San Blas eguneko azoka egingo dute Abadiñon, eguenean

I. Maruri Bilbao

Udazken eta negu parteko feria nagusiak bertan behera geratu dira, COVID-19aren izurriagatik: Gernika-Lumoko urriko lehen eta azken astelehenetako azokak, Bilboko San Tomas azoka eta Mungiako San Antontxu egunekoa, besteak beste. Abadiñoko Udalak San Blas egunekoa egitea erabaki du, baina egokituta. Ez da ohiko jai eguna izango, azoka eta produktuen erakusketa bakarrik egingo delako; ez da kultur programaziorik, kale animaziorik eta txosnarik egongo.

Iazkoa bertan behera utzi ondoren, Abadiñoko Udalak modu horretan egitea erabaki du aurten, Durangaldeko eta Bizkaiko lehen sektorearen erreferentziazko ekitaldia delako. “2021ean azoka bertan behera uztea erabaki zaila izan bazen, aurten ere zaila izan da berriro egitea erabakitzea, baina gure lehen sektorea babestu behar dugula uste dugu, une izugarri gogor eta zail honetan”, esan du Mikel Garaizabal alkateak. “Horregatik, indarrean dauden osasun neurriak zorrotz bete ditzatela eskatzen diegu herritarrei, abadiñarrentzat hain berezia den ekitaldi hau normaltasunez egin ahal izan dezagun”.

San Blas azokak aire zabaleko lau gune bereizi izango ditu, pilaketarik ez izateko. Ohi bezala, gune nagusia trinketeko aparkalekuan egongo da, eta bertan egongo da nekazaritza merkatua: gazta, eztia, ogia, txakolina, sagardoa, barazkiak eta enparauen ekoizleen erakusmahaiak egongo dira; 80 inguru izango dira. Artisautza azoka feria leku inguruko aparkalekuan egongo da, hogei erakustoki ingururekin. Trinketearen atzeko aldean karpa irekiak jarriko dira abeltzaintza erakusketarako eta landare haztegietatik etorriko direnentzat. Azkenik, Gaztañodi parkean nekazaritzako makineria eta tresneria egongo da ikusgai.

Idi probak arratsaldean

San Blas eguneko ikurra santuaren izena duten opilak eta erroskillak dira, baita sama inguruan jartzen diren bedeinkatutako koloretako kordelak ere. Produktu horiek guztiak saltzen dituzten postu tradizionalak egongo dira, kopurua mugatu bada ere, baina aurten ez dute txosnarik baimenduko. Jaietako egitaraua bertan behera geratuko den arren, urtero legez, udal probalekuan idi probak izango dira arratsaldean, neurri berezikien: %60ko edukiera muga ezarri du udalak, eta COVID ziurtagiria aurkeztu beharko da bertara sartzeko.