori oso garrantzitsua da.

Bizkaia Irratian bizkaiera hutsean egiten duzue lan. Zer garrantzia dauka zuentzat euskalkiak?

Oso handia. Bizkaieraz sortu zen Bizkaia Irratia. Apustu hori egin zuen Elizbarrutiak, eta horrela jarraitzen dugu. Euskara asko daude, herrian herrikoa, baina gu ahalegintzen gara denok ulertzeko moduko bizkaiera landu batean berba egiten. Entzuleekiko hurrekotasun hori ematen laguntzen digu euskalkiak.

Belaunaldi gazteenen artean gero eta hedatuago daude podcastak eta musika entzuteko aplikazioak. Zelan erakarri daitezke irratira?

Gazteek aukera asko dituzte gaur egun. Lehen, euskarazko irratia entzun gura bazuten, aukera gutxi zituzten. Gaur egun, podcastak daude pil-pilean. Edozein gairi buruzkoak topa ditzakezu. Irratia bide horretatik joan beharko da, eta gazteak erakartzeko modua izan daiteke. Aldaketa betean gaude komunikabideak. Digitalizazioa dela eta, dena aldatzen ari da. Irratian gure bidea topatzen asmatu beharko dugu, baina hurrekotasuna galdu barik.

Bilbo Herri Irratiko euskarazko irratsaio haietan zorion agurrak bidaltzeko tartearekin hasi zinetela kontatu duzu lehen. Bizkaia Irratian oraindik ere eusten diozue saio horri, eta oso arrakastatsua da, gainera.

Gure saiorik zaharrena da. Askorentzat Bizkaia Irratia hori da; biak bat dira. Gustatu egiten zaie: auzokoa edo senideren bat zoriondu, euren izena irratian entzun… Beste batzuek ez dute zuzenean berba egin gura izaten, baina gehienek atsegin dute.

Beraz, zorion agur bako Bizkaia Irratirik ez da posible?

Eskutik doaz biak. Beste izen bategaz bada ere, nik uste entzuleek deitzeko eta parte hartzeko tarte bat izan behar dugula derrigorrean. Agian beste izen bategaz? Aukera bat izan daiteke, baina tarte hori behar da, hurrekotasuna ematen laguntzen duelako.

Deitzen dutenak edade batetik gorakoak izaten dira gehienetan. Gazteak erakartzeko zailtasunak dituzue?

Irratia beti bizi izan duen jendea izaten da. Whatsapp eta beste tresna batzuk erabiltzen dituzte; zorion agur asko jasotzen ditugu web orriaren bitartez, adibidez. Gazteek beste tresna batzuk dituzte, eta ez dute hainbeste behar irratia. Musika entzun nahi badute, hor dute Spotify. Kanta bat entzun gura dutenean, edadekoek irratira deitzen digute.

Ibilbide luzea egin duzu irratian, baina telebistan ere ibili izan zara: Euskal Telebistan.

Asteburuetako albistegietan hasi nintzen. Garai hartan hasi berri zegoen ETB. Ez zegoen lagun asko kazetari lanak egiteko. Urtebetez ibili nintzen; astelehenetik barikura, irratian, eta zapatu eta domeketan, telebistan. Gero irratian esan zidaten zazpi egunak irratian egiteko, eta irratira etorri nintzen. Telebistan ere asko aldatu dira gauzak, baina nik beti esan dut irratiak bat-batekotasuna duela, eta horrek erakartzen ninduen ni. Gaur egun telebistan ere badago bat-batekotasun hori, teknologia berriei esker: munduko edozein bazterretatik kontatu dezakezu azken orduko notizia bat, sakelako telefonoa erabilita.

Baina, hala ere, zuk gurago duzu irratia. Zergatik?

Nik behinola esan nuen moduan, telebistak irudien edertasuna dauka, baina irratian berbak irudi bihurtzen dira. Entzuleek nire ahotsetik ni zelangoa naizen irudikatu dute. Irratian zeozer kontatzen dutenean, irudimenaren magia martxan jartzen da.

Telebistan, Sustraia saioa ere aurkeztu zenuen hainbat urtetan, Luis Mari Bengoagaz batera. Zelan gogoratzen duzu esperientzia hura?

Lehen sektoreari lotutako saioa da; gaur egun ere ematen dute. Oso gustura ibili nintzen. Baserri mundua ere asko aldatu da. Lehen, zazpi edo zortzi behigaz familia osoa bizi zen, eta orain, profesionalak dira. Modernizatu egin dira, gaurkotu. Oso esperientzia polita izan zen Sustraia aurkeztea. Penaz utzi nuen. Gogoan dut behin 70 bat baserritarregaz Israelera joan ginela; arabarrak ziren gehienak. Gaur egun, hemen ere oso hedatuta dago tantakako ureztatzea, baina orduan ez zen ezaguna, eta han zelan egiten zuten ikustera joan ginen. Tel Aviven arrosak horrela ureztatuta ikusten ziren, eta oraindik ez dut ahaztu zer ederrak ziren. Kibuttzetan lurra zelan lantzen zuten ikusi genuen, eta ur faltari zelan egiten zioten aurre. Baserriko aldaketak bertatik bertara bizi genituen Sustraia-n.

Emakundera joateko utzi zenuen telebista, baina han ere komunikazio arloan ibili zinen.

Ez nuen denbora asko egin. Sasoi hartatik asko aldatu da dena: gaur egun berdintasunaren kontzientzia oso zabalduta dago. Esperientzia polita izan zen.

Orduan hasi zen andreen hilketez berba egiten, ezta?

Etxe barruan geratzen zen, eta ez zen salatzen. Ez gara konturatzen zenbateko aldaketa eman den horretan. Gero harritu egiten izan gara zenbat salaketa egoten diren ikustean, baina indarkeria hori beti egon da, ezkutuan bada ere. Berdintasunaren aldeko mugimenduak eta emakumeen taldeek lan handia egin dute.

Zer falta duzu irratian egiteko?

Orain goizetako magazina egiten nabil. Lehiaketa asko egiten nituen sasoi batean, eta oso gustura ibili nintzen, entzuleen parte-hartze handiagaz. Umeen programak ere egin ditut, musika saioak ere bai… Uste dut denetarik egin dudala urteotan. Pandemia dela eta, orain zientzia gaiak asko lantzen gabiltza, eta oso gustura nabil. Sarri esaten dut futbol partidak zuzenean kontatzea falta dudala bakarrik, baina ez, ez dut horretan hasteko usterik.