Hondarrak batu iragana ezagutzeko

Hondarrak batu iragana ezagutzeko

Amaia Igartua Aristondo

Harrigarriki, hondakinen zientzia bat da arkeologia. “Objektu batek ez duenean baliorik giza talde batentzat, bota egiten da, eta hori da arkeologoek topatzen duguna”, Iñaki Garcia Camino Bilboko Arkeologi Museoko zuzendariaren arabera. Mendeetan baztertuak izandako elementuek balioa berreskuratzen dute orainaldian: gizakien iraganaren inguruko galderetako batzuei erantzuten laguntzen dute, antzinako bizimoduari eta ohituren sorrerari argia ematen. Hain justu, behiala hondartzat hartutako elementu horiek osatzen dute Arkeologi Museoa.

2009an sortu zen, leku faltak bultzatuta: material arkeologikoen gordailua txiki geratu zen, eta, gainera, horien kudeaketa beste modu batean egiteko premia zegoen, Garciaren hitzetan. Izan ere, erakusketak biltzeko eta zabalpen lanerako leku bat izateaz gain, museoa ikerketa zentro bat ere bada, Bizkaiko lurraldearena, zehazki. Hori horrela, baldintza eta egitura bereziak behar ziren —ikerketa gelak eta biltegi egokiak, besteak beste—.

Metodologia arkeologikoen bidez ateratako material denak eramaten dira museora, eta ikerlarien esku geratzen dira. Behin miaketak egin eta ondorioak argitaratuta, museoan erakusten dituzte asko. Garciak dio arkeologia Paleolito garaiko zantzuak ikertzearekin lotu izan dela sarritan, baina edozein garai ikertzeko balio duela; hortaz, denbora tarte zabal-zabala hartzen dute museoko objektu, tradizio eta azalpenek. “Erdi Paleolitotik gaur egunera arte”, zuzendariak zehaztu duenez.

100.000 urte inguru dituzten tresna batzuk dira museoko piezarik zaharrenetakoak: Uribe Kostan aurkitutako bi aurpegiko harrizko piezak, “edozertarako balio zutenak”. 36ko gerrako kontserba latak dira modernoenetako batzuk, Artxandako batailako lubakietatik ateratakoak.

Arkeologi museoa 2

Arkeologiaren garapena

Gaur egungo baliabide teknologikoek ere toki nabarmena dute Arkeologi Museoan. Kanpoko kolaborazioen laguntzarekin, hala nola EHUrekin eta beste ikerketa zentro batzuekin elkarlanean, karbono-14 proba egiten diete piezei, materialak aztertzeko, esaterako. Orobat, aspaldi bereganatutako aurkikuntzak berriro aztertzen ari dira, duela 50 edo 30 urte ezezagunak ziren aldeak ezagutzen ari baitira teknika berriei esker, zuzendariak dioenez. “Adibidez, Jose Miguel Barandiaranek berreskuratu zituen bildumak ikertzen ari dira orain, batzuk duela ehun urtekoak”.

Bildumak nola gorde ere ikertzen dute Bilboko museoan. Zantzu arkeologikoak gaur egungo ikerlarien esku daude, baina etorkizunekoentzat ere erabilgarriak izan daitezen dute xede; beste horrenbeste bisitariei dagokienez. “Gure misioa da aurkikuntza horiek datozen belaunaldietakoei transmititzea”. Material “delikatuak” izanik, “baldintzarik onenetan kontserbatu ahal izateko esperimentatu behar da”.

Teknologia digitalek ere laguntzen dute horretan. “Digitalizazioak eta hiru dimentsiotan egindako erreplikek modua ematen dute pieza xehetasun guztiekin dokumentatzeko, eta hura helarazten laguntzen dute”. Hori horrela, ez dute pieza zuzenean lantzen. “Ikertzaileek atera zen modu berean topatzen dute. Eta berriztatzeak errepliketan egiten dira orain”.

Arkeologi museoa 3