Sei plaza bertsolari gazteentzat

Sei plaza bertsolari gazteentzat

Ibai Maruri Bilbao

Plazara gazteen bertso zirkuituaren bigarren aldia bihar hasiko da, Gernika-Lumon. Ekainera bitartean, hilero bertso saio bat egingo dute, herrialdeko eskualdeetako batean. Hurrengo saioak zehazteko daude. 1996. eta 2003. urteen artean jaiotako 27 lagunek eman dute izena. Parte hartzaileak, kantuan aritzeaz gain, antolatzaile ere izango dira, Bizkaiko Bertsozale Elkartearekin batera. “Gazte bakoitzari plaza bat eskaintzen zaio, bere eskualdean edo handik kanpo, baina plaza horren truke, berak bere eskualdeko saioa antolatzen parte hartu beharko du”, azaldu du zirkuituaren koordinatzaile Idoia Anzorandiak. “Bertsozale elkartetik izen ematea kudeatzen dugu, saioen zozketa egiten dugu, informazioa bidaltzen diegu, baina hortik aurrerako guztia oso autonomoa izaten da”.

2020an ahalegindu ziren Plazara martxan jartzen, baina COVID-19aren pandemiak 2021era atzeratu zuen lehen ekitaldia. Otsailetik ekainera bitartean, zazpi bertso saio egin zituzten; 27 bertsolarik parte hartu zuten. “Oso arrakastatsua” izan zela esan du Anzorandiak. Zirkuitua bukatutakoan, Bizkaiko Bertsozale Elkartekoak eta parte hartzaileak balantzea egiteko elkartu ziren. “Helburuak bi dira: batetik, gazteen plazaratzean eragitea, eta, bestetik, gazteen arteko sarea indartzea. Begi bistakoa da lehenengoa lortu genuela, baina haiek esan ziguten bigarren helburua ere nolabait bete zela. Askok zirkuituan elkar ezagutu zuten, eta bertsolari gazteagoek nagusiagoekin bertsotan aritzeko aukera izan zuten”. Haren emaitza ikusita, aurtengoa ere ildo beretik joango dela esan du.

Plazak, urrituta

Anzorandiaren arabera, bertsolari gazteentzat ez da erraza plazak lortzea, batez ere izurri garai honetan zirkuitu informala desagertuta dagoelako.

Bertsolaritzak badu harrobia Bizkaian, eskolarteko txapelketetan ikusten denez. 18 urte betetzean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan izaten dute lehiatzeko aukera. Anzorandiak esan du batzuei salto hori ematea kostatu egiten zaiela. Hala ere, iazko txapelketan ikusi zen Bizkaiko bertsolari gazteak indartsu daudela. “Gazteak beti etortzen dira indartsu”. Lan handia egin izanaren emaitza dela iruditzen zaio. “Ilusio handia dago bertsolari gazteen artean. Asko elkartzen dira bertsotan aritzeko. Bertso eskolen artean ere badago harremana, eta entrenatzeko elkartzen dira”.

Bukatutakoan egingo dute aurtengoaren balantzea, baina Bizkaiko Bertsozale Elkarteak Plazara zirkuituak iraun dezan nahi du. “Gazteek beraiek esan beharko dute, baina orain arte erakutsi duten interesarekin, seguru nago zirkuitu honek bere ibilbidetxoa izango duela”.