Erakundearen egoitza eta herriaren ikurra

Erakundearen egoitza eta herriaren ikurra

Ibai Maruri Bilbao

Jendeak uste du hau leku sinboliko bat baino ez dela, baina Gernikako Batzar Etxea indarrean dagoen erakunde baten egoitza da: Bizkaiko Batzar Nagusiena”, zehaztu du bertako teknikari Ainoa Erauzkinek. Erdi Arotik Bizkaiko herrien batzar leku izan da. Arbola ezagunaren ondoan zegoen ermitatxo bat erabiltzen zuten biltzeko. Txiki geratu zen, eta XIX. mendean egin zuten gaur egungo eraikina. Ordukoa da arbola atzeko tribuna ere; ekitaldi sinbolikoetarako erabiltzen da: Bizkaiko ahaldun nagusiek eta Eusko Jaurlaritzako lehendakariek karguaren zina egiteko. Jose Antonio Agirre lehendakariak 1936an zin egitean esandako berbak oroitarri batean daude.

Gaur egungo arbola 2015ean landatu zuten. Batzar Etxeko lorategietan dago gorde den arbolarik zaharrenaren enborra. 300 urte inguru ditu. “Haren eta gaur egungoaren artean beste bi egon dira. Denok ezagutzen dugun betiko arbola, 1860koa da bat. 2004an ihartu egin zen; ordezkoak ez zuen aurrera egin, eta oraingoa landatu behar izan zen”.

Edozelan ere, audiogida bidez egiten den bisita batzar aretoan hasten da. “Hemen egiten dira osoko bilkurak. Hemen onartzen dira Bizkaiko Foru Aldundiak bete eta betearaziko dituen foru arauak, eta hemen egiten da gobernuaren kontrola”, azaldu du Erauzkinek. Hormetan Bizkaiko jaunen irudiak daude. Ez daude denak: XIII. eta XIV. mendeetako jaunak dira; XIV. mendetik Bizkaiko jauna eta Gaztelako erregea pertsona bera ziren, eta, koadroak egitean, XVII. mendean, andrerik ez margotzea erabaki zen. Gaineko txarteletan foruen zina egin zuten datak ageri dira.

Gernika-Lumoko Batzar Etxea

Hala ere, koadrorik aipagarrienak ate nagusiaren gainean daude. Bizkaitarrek Fernando katolikoa erregeari 1476an egindako esku-musua Francisco Mendietak egin zuen, 1609an. “Ekitaldian egon ziren ahaide nagusiak eta herriak daude irudikatuta, baina herriak ekitaldian egon ziren alkateekin barik, herriotako andreen orrazkeren bidez ordezkatu zituen”. Gainean dago Anselmo Ginearen Bizkaiko jaun baten zin egitea, 1882koa. “Zin egitearen irudi idealizatu eta erromantikoa erakusten du”.

Batzar etxeak funtzio erlijioso eta politikoa izan du aldi berean. Ur bedeinkatuaren harriak eta aldarea han daude. 1876an foruak galdu arte, erlijiosoa eta politikoa eskutik joan ziren. 1979an Batzar Nagusien aro garaikidea hasi arte, soilik erlijiosoari eutsi zion. “Gernikako nagusienek gogoan dute mezatara etortzen zirela hona”.

Historiaren aztarnak

Beira-leihoaren aretoan daude ikusgai, esaterako, bozketetarako erabiltzen ziren zilarrezko bola batzuk, aginte makilak eta Jose Maria Iparragirreren gitarra. “Bizkaiko erakunde baten egoitza zena Euskal Herriaren sinbolo bihurtu zuen Gernikako arbola kantarekin”, dio Erauzkinek. Gustavo Maezturen margolan handi bat ere badago, Lirika eta erlijioa, 1870eko itsas ekaitz handi bati buruzkoa: 225 marinel hil ziren. 1985ekoa da sabaiko beira-leihoa: “Erakusten du Bizkaiko herrien topaleku sinbolikoa dela hau. Erdian arbola eta jarlekuak daude, lege zaharra eta Bizkaiko jarduera ekonomikoak; inguratzen, Bizkaiko herrien eraikin adierazgarrienak”.

Liburutegia ere ikusgarria da, kaobazkoa. Hasieran agiritegia zen. Bitrina batean dago forua ikusgai. Ibilbidea arbolapean bukatu aurretik, Batzar Nagusietako lehendakariaren bulego dotoretik igarotzen dira bisitariak.

Gernika-Lumoko Batzar Etxea