‘Antoine nahasia’

Eskiatzaileek maldan beherako zutoinekin nola, halantxik ibili naiz birusari izkin egiten. Kutsatutako lagun bati eslalom, sintomekin hasitako lankide bati eslalom, familiako kideari eslalom. Ia urte bi iraun duen eskapada konstantea, harik eta birusak atea kax-kax jo didan arte. Hartu ditxosozko makilatxoa, lehertu sudur-zuloak, eta… marra bi. Positive Bomb. Hortik aurrerako egunak Joxe Ripiauren antzera egin ditut. Netflixeko Paradisu Zineman sartuta, Ai Margarita pizzak jaten eta Pedro Mayo txokolatearekin haginak lohitzen.

Eta hor, etxeko sofari ipurdiaren forma emateko saio amaigabean, zalantzak. Antoine Nahasia. “Positiboa benetakoa izango ote da?”. “Ez da ba positibo faltsu horietako bat izango, ezta?”. “Behar beste sartu ote dut makilatxoa?”. “Eta testa errepikatuko banu?”. Antigenoak marratxo bi argiki erakutsi arren, egia gezurtatzeko bulkada sentitu dut. Joan zen zapatuan Bilbon egindako manifestazioaren albisteak irakurtzean ere, gauza bera. Dudak. Ugari. COVID ziurtagiria indargabetzeko eskakizunarekin ados, baina pankarta horien atzean pilatzen diren beste hainbat mezurekin desados. Manifara hurbildutako ezagun, auzokide eta lankideekin, eroso. Baina manifestaziora joan direla txiokatu duten herritar atzerakoi piperpoto zaleekin, deseroso. Pankartaren zati bat nire ideia soziopolitikoen aurrez aurreko arerioa izan daitekeen horrekin partekatzearekin, mesfidati. Iluntzeko albistegiak ikusita, beste horrenbeste. Duda-muda eta angula-mangula. Agintariek neurriak arinduko ei dituztela. Birusak beherako joera hartu ei duela. Seigarren olatu hau azkena ei dela. Laugarren dosia etorriko ei dela. Ei, ei, ei, ei. Fidagarritasuna noraezean, zerumugara oihuka. Baina oihartzunak erantzun garbirik itzuli ez.

Ignacio Ramonet kazetari eta pentsalariak dio populismoak eta albiste faltsuek egia erlatibizatzea lortu dutela: “Zuk zure egia baldin baduzu, nik nire egia dut. Gura beste zifrarekin eta estatistikarekin argudiatu arren, ez zait zure egia interesatzen. Nik nire egia daukat. Eta milioika herritarrek sinesten dute nire egian; zenbaitetan, zure egia zientifikoan baino gehiago”. Berbok izurri garaiotara ekarrita, interpretatu daitezke urte bian jasotako informazio gaindosiaren ondorio legez. Zein da “egiazko” informazioa? Berriro sentitzen zaitut, Antoine Nahasia. Noraezean zabiltza, Antoine Nahasia.

BERRIAn irakurri dut hiriburuetan mobilizazio jendetsuak egin dituztela osasungintza publikoa eta lehen arreta indartu ditzatela eskatzeko. Eta horixe iruditu zait, zalantzaz beteriko itxialdi honetan, helduleku logiko eta ziurra eskaini didan planteamendu bakarrenetakoa. Lehen arreta topera badago, ipini baliabide gehiago. Osasun larrialdian bagaude, inbertitu osasungintzan. Eureka! Agur, Arkimedes. Agur, Descartes. Zalantzen artean ziurtasun bat egonkortu baitut, deskartez. Itxialdia bukatuta osasungintza publikoa aldarrikatzera irtengo naiz. Eta zer demontre. Joxe Ripiaurekin ere geratuko naiz pote bat hartzeko. Karpe diem!