Zazpi mende areto bakarrean

Zazpi mende areto bakarrean

Amaia Igartua Aristondo

Agertoki batean dago kokatuta, kolore zuri, urdin eta horidun soineko dotore batekin jantzita. Iduneko oparo bat du lepoan, eta orri mardul bat eskuetan. Hain justu, azken elementu hori da beste dena baino deigarriagoa, kasik; bai esanguratsuagoa, behintzat: Portugaleteren hiri gutuna da, zehazki. Hura irakurtzen ari da Maria Diaz Harokoa, hiribildua sortzen, atzean zaldun bat duela eta inguruetan, harrigarriki, udalerriaren historiako beste une edo toki nabarmenenak. 1322. urtea da, baina orobat da XIX. mendearen bukaera, eraikitzen ari diren Bizkaiko Zubiak iradokitzen duenez; baita 2007a ere, Bilboko metroa heldu berri delako.

Portugalete sortu zenetik 700 urte beteko dira 2022an, eta efemeridea ospatzeko ekintza mordoa antolatu dituzte udalak eta bertoko hainbat elkartek; horietako bat da hiribilduaren historia laburbiltzen duen erakusketa, playmobil piezekin egindakoa (100.000 inguru erabili dituzte, guztira): Portugalete eta playmobil. Itsas-hiriaren 700 urteak. Rialia industria museoan bisitatu ahal izango da otsailaren 18ra bitarte, laugarren solairuan. Euskoplay elkarteak ondu eta muntatu ditu dioramak, eta museoak informazio osagarria paratu du haien oinean, testuinguru historikoa osatzen duten 32 panel ingurutan; halaber, bisita gidatuak eskaintzen dituzte.

Click deritze playmobilko panpinei, eta horien zaleek osatzen dute Euskoplay; museoak enkargatu izan die pieza horiekin egindako erakusketak aurretik, eta Portugaleteren zazpi mendeak ospatzeko ere balio zezaketela otu zitzaien. “Luis Fernandezek egiten zituen erakusketa horiek, baina egiteari utzi dio. Hark jarri gintuen harremanetan museokoekin”, azaldu du Roberto Diaz Euskoplay elkarteko presidenteak. Udalerriko unerik eta elementurik garrantzitsuenen zerrenda bat aurkeztu zieten museokoei, haiek beste batzuekin biribildu zuten aukeraketa, eta lanari ekin zioten, iazko apiril-maiatzean. Azaroan bukatu, eta abenduan ireki zuten erakusketa.

Playmobil 2

Guztira, hamabost lagun inguruk hartu dute parte proiektuan. Diorama batzuk pertsona bakarrak ondu ditu, eta beste batzuk talde lanaren emaitza izan dira; badaude muntaketarako laguntza eskaini dutenak, baita piezak utzi dizkietenak ere. Eta, behar artistikoaz gain, dokumentazio lan sakona egin dutela dio Diazek: Internet ezinbestekoa izan zaie, eta, batik bat, El Mareómetro bloga, El Abra fundazioarena; herriko artxiboko arduradun baten laguntza ere izan dute.

“Oso zaila da denaz hitz egin ahal izatea”, Diazen iritziz, aretoaren 80 metro koadroek mugatu baitute asmoa. “Esanguratsuena islatu dugu, eta dokumentazioak lagundu digu ahalik eta identifikagarriena izan dadin”. Dioenez, Playmobilek gai asko ditu, izan ditzakeen mugak gorabehera, eta click-ak erraz egokitu daitezke. “Horretarako, behar dira piezak desmuntatu, uztartu botadun hanka batzuk enbor zehatz batekin, bibotedunak edo bizardunak, ilehoriak… Elkarrengandik bereizteko, ez daitezen denak berdinak izan”.

Playmobil 3

Ibilbide historikoa

Lau eremutan antolatu dute erakusketa, eta bosgarren diorama txikiago bat kokatu dute aretoaren erdigunean. Diaz arduratu da hasierako garaiei dagokienaz, gazte portugaletetar batekin batera: hiribilduaren sorrera, Salazar dorrea eta Isabel I.a Gaztelako erreginaren bisita biltzen ditu, besteak beste. Eraikitzen ari diren eliza bat ere ikus daiteke, hori eskatu baitzuen Diaz Harokoak hiri gutunean, Aner Mentxaka museoko arduradunak azaldu duenez. Baita txakolinaren ekoizpenarekin lotutako irudiak ere, jarduera ekonomiko garrantzitsua izan baitzen XIII., XIV. eta XV. mendeetan.

Bigarren dioramak XVIII. eta XIX. mendeak ditu hizpide, arduradunak dioenez. Esaterako, gerra karlistak eta itsasadarreko merkataritza ageri dira. “Ikusten da nola sartzen ziren itsasontziak ibaian gora kargatzera eta deskargatzera, nola gertatzen ziren istripuak, nola errazten zuten itsas garraioa armadoreek…”.

Hirugarrena ere XIX. mendean murgiltzen da. Burdinazko dikea ikus daiteke, eta, barrurago, egun desagertuta dagoen hondartza. “Garai batean, Portugalete burgesiaren feudo txiki bat izan zen”, dio Mentxakak. Itsasadarraren ertzean, berriz, antzeman daiteke artean eraikitzen hasia baino ez zuten elementu bat: Bizkaiko Zubia.

Playmobil 4

Hura inguratzen, eraikin andana bat, xehe islatu dituztenak, Diazek dioenez. “Bizkaiko Zubiaren dioraman etxe asko daude, eta buelta asko eman behar izan zaio inguruaren antza izan zezan: hotelak, etxebizitzak, portua, paseoa, elementu horiek kokatzeko modua…”. Laugarren dioraman, argiago ikusten da hondartza.

Antzinakoa eta modernoa

Portugaleteko usadio, ogibide, giro eta eraikuntza klasikoen bilduma bat eskaintzen du erakusketak, baina, halaber, garraiobideen garapena ere islatzen da diorametan. Askotariko itsasontziek betetzen dute itsasadarra; horietako baten bat hondoratu egin da arrezifeak edo hareazko barra jo ondoren; trena heldu da udalerrira aretoko beste bazter batean, eta metroa ere iruditu zaie mugarri hiribilduaren historian.

Hain justu, bosgarren diorama erabili dute metroaren Portugaleteko geltokia irudikatzeko. Gainontzekoak baino nabarmen txikiagoa da, eta lepo dagoen eremu bat agertzen du, bagoiek eta ikusle andana batek betetako tokia. “Metroaren diorama landu duen kideak kalkatu egin ditu dantzariek inaugurazio egunean zeramatzaten jantziak”, Diazen hitzetan. Xehetasunak, baina baita interpretaziorako tarteak ere.

Playmobil 5