Txakurrak solte ibiltzeko hiru eremu egokituko dituzte Sopelan

Iturrieta parkean, Etxebarri kaleko parkean eta Iberrotan kokatuko dituzte espazioak, eta datozen asteetan irekiko dituzte. EH Bildu ez dago ados hiru guneak mugatzearekin.

Natalia Salazar Orbe

Gero eta gehiago dira etxean txakurrak hartzen dituzten herritarrak. Nabaria da kalean ondoan animalia daramatenen gorakada. Ez da irudipen hutsa, datuek ere hori bera baieztatzen dute. Hala azaldu du Sopelako Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotzi Ignacio Moreno Lopezek: “Bizkaiko udalerri gehienetan txakurren populazioa asko hazi da azken urteetan. Sopela ez da atzean geratu. Guztira, 2.600 txakur inguru daude erroldaturik herrian, eta 420 katu”. Egoera horren aurrean, txakurrak uhalik gabe, solte, ibili ahal izateko hiru eremu egokituko dituzte Sopelan. Horrez gain, kaleko katuen populazioa kontrolatzeko neurriak ere hartuko dituzte.

Herriko txakur jabeek egindako eskaeretatik abiatuta, udalak animaliak eduki eta babesteko ordenantza arautzaile berria onartu du oraintsu. Irailean kontsulta publiko bat egin zuten eguneratu behar ziren puntuei buruz. Herritarren ekarpenak jaso zituzten, eta, udalak jakinarazi duenez, ondokoak dira, funtsean, ordenantza berriak jaso dituen aldaketak: katuen kolonien kontrola, txakurrentzako aisialdirako guneak mugatzea, animalien eta herritarren arteko bizikidetza bultzatzea, eta administrazioan hizkuntza inklusiboa erabiltzea.

Eskari horietan oinarrituta egokituko dituzte Sopelako hiru eremu txakurrentzat. Bat Iturrieta parkean egongo da, frontoiaren ondoan; Etxebarri kaleko parkean jarriko dute beste bat, eta, hirugarrena, Iberrotan, ekaitz tankearen ondoan. Datozen asteetan egongo dira hirurak erabiltzeko prest.

Herrian badago jada txakurrentzako parke bat, Sipiri kalean. Sipiri kalekoa agility parke bat da, eta zirkuitu batez osatuta dago: pasabideak, slalomak edota luzera eta altuera jauziak egiteko elementuak ditu, besteak beste. Animaliok uhalik gabe ibiltzeko egokitutako espazioek, ordea, bestelako asmoa dute.

Orain egokitzen ari diren eremuak herriko zenbait berdegune dira. Txakurrak solte ibili ahal izateko hesitu egingo dituzte espaziook. “Metro bat eta erdiko altueradun hesiak izango dituzte, txakurrek salto egin ez dezaten. Sartu eta irtetzeko ate bana izango dute”, esan du Moreno zinegotziak. Eta sarreran parkeon erabilera, bizikidetza eta aplikazio arauak zehazten dituen informazioa jasoko dute.

KATUEN KOLONIAK KONTROLATZEKO KANPAINA

Ordenantza berria EAJren eta PSE-EEren botoei esker onartu zuten, behin-behinean. Oposizioko taldeak abstenitu egin ziren. Orain alegazio epea irekiko da. EH Bilduk abstentzioa eman zuen, uste baitu espazioak ez direla hesitu behar, eta eremuen erabilera ere ez dela mugatu behar. “Guretzako inportantea da zer-nola uztartzen diren animalien bizimodua eta pertsonen arteko harremanak”, adierazi du Mikel Tapia EH Bilduko zinegotziak. Guruzne Carrasson taldeko zinegotziak azaldu duenez, “eremu egokiagoak” daude erabilera mistorako; “ez duguna nahi da eremuok hesi altuekin ixtea eta soilik animalientzako mugatzea”.

Elkarbizitzarako espazioen aldeko apustua egin dute. Horretarako, txakur-jabeei erantzukizuna eskatu die Tapiak: “Txakurrek jabeen ardurapean eta kontrolpean egon behar dute”.

Katuen kontrola

Kaleko katuen populazioa kontrolazeko hamahiru etxola jarriko ditu Sopelako Udalak herrian zehar. Horietan utzi ahalko da katuak elikatzeko janaria. Moreno Obra, Hirigintza eta Ingurumen zinegotziaren esanetan, “katu kolonia asko gutxi kontrolatu dira. Kolonia horiek kontrolik gabe elikatzeko joera dute askok”.

Horrez gain, HEU metodoa ere jarriko dute abian; alegia, katuak harrapatu, esterilizatu eta itzultzeko metodoa. “Frogatuta dago HEU metodoa dela aske bizi diren katu kolonietako populazioa kontrolatzeko metodo integral eta etiko bakarra”, dio Morenok. EH Bilduk iuste du erregulazioak zehaztapena behar duela: besteak beste, nork eta zer-nola elikatuko dituen katuak.