Sagardoa %10-20 inguru garestitu da

Sagardoa %10-20 inguru garestitu da

Ibai Maruri Bilbao

Bizkaiko Sagardoa elkarteko kideek uzta berria aurkeztu dute. 100.000 litro ekoitzi dituzte: iaz baino %28 gehiago. Izan ere, sagar urtea izan da 2021a. Uzta bat ona eta hurrengo urtekoa eskasa izaten dituen fruitua da sagarra; iaz ona tokatzen zen, eta eguraldiak ere lagundu zuen, gainera. Oro har, aurtengo edaria arinagoa da, alkohol graduazio baxukoa, eta ezaugarri aromatiko “interesgarriak” ditu. “Erabilitako sagar motaren arabera, bakoitzak bere nortasuna duen sagardoa lortuko dugu”, zehaztu du Bizkaiko Sagardoa elkarteko lehendakari Jose Antonio Zamalloak. Prezioa %10-20 inguru garestituko da aurten. Azpimarratu du sagardoaren ekoizpenak tokiko ekonomia sustatzen duela: lanpostuak eta aberastasuna sortzen dituela. “Prezioak igo egin dira. Produktua aurrerantzean ere errentagarria izateko, produktuaren prezioa igo egin behar da; sektorea mantentzeko ezinbestekoa da”.

Azken bi urteak ez dira errazak izan ekoizleentzat. “Hala ere, sagardoaren sektoreak egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko konpromisoa hartu du”. Bide horretan emandako pausoak gogorarazi ditu: besteak beste, Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren esparruan egin duten Plan Estrategikoa, “lehen sektorea, tokiko sagarren ekoizpena eta ekonomia zirkularra aktibatzeko helburuarekin”.

Orain, kontsumitzaileen babesa behar dute. Hori lortzen laguntzeko, urtero legez, Bizkaiko Sagardoa elkarteak enbaxadore berria aukeratu du. Dimako Garena jatetxeko sukaldaria aukeratu dute zeregin horretarako: Julen Baz 2021ean Michelin izarra eskuratu du. Sukaldariak esan du Bizkaiko sagardoaren enbaxadorea izatea “ohorea eta pribilegioa” dela. “Urte zailak igarotzen ari gara, eta guztion artean lagundu behar diogu elkarri. Niretzat oso garrantzitsua da horrelako une batean sagardoaren Bizkaiko sektorearekin egotea. Nire babes osoa dute, badakidalako nolako ahalegina egiten duten kalitate handiko produktua mantentzeko”, aitortu du Bazek.

Ostalaritza sektoreak garai zailak bizi izan ditu pandemiagatik, eta horrek eragin zuzena izan du sagardoaren kontsumoan. Azoka ugari bertan behera uzteak ere ez dio lagundu sagardoari. Zamalloaren esanetan, “kalitatezko produktua” eskaintzea da bezeroak berreskuratzeko biderik zuzenena: “Kontsumitzaile fidel gehiago irabazten jarraitzeko eboluzionatzen jarraitzen duen produktu bat eskaini behar dugu ekoizleok”.

Denboraldia, “seguru”

Urtarrilarekin batera, sagardotegi garaia hasi da Bizkaian. Iazkoa “gogorra” izan zen, izurriari aurre egiteko ezarri ziren neurriek baldintzatu zutelako. Aurtengoa ere ezohikoa izango da, oraingoz. Unean-unean Eusko Jaurlaritzak ezarritako segurtasun neurriak bete beharko dituzte. Gaur-gaurkoz indarrean dagoen araudiaren arabera, sagardogileek eramango dute mahaira sagardo berria, pitxerretan edo botila gardenetan eta dagokien etiketa eta informazioarekin. Etiketa bakoitzean upelaren zenbakia egongo da, bezeroak une bakoitzean jakin dezan zer sagardo dastatzen ari den; gainera, upelera joan ahal izango da, sagardo gehiagoren bila. “Sagardo denboraldia lasaitasun osoz eta bezeroarentzako konfiantzaz gozatzeko, eskatzen dizkiguten segurtasun neurri guztiak hartuko ditugu”, esan du Zamalloak.